Miren Josune Begiristain Etxerateko kidea eta Asun Escudero eta Idoia Zabalo senideak.
Euskal Preso politikoak Euskal Herrira ekartzeko aldarriak indar berezia hartu ohi du Eguberri garaian. Urteroko ohitura jarraituz, etzi, urtarrilaren 8an, nazio mailako manifestazioa egingo du Etxerat elkarteak Bilbon. Hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta eragilek ere bat egin dute deialdi honekin, baita euskal presoen senideek ere.
Asun Escudero eta Idoia Zabalo, Ismael Berasategi eta Xabier Zabalo preso politikoen ama eta arreba dira, hurrenez hurren. Miren Josune Begiristain berriz, Etxerat elkarteko kidea da. Hirurek ere etzi Bilbora joateko deia egin diete goierritarrei. «Presoak Euskal Herrira ekarri behar dira» diote, «eskubide bat da norbere etxetik gertu dagoen espetxe batean egotea».
Aldarrikapen gizatiarra eta politikoa da, aldi berean. «Oso gogorra da hau bizitzea. Ez da gu hara joan behar izatea, gertu edo urrun egon, berdin berdin joango baikara dauden lekura; baina hain urruti eta hain gaizki daudela ikusteak, beldurra sortzen digu» diote bi senideek. «Denborarekin hobeto eramaten ikasiko duzula pentsatzen duzu, baina egunetik egunera gogorragoa da» dio Escuderok. «Bat ez da inoiz ohitzen» gehitu du Zabalok.
Itzulerak «luzeagoak»
Espainiar estatuko espetxeetan kristal lodi batek banatzen ditu bisitak. «Ezin duzu senidea ukitu, eta entzuteko arazoak izaten dira» azaltzen dute. Bisitak 40 minutu irauten du, baina azaltzen dutenez, «aste osoa horretan pentsatzen pasatzen duzu. Bidaia ostiral arratsaldean hasten dugu eta igande goizean amaitu» dio Zabalok, «Lana edota etxea antolatu behar dituzu. Asteartean hasten gara bisitak hartzen espetxean, argazkiak edo delakoak dela prestatzen… Egunero berarekin pentsatzen duzu» gaineratzen du Berasategiren amak.
Arriskua ere aipatzen dute. Berasategi etxetik 760 kilometrora dago eta Zabalo 974 kilometrora. Cadizera joateko autobus bat jarri ohi dute hainbat herritako senideentzako. Astero egiten du norbaitek bide hori. Goierri osoko presoen bisitak batuz, 32.626 kilometroko bidea da asteburuero.
Diotenez, bidaia hauetan joatea baino, etortzea da luze egiten dena. «Batzuetan kontu-kontari eta besteetan burua bueltaka edota hitz egiteko gogorik gabe itzultzen zara. Sentsazio gazi-gozoak dira. Gozo asko dago, baina bera han gelditzen da» diote Zabalok eta Escuderok. «Eurek ez dagoen lekutik ere ateratzen dituzte animoak» diote irrifarre batekin.
Elkartasuna eta indarra
Urte hauetako borrokak, «lehen baino gogorragoak izaten» irakatsi die bi senideei. «Uste baino indar gehiago dugula ikusi eta jende on asko ezagutu dugu, asko laguntzen digute. Elkartasun hori berotasuna da guretzat». Eskutitzen indarra ere azpimarratzen dute. Presoek astean bi bidali ditzakete, baina jasotzean ez dute mugarik. «Altabozetatik ematen diete eskutitzen berri, eta ilusio handia egiten die euren izena entzuteak» dio Begiristainek. «Oso goxoa da eskutitzak jasotzea, harreman bide horiek apurtu ez direla ikusten dute», senideek diotenez.
Espetxean «zigorrak gainjarriak dira. Askatauna soilik galdu beharko lukete» dio Begiristainek, «baina euskal presoek horrez gain, ikasteko eskubidea, osasuna zaintzekoa, herriarekin harremana mantentzekoa… galtzen dituzte» gehitu du. «Zuzeneko bisitetarako senideak ukitzen saiatzen dira, kontaktu hori murriztu nahian» dio. Hirurek «eskerrak» eman nahi dizkiete elkartasuna adierazten dieten herritarrei, eta eurek ere berdin egiten dute: «azken gazte atxilotuen senideei besarkada handi bat bidali nahi genieke, eta ea guztion artean Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea lortzen dugun».
Presoek dituzten gaixotasunen berri ere presoen euren ahotik soilik dute senideek. «Ematen dizkieten botiken zerrenda egin eta farmaziara joaten gara, min horretarako baliagarriak al diren galdetzera» diote. Orain arte, ez dute idatzizko mediku txosten bakar bat ere ikusi.
Ismaelen ihesaldia
2002ko abuztuaren 17an Joxe Antonio Berasategik Ismaelekin bisita zuen espetxean. Lekuak aldatu ziren egun horretan, inor jabetu gabe, eta anaia espetxean gelditu zen, Ismaelen ordez. Hau espetxeko ate nagusitik irten zen kalera, oinez. Euren amak komunikabideen bidez izan zuen gertaeraren berri. «Ez zen gozoa izan. Alabak deitu zidan, telebista ikusi al nuen esanez. Telebista jarri eta gorputza irauli zitzaidan. Ez zen gozoa izan, bi semeak falta baitzitzaizkidan» gogoratzen du. Barruan gelditu zen semeagatik, «betaurreko gabe zegoen, hiru aldiz ekarri zituzten bueltan espetxetik. Joxe Antonio Fresneseko isolamendu zeldetan izan zuten, eta oso bortitzak dira. Ura ia belunetaraino zuen zeldan» dio amak. «Mendeku bat izan zen» dio, «pertsonak nola pentsatu dezake hori pertsonaren kontra. Horrenbeste gorroto… Izugarria da».
Atxiloketa bat bide luze baten hasiera da Euskal Herrian; Goierrin 32.624,4 kilometroko bidearen hasiera. Eta hori asteburuero. 2010. urtean 1.631.220 kilometro. Eta hori Goierrin bakarrik. Espetxe aldaketak kontuan hartu gabe. 40 minututarako. «Baina esperantza ez da inoiz galdu behar» diote bi senideek, eurak galtzen ez duten irrifarre horrekin.
Goierriko preso politikoen zerrenda
- Iban Apaolaza (Beasain). Foncalent, 764 km. 2007-06-10tik. (Preb.).
- Lierni Armendariz (Beasain). Mansilla, 360 km. 2001-01-11tik. (30 urte).
- Rufino Arriaga (Ordizia). Puerto I, 996 km. 1997-11-10tik (10 urte).
- Mikel Azurmendi (Beasain). Valencia III, 598 km. 1998-03-21tik (30 urte).
- Ainhoa Barbarin (Urretxu). Valencia III, 608 km. 2002-01-31tik (14 urte).
- Ismael Berasategi (Urretxu). Moulins-Yzeure, 760 km. 2002-05-15tik (6+13 urte).
- Inma Berriozabal (Zegama). Brieva, 460 km. 2009-04-29tik (6 urte).
- Belen Gonzalez (Lazkao). Etxean preso, 0 km. 1999-10-25tik (30 urte).
- Juan Inazio Delgado (Legazpi). Villabona, 364 km. 1991-10-07tik (30 urte).
- Anitz Eskisabel (Lazkao). Martutene, 43 km. 2010-07-06tik (6 urte).
- Mila Ioldi (Ataun). Langraitz, 89,2 km. 2001-01-07tik (14 urte).
- Ainhoa Irastorza (Ordizia). Villanubla, 319 km. 2009-10-17tik (8 urte).
- Oskarbi Jauregi (Zaldibia). Soto del Real, 397 km. 2001-08-22tik (20 urte).
- Mikel Korta (Ordizia). Mansilla, 345 km. 2007-11-30tik (7 urte).
- Leire Lopez (Beasain). Fleury M., 845 km. 2008-11-17tik (Preb.).
- Xabier Makazaga (Segura). A Lama, 720 km. 2001-08-22tik (30 urte).
- Idoia Mendizabal (Ordizia). Brieva, 462 km. 2005-10-03tik (Preb.).
- Ekain Mendizabal (Ordizia). Fresnes, 846 km. 2006-11-29tik (Preb.).
- Francisco Mujika (Ordizia). Zuera, 311 km. 1992-03-29tik (30 urte).
- Garikoitz Mujika (Olaberria). Alcala Meco, 432 km. 2009-10-30tik (Preb.).
- Euri Albizu (Segura). Estremera, 482 km. 2010-02-15tik (Preb.).
- Juan Mari Olano (Zaldibia). Segovia, 394 km. 2008-09-17tik (10 urte).
- Mikel Otegi (Itsasondo). Ocaña I, 503 km. 2003-02-22tik (8 urte).
- Gonzalo Rodrigez (Ezkio-Itsaso). Herrera, 604. 1993-10-24tik (30 urte).
- Garazi Rodrigez (Legorreta). Brieva, 467 km. 2009-11-24tik (Preb.).
- Ion Telleria (Idiazabal). Soto del Real, 385 km. 2010-08-12tik (Preb.).
- Carlos Saez de Egilaz (Beasain). S.M. de Re, 483 km. 2003-01-10tik (15 urte).
- Joseba Segurola (Urretxu). Murcia, 852 km. 2003-07-15tik (20 urte).
- Inocencio Soria (Urretxu). Perpignan, 599 km. 2004-04-17tik (10 urte).
- Xabier Zabalo (Zumarraga). Puerto I, 974 km. 2002-01-31tik (14 urte).
- Josetxo Zeberio (Ataun). Fleury M. 850 km. 2004-04-04tik (15 urte).
- Ekai Alkorta (Zumarraga). Roanne (Frantzia).
- Kepa Solana (Legazpi). Villabona (Asturias).
- Iturria: www.etxerat.info. (Distantziak norbere herritik kalkulatu dira).