Ordiziako Gaztetxeak 25 urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta antolatu du
Ordiziako Gaztetxeak 25 urte beteko ditu aurten eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldi sorta antolatu du Ordiziako Gazte Asanbladak. Urtarrilean hasiko dituzte aurreneko ekitaldiak. Kantu afaria, bertso bazkaria eta kontzertuak izango dituzte datozen asteetan. Tartean, Gaztetxeak argitaratuko duen Goierriko musika taldeen diskoa aurkezteko emanaldiak. Gaur arratsaldean Gaztetxearen atarian egin duten agerraldian, «urte hauetan guztietan Gaztetxean lanean» aritu direnei esker ona agertu nahi izan diete Gazte Asanbladako egungo kideek. «Guztion presentzia eta partehartzea beharrezkoak izan dira eta aurrerantzean ere horrela izaten jarraitzea espero dugu». Lan horretan aritu badira, «mundu indibidualizatu eta kontsumista hau aldatzea posible ikusten dugulako» izan dela diote. «Beste gizarte eredu bat lortzea posible dela uste dugu; solidarioa, injustiziak salatuko dituena, denontzat berdina eta gurea izango dena». Zentzu horretan, «gazteok pairatzen ditugun zapalketak salatzen» jarraituko dutela azaldu zuten. «Etxebizitza eskubidea zor zaigu, euskal curriculuma, prekarietatearekin bukatzea…». Azken finean, gazteekiko «errespetua» aldarrikatzen dute. Urteurreneko asmoak eta urtarrileko egitaraua aurkeztuz hasi dituzte aurreneko ekitaldiak, baina gazteek ez ezik, herritar guztiek parte hartzea espero dute. Izan ere, 25 urteotan herritar asko izan dira Gaztetxean biltoki izan dutenak. «Horregatik eta beste mila arrazoiengatik, ziur gaude ospakizun hau ez dela gurea soilik izango, herriak eta herritarrok ospatuko duguna baizik» esanez bukatu zuten. Urteurreneko kanta Ordiziako [...]
Ordiziako Gaztetxeak 25 urte beteko ditu aurten eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldi sorta antolatu du Ordiziako Gazte Asanbladak. Urtarrilean hasiko dituzte aurreneko ekitaldiak. Kantu afaria, bertso bazkaria eta kontzertuak izango dituzte datozen asteetan. Tartean, Gaztetxeak argitaratuko duen Goierriko musika taldeen diskoa aurkezteko emanaldiak.
Gaur arratsaldean Gaztetxearen atarian egin duten agerraldian, «urte hauetan guztietan Gaztetxean lanean» aritu direnei esker ona agertu nahi izan diete Gazte Asanbladako egungo kideek. «Guztion presentzia eta partehartzea beharrezkoak izan dira eta aurrerantzean ere horrela izaten jarraitzea espero dugu». Lan horretan aritu badira, «mundu indibidualizatu eta kontsumista hau aldatzea posible ikusten dugulako» izan dela diote. «Beste gizarte eredu bat lortzea posible dela uste dugu; solidarioa, injustiziak salatuko dituena, denontzat berdina eta gurea izango dena». Zentzu horretan, «gazteok pairatzen ditugun zapalketak salatzen» jarraituko dutela azaldu zuten. «Etxebizitza eskubidea zor zaigu, euskal curriculuma, prekarietatearekin bukatzea…». Azken finean, gazteekiko «errespetua» aldarrikatzen dute.
Urteurreneko asmoak eta urtarrileko egitaraua aurkeztuz hasi dituzte aurreneko ekitaldiak, baina gazteek ez ezik, herritar guztiek parte hartzea espero dute. Izan ere, 25 urteotan herritar asko izan dira Gaztetxean biltoki izan dutenak. «Horregatik eta beste mila arrazoiengatik, ziur gaude ospakizun hau ez dela gurea soilik izango, herriak eta herritarrok ospatuko duguna baizik» esanez bukatu zuten.
Urteurreneko kanta
Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurrena ospatzeko, Goierriko 45 talderen kantuak jasotzen dituen diskoa argitaratuko dute. Aurkezpen moduan, diskoan parte hartu duten hamahiru taldek, herriko sei tabernatan eta Gaztetxean joko dute hilaren 22an. Diskoa bera ere, tabernetan jarriko dute. Egun horretan joko dutenen artean dago Laket taldea. Beraiek egin dute urteurreneko Bidea egiten kanta, Aitor Sarriegi bertsolariaren hitzekin. Kanta bera eta bideokliparen making off-a ikusgai daude Youtuben.
URTARRILEKO EGITARAUA
- Ostirala. 21:25ean, afaria eta karaokea.
- Larunbata. Bilboko manifestaziora joateko deialdia.
- Urtarrilak 14. 22:00etan, mus eta Ping-Pong txapelketak.
- Urtarrilak 15. ‘Bonba eguna’. Goizean, triki-bertsopoteoa. Eguerdian bazkaria bertsolariekin. Ondoren, Gaztetxeko panpinaren aurkezpena. 22:15ean, kontzertuak: Deaf Squad eta Steel Knucles.
- Urtarrilak 22. Gaztetxeko diskoaren aurkezpena. Herriko tabernetan, diskoan parte hartu duten taldeen kontzertuak.
- Urtarrilak 27. Hileroko zine emanaldi kritikoen barruan, La flor del desierto filma eskainiko dute 19:00etan. Ondoren, mahai ingurua egingo dute.
- Urtarrilak 28. Ikasle ertainen eguna dela eta, jaia Gaztetxean.