Maria Rosa Aierbe historialaria, Zumarragan
Maria Rosa Aierbe historialaria (Hernani, 1954) Zumarragan izan da berriki Erdi Aroko Zumarragako eta Urretxuko dokumentuak biltzen dituen liburua aurkezten. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako Erdi Aroko dokumentuak biltzeko eta kaleratzeko proiektua martxan du aspalditik Eusko Ikaskuntzak, Fuentes documentales medievales del Pais Vasco bilduma. Bi urte darama Aierbek proiektuaren zuzendari. Goierriko herrietako dokumentazioa landu du, eta Gipuzkoa mailako ikuspegia ere eman du Erdi Arotik gaur egunerako denboraren bidaian.
Goierriko herrietako Erdi Aroko agiriak arakatu dituzu. Asko dira?
Nik egin dut Goierriko herrietako inbentarioa eta ondo ezagutzen dut dokumentazio hori. Altzaga, Arama, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Mutiloa, Olaberria eta Ormaiztegik ez dute ale bat ere Erdi Aroari dagokionik. Ezkio-Itsaso, Gabiria, Zaldibia eta Zerainek dokumentu bakarra dute, eta guztiak daude transkribatuta. Ataunek 22 agiri ditu, asko udalerri berri batentzat; transkribatuta daude eta liburu baterako emango dute. Legazpiri buruzko liburua kaleratu genuen, eta bigarren zatia datorren urtean publikatzeko asmoa dugu. Segurakoak hiru liburu hartu ditu, eta Partzoneriari dagokiona besterik ez zaigu geratzen. Zegamakoa eta Ordiziakoa elkarrekin publikatuko ditugu, eta Urretxuko eta Zumarragako dokumentuak biltzen dituen liburua aurkeztu berri dugu.
Lan zaila izan al da?
Iturriak sakabanatuta zeuden. Herri asko dira, batzuk txikiak, eta lana herrika egin behar izan dut, batzuetan katalogatu gabeko dokumentuekin ere bai.
Agiriak arakatu, transkribatu eta 140 liburutan biltzen ari zarete. Zeregin handia da, ezta?
Eusko Ikaskuntzaren proiektu nagusienetakoa da. Guretzat garrantzia handia du Erdi Aroko Euskal Herriko dokumentu guztiak bilduma bakarrean eskaintzeak. Lana ez da inoiz amaituko, baina orain artean egindakoa Avilan, Leonen eta Burgosen baliabide askoz gehiagorekin egin duten lanarekin baizik ezin da alderatu.
Bilduma inoiz ez al da amaituko?
Dagoeneko egindakoaren tamainaz jabetzen naiz, baina egiteko dagoena asko da. Etxeko iturriak publikatzen ditugunean –udaletakoak edo probintzia mailakoak–, elizaren dokumentuak geldituko zaizkigu. Gainera partikularrena, notarioen dokumentuak… daude. Kanpoan sortutako dokumentazioari ere erreparatu nahi diogu. Simancaseko artxibategia, Espainiako Artxibategi Nazionala, Valladolideko artxibategi judiziala, Iruñeko Elizbarrutiaren Agiritegia… Paris, Londres eta Erromako artxibategiak ere buruan dauzkagu.
Zer lan-prozesu erabiltzen duzue?
Lehenengo eta behin materiala aurkitu behar da. Agiritegian dauden dokumentuen inbentarioa badaukagu, gaitzerdi. Dokumentua aurkitutakoan erreprodukzioa eskatzen dugu, fotokopia edo euskarri digitalean. Gehienetan ale horiek balio handia izaten dute eta tentuz erabili behar izaten dira. Materiala transkribatzen da ondoren. Testuaren irakurketak sortutako ezbaiak agiritegian bertan argitzen ditugu. Guztia transkribatuta dagoenean Eusko Ikaskuntzaren argitalpen zerbitzura bidaltzen dugu eta kaleratu egiten da. Aurretik egileok galeradak zuzentzen ditugu.
Goierriko herrietan aurkitutako dokumentazioaren artean baten bat nabarmenduko al zenuke?
Dokumentu bakoitza espeziala da. Sortu duen komunitatearen une jakin batean gertatutakoa deskribatzen du, eta, bide batez, komunitate horren inguruko lehenengo mailako informazioa ematen du. Hiribilduen kasuan Carta Puebla-k izan daitezke nabarmenenak, baina guztiek dute balio berezia.
Dokumentazioan aurkitutakoak gaurkotasuna azaltzeko balio al du?
Poeta anonimo batek esan zuen noizbait zuhaitzaren loreak zuhaitzean lurperatutakoaz bizi direla. Euskaldun eta gipuzkoar bezala ditugun berezitasunen oinarria Erdi Aroan dago. Orduan hasita Modernitateraino iritsi dira eta, neurri batean, oraindik ere badiraute. Ezin ditugu ulertu gure herrien artean dauden ezberdintasunak Erdi Aroan hiribilduen sorreraren prozesua ulertu gabe. Eta hori ez da iraganaren mira bakarrik…
Gipuzkoako komunitateen lehenengo antolaketaren ardatza bailarak izan ziren.
Lehenengo dokumentuen arabera, Gipuzkoa XIII. mendean bailaratan zatituta eta antolatuta zegoen. Aran horiek, Nafarroakoak ez bezala, ez zeuden erreka baten inguruan bilbatuta. Zirkunskribatze txikiak ziren, herrixkek eta lurrek osatuta; populazioa lur horietan finkatu zen, sakabanatuta edo elkarrengandik hurbilago. Zelula haien buru errege nafarrek euren jauntxoak jarri zituzten.
Aranen antolaketaren ostean hiribilduak sortzen hasi ziren.
1180. urtean Antso VI.a errege nafarrak Donostiari Jaka-Lizarrako forua eman zion, eta horrela hiribildu bilakatu zen. Hurrengo berrehun urteetan Gipuzkoan 25 hiribildu sortu ziren. Azkenak Urretxu eta Zestoa izan ziren, 1383. urtean.
Aldaketa handia ekarri al zuten?
Gipuzkoan aldaketa handiak gertatu ziren, oraindik handiagoak XIV. eta XV. mendeetan, herrixkak foruak zituzten hiribilduetara hurbiltzen diren adinean. Gipuzkoan 25 hiribildu, bi bailara (Leintz eta Oiartzun) eta hiru alkatetza nagusi (Saiaz, Areria eta Aiztondo) zeuden. 1615ean beste hiribilduetara atxekitutako 29 herri hiribildu bilakatu ziren.
Zer zekarren hiribildu izateak?
Hiribilduak forua du, eta horrek nahikoa autonomia emango die herriei. Bizilagunek aukeratuko dituzte alkatea eta beste ordezkariak.
Udal foruek jokatutako papera garrantzitsua dela dirudi.
Hiribildu bilakatutako komunitateen antolaketan ezinbestekoak izan ziren. Adibide bat jartzearren, Logroñoko forua; askatasun asko bermatzen zizkien foru horretara atxekituta zeudenei. Foruak irauli egin zuen garai hartako gizarte antolaketa, izan ere forupeko biztanleak franko gisa hartzeaz gain, beraien kontrako indarkeria eta foru txarrak debekatzen zituen. Beste hainbat pribilegio eta eskubide gordetzen zituen foruak.
Zeintzuk izan ziren Erdi Aroko gizartea astindu zuen gatazkarik handienak?
Une jakin batean bi bizimoduren arteko talka sortuko da. Bi bizimodu eta bi zuzenbide. Forupeko hiribilduak jauntxoen botere eremutik atera ziren eta erregearen menpe egotera pasa ziren. Alde batetik errege foruetan oinarritutako zuzenbidea dago, eta beste aldetik lurrari lotutako ohiturazko legeak daude. Hiribilduek bizimodu berrien kolonia gisa funtzionatuko dute, jauntxoen betiko eskubideak mugatzen doazen bitartean. Gatazka horrek gaina 1456. urtean joko du, bandoen arteko liskarra deitu izan zaionean.
Hori guztia jakin daiteke zuek lantzen ari zareten dokumentuen bitartez?
Hori guztia eta gehiago. Gero eta gehiago jakin, konturatzen zara oso gutxi dela dakizuna.
Edozeinek irakur al lezake Erdi Aroko dokumentu bat?
Ezagutzen ez dugunari aurre egiteko beldurrik gabe, dokumentu horiek irakurrita gure arbasoen hizkuntza ezagutuko dugu, haien bizimodua ulertu neurri batean. Ezer ederragorik ez dago niretzat. Egia da latinez idatzitako testuak zailak direla, baina gaztelaniaz idatzitakoak ez dira hain korapilatsuak, gaztelania ez baita asko aldatu.
Aurkikuntza guztiek balio berdina al dute?
Bai, bakoitza berezia da bai bere handitasunean eta baita bere apaltasunean ere.