Pilota eta trontza desafioa antolatu dituzte Zaldibian urtarrilaren 15erako
Pilota, trontza eta bertsolaritza batuko dituen jaialdia antolatu dute aurten ere Zaldibian. Almitza sega elkarteak urtarrilaren 15erako prestatu du ikuskizun berezia, iaz bezala Mikel Goñi pilotari oronoztarra gonbidatu eta herriko bi gazteren aurka lehian jartzeko. Trontzalarien erronkarekin osatuko dute jaialdia. Zaldibiako Sasipilotari herriko pilota lehiaketan finalista izan diren Harri Zumaldek eta Xabier Irastortzak osatuko dute bikotea Goñiri aurre egiteko. Lau koadro eta erdian jokatuko dute. Iazko ikuskizun arrakastatsuan –frontoia leporaino bete zen– Goñik hiruren kontra jardun zuen frontoi osoan; Zumalde, Irastortza eta Juantxo Koka. 25 eta 20 irabazi zien oronoztarrak. Jokoaren formatua zerbait aldatuko dute, bat biren kontra eta kaiolan ariko direlako. Baina ikuskizuna emateko osagai guztiak mantenduko ditu. Pilota desafioa girotzeko eta botilero lanak egiteko bi bertsolari izango dituzte lagun: Julio Soto eta Sustrai Colina. Atsedenaldietan bertsozko aholkuak emango dizkiete partidan zehar. Trontzalari txapeldunak Aurreko urteko jaialdia pilota desafioak bakarrik osatu bazuen, aurten osagarri dotorea erantsiko diote. Abuztuan Berrobin Euskal Herriko trontzalari txapeldun atera ziren Lurdes Intxausti idiazabaldarra eta Josune Gorostidi gazteluarra batetik, eta Xabat Garmendia eta Eneko Aristi zaldibiar gazteak bestetik ariko dira arpanarekin. Zaldibiarrek Ardiki Egunean egin zuten jendaurreko erakustaldia, Amezketa-Zaldibia arteko herri kirol desafioan. Trontzalariak eta Almitzako kideak atzo elkartu ziren Idiazabalen proba txiki bat egin, [...]
Pilota, trontza eta bertsolaritza batuko dituen jaialdia antolatu dute aurten ere Zaldibian. Almitza sega elkarteak urtarrilaren 15erako prestatu du ikuskizun berezia, iaz bezala Mikel Goñi pilotari oronoztarra gonbidatu eta herriko bi gazteren aurka lehian jartzeko. Trontzalarien erronkarekin osatuko dute jaialdia.
Zaldibiako Sasipilotari herriko pilota lehiaketan finalista izan diren Harri Zumaldek eta Xabier Irastortzak osatuko dute bikotea Goñiri aurre egiteko. Lau koadro eta erdian jokatuko dute. Iazko ikuskizun arrakastatsuan –frontoia leporaino bete zen– Goñik hiruren kontra jardun zuen frontoi osoan; Zumalde, Irastortza eta Juantxo Koka. 25 eta 20 irabazi zien oronoztarrak.
Jokoaren formatua zerbait aldatuko dute, bat biren kontra eta kaiolan ariko direlako. Baina ikuskizuna emateko osagai guztiak mantenduko ditu.
Pilota desafioa girotzeko eta botilero lanak egiteko bi bertsolari izango dituzte lagun: Julio Soto eta Sustrai Colina. Atsedenaldietan bertsozko aholkuak emango dizkiete partidan zehar.
Trontzalari txapeldunak
Aurreko urteko jaialdia pilota desafioak bakarrik osatu bazuen, aurten osagarri dotorea erantsiko diote. Abuztuan Berrobin Euskal Herriko trontzalari txapeldun atera ziren Lurdes Intxausti idiazabaldarra eta Josune Gorostidi gazteluarra batetik, eta Xabat Garmendia eta Eneko Aristi zaldibiar gazteak bestetik ariko dira arpanarekin. Zaldibiarrek Ardiki Egunean egin zuten jendaurreko erakustaldia, Amezketa-Zaldibia arteko herri kirol desafioan.
Trontzalariak eta Almitzako kideak atzo elkartu ziren Idiazabalen proba txiki bat egin, egurrak hitzartu eta urtarrilaren 15eko lana erabakitzeko. 45 ontzako pago enborrari 10 epai egitekotan geratu dira. Pilotariak ere egunotan dira elkartzekotan, pilotak aukeratu eta desafiorako neurriak zehazteko.
Bertsolariek gidatutako pilota eta trontza ikuskizuna urtarrilaren 15ean 19:00etan hasiko da Zaldibiako Resti pilotalekuan. Lehenbizi dokumental bat emango du Almitza elkarteak. Euskaldunak aurreneko aldiz segan atzerrian aritu zireneko irudiak dira. 1996an Oihan Beltzean (Alemania) parte hartu zuten segalari euskaldunek, nazioarteko ibilerari ekiteko. Geroztiko argazkiak ere sartuko dituzte ikus-entzunezkoan. Ondoren pilota partida eta jarraian trontza izango dira.
Sarrera 10 euro kobratuko dute. Segalari elkarteak urtean burutu ohi dituen jardueretarako eta lehiaketetarako diru iturria da jaialdia, Miel Mari Jauregi Altzo-k argitu duenez.
Kirol saioen ondoren Zubi-Buru elkartean jarraituko du festak, bertso afaria egingo baitute. Han izango dira frontoiko protagonistak ere, Sotoren eta Colinaren jarduna entzuteko. Antolatzaileek aurreratu dute elkarteko tokia ia dena hartuta dagoela. Betekada ziurtatuta dago, beraz.