Aizkorpe bailarako turismo bulegoetako turisten kopuruak gora egin du
Aizkorpe bailarako turismo bulegoetako eta interpretazio zentroetako bisitari kopuruak gora egin du azken urte honetan. Segurako, Zeraingo eta Idiazabalgo turismo bulegoak eta interpretazio zentroak Aldabe kooperatiba elkarteak kudeatzen ditu. Zegamako turismo bulegoa eta interpretazio zentroa berriz, Aizkorribidean-ek eta gustura daude bai bateko zein besteko kideak jasotako erantzunarekin. Zeraingo turismo bulegokoek esan dutenez, 2010ean Zerainen 21.102 bisitari izan zituzten, 2009. urtean baino % 5 gehiago. Turista gehienak, Euskal Herrikoak bertakoak ziren, %81 hain zuzen: gipuzkoarrak %54, arabarrak % 12, bizkaitarrak % 11 eta nafarrak % 4. Euskal Herritik kanpoko bisitariak, % 19 ra iritsi ziren. Horien artean katalanak % 5 izan ziren, madrildarrak %2,5 eta frantziarrak %2. Segura Segurako turismo bulegoan 4.640 turista izan ziren 2010ean. 2009ko datuekin alderatuz gero, 2010ean bisitarien kopurua %10 hazi zela ikus daiteke. Turismo bulegokoen ustez igoera hori, Erdi Aroko jaiari lotuta egon daiteke neurri batean, 2.009. urtean ez baitzuten Erdi Aroko jairik egin eta 2010ean, bai. Bisitarien % 77a Euskal Herrikoa izan zen: gipuzkoarrak % 56, arabarrak % 5, bizkaitarrak % 13 eta nafarrak %3. Euskal Herritik kanpotik joandakoak, berriz %23 izan ziren. Horien artean katalanak % 5,4 izan ziren, madrildarrak % 5,6, frantsesak %3 eta Erresuma Batukoak % 2. Idiazabal 2.010ean Idiazabal Gaztaren museoa [...]
Aizkorpe bailarako turismo bulegoetako eta interpretazio zentroetako bisitari kopuruak gora egin du azken urte honetan. Segurako, Zeraingo eta Idiazabalgo turismo bulegoak eta interpretazio zentroak Aldabe kooperatiba elkarteak kudeatzen ditu. Zegamako turismo bulegoa eta interpretazio zentroa berriz, Aizkorribidean-ek eta gustura daude bai bateko zein besteko kideak jasotako erantzunarekin.
Zeraingo turismo bulegokoek esan dutenez, 2010ean Zerainen 21.102 bisitari izan zituzten, 2009. urtean baino % 5 gehiago.
Turista gehienak, Euskal Herrikoak bertakoak ziren, %81 hain zuzen: gipuzkoarrak %54, arabarrak % 12, bizkaitarrak % 11 eta nafarrak % 4. Euskal Herritik kanpoko bisitariak, % 19 ra iritsi ziren. Horien artean katalanak % 5 izan ziren, madrildarrak %2,5 eta frantziarrak %2.
Segura
Segurako turismo bulegoan 4.640 turista izan ziren 2010ean. 2009ko datuekin alderatuz gero, 2010ean bisitarien kopurua %10 hazi zela ikus daiteke. Turismo bulegokoen ustez igoera hori, Erdi Aroko jaiari lotuta egon daiteke neurri batean, 2.009. urtean ez baitzuten Erdi Aroko jairik egin eta 2010ean, bai.
Bisitarien % 77a Euskal Herrikoa izan zen: gipuzkoarrak % 56, arabarrak % 5, bizkaitarrak % 13 eta nafarrak %3. Euskal Herritik kanpotik joandakoak, berriz %23 izan ziren. Horien artean katalanak % 5,4 izan ziren, madrildarrak % 5,6, frantsesak %3 eta Erresuma Batukoak % 2.
Idiazabal
2.010ean Idiazabal Gaztaren museoa 6.361 lagunek ikusi zuten. Datu horri esker Idiazabalen ere %5 eko igoera eman zen bisitarien kopuruan.
Zerainen eta Seguran bezala, Idiazabalen ere turisten erdia baino gehiago Euskal Herrikoa izan zen. Horietatik gipuzkoarrak %56,8 izan ziren, arabarrak % 4,5, bizkaitarrak % 38,7 eta nafarrak %4. Euskal Herritik kanpoko bisitariak ere izan zituen gaztaren interpretazio zentroak: % 39,2, hain zuzen. Horien artean katalanak %19 izan ziren, balentziarrak %3,5, madrildarrak %3 eta frantsesak %2.
Hiru herrietako turismo bulegoetako eta interpretazio zentroetako ordezkarien hitzetan, igoera, «batez ere ikastetxeei esker eman da. Bestalde, banakako aste buruetako bisitari kopurua jaitsi egin da apur bat, gure ustez krisiaren eraginez».
Lan asko eta desberdinak
Bisitari horiei informazioa emateaz gain, 2010. urtean zehar beste hainbat lan ere egin zituzten Idiazabalgo, Segurako eta Zeraingo turismo bulegoetan: herri bakoitzean promozio eta dinamizazio lanak burutu zituzten, proiektuak garatzeko. Zeraingo turismo bulegoan, Kalitatearen auditoria pasatu zuten laugarren aldiz. Segurako turismo bulegoan Kalitatearen Q-a lortzeko lehen pausoak eman zituzten. Hezkuntzara zuzendutako liburuxkak argitaratu zituzten ikastetxeei bideratzeko: Zerainen 2009an argitaratu zuten Burdinaren Mendiari lotutako liburuxka eta 2010ean, zerrategiaren ingurukoa argitaratu zuten. Seguraren kasuan, Erdi Aroaren ingurukoa egin zuten. Irisgarritasunaren ziurtagiriak jaso zituzten hiru herrietako museoek eta turismo bulegoek. Herri bakoitzean antolatutako ekitaldietan eta jaietan ere parte hartu zuten, Idiazabalen Gaztaren egunean, Seguran Erdi Aroko festan, Zerainen azoka ekologikoan, Seguran Bazterretxearen erakusketan, Zerainen aste kulturalean, Zerain-Mutiloa-Ormaiztegi jardunaldian…
Etorkizunari begira, erronken artean dute, gutxitu diren bisitariak berreskuratzea.
Zegama
Zegamako turismo bulegotik jakitera eman dutenez, 2010ean guztira 2.992 bisitari izan zituzten eta 2009an, 2.969. Beraz, igoera txiki bat eman da. Turismo bulegoko ordezkariaren hitzetan «dena den, kontutan hartu behar da hiru hilabetez, hau da, maiatzetik uztailera bitartean Anduetza egur museoa itxita egon zela, Aizkorriko Ataria interpretazio zentroa bertan egokitzeko lanengatik eta hilabete horietan normalean bisitari asko izaten dela».
2.992 turista horietatik 1.783 abuztutik aurrera igaro ziren Anduetzatik, hau da, interpretazio zentroa ireki zutenetik aurrera. «Izan ere, Zegama, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren sarrera naturala izanik, Aizkorriko Ataria interpretazio zentroa baliabide garrantzitsu bihurtu baita».
2.992 bisitari horietatik 175, Donejakue bidea egin asmoz, Zegamara joandako erromesak ziren. Dena den, Zegamako turismo bulegoko kideak aipatu duenez, «hori ez da 2010ean Zegamatik igarotako erromesen kopuru zehatza, Ostatura ere joaten direlako erromesak zigilua jartzera».
Bisitari horien gehiengoa, Euskal Herrikoa zen Zegamaren kasuan ere, eta batez ere gipuzkoarra. «Interpretazio zentro berria ireki zutenetik, zegamar asko ere hurbildu da hona». Euskal Herritik kanpoko turisten artean katalanak dira Zegama gehien bisitatu dutenak.
Bisitariei informazioa emateaz gain, Zegamako turismo bulegokoek, beste hainbat lan ere egin zuten 2010ean. Esaterako bisita gidatuak antolatu zituzten. Horien artean arrakastatsuena, San Adriango kobazulora egindakoa izan zen. Artzain egun batez bisita gidatua ere hasi ziren egiten eta gehiagotan antolatzeko asmoa dute «artzantzaren munduak eskualde mailan duen garrantziarengatik». Ekimen horren bidez, Urbiako Oltzako artzain familia batekin eguna pasatzeko aukera ematen diete bisitariei. Interpretazio zentro berria ireki zutenetik, ekimen berriak ere ari dira prestatzen ikastetxeei begira.