Almitzak pilota eta trontza desafioa prest du, pilotariek ere materiala aukeratuta
Herenegun hautatu zituzten pilotak Mikel Goñik eta etzi aurkari izango dituen Zumalde eta Irastortza bikoak, eta iragarritako egiturari eutsita, dena prest dauka Almitza sega elkarteak larunbat arratsaldean Zaldibian jokatuko den kirol erronken ikuskizunerako. Pilota partida eta trontza saioa izango dira jaialdiaren ardatza, bertsolariekin eta ikus-entzunezkoarekin osatuta. Aurreko astean trontzalariek egin zuten zeregina herenegun pilotariek errepikatu zuten Resti pilotalekuan. Mikel Goñi nafarrak herriko bi gazteri egingo die aurre lau t’erdian, bat biren aurka. Sasipilotari txapelketan 2009an finalista izan ziren Harri Zumalde eta Xabier Irastortza saiatuko dira Goñi menderatzen. Aukeraketa baliatuz saiotxo bat egin zuten hiru pilotariek. Nafarraren joak eta kokapenak, nahiz lau t’erdian aritu, koska bat gorago segitzen duela ikusi zen. Bizitasunez eraso beharko diote zaldibiarrek Goñiri. Alde bakoitzak bina pilota aukeratu zituen, pisuan 100 gramo ingurukoak. Zaldibiarrek Iparraldeko Punpa pilotagilearenak ekarri zituzten; bote handi samarrekoak izan, ordea, eta azkenean Goñiren sortatik hautatu zituzten denek pilotak. Lau t’erdiko arauetara jokatuko dute, sakea bost koadrora dela. Pilota ikuskizunaren atzetik aurten berrikuntza den trontza saioa etorriko da. Emakumezkoetan Euskal Herriko txapeldun diren Lurdes Intxausti idiazabaldarra eta Josune Gorostidi gazteluarra batetik, eta herri mailan jarduten duten Xabat Garmendia eta Eneko Aristi bestetik ariko dira. 45 ontzako pago enborrari hamar korte egin beharko dizkiote. Jaialdia [...]
Herenegun hautatu zituzten pilotak Mikel Goñik eta etzi aurkari izango dituen Zumalde eta Irastortza bikoak, eta iragarritako egiturari eutsita, dena prest dauka Almitza sega elkarteak larunbat arratsaldean Zaldibian jokatuko den kirol erronken ikuskizunerako. Pilota partida eta trontza saioa izango dira jaialdiaren ardatza, bertsolariekin eta ikus-entzunezkoarekin osatuta.
Aurreko astean trontzalariek egin zuten zeregina herenegun pilotariek errepikatu zuten Resti pilotalekuan. Mikel Goñi nafarrak herriko bi gazteri egingo die aurre lau t’erdian, bat biren aurka. Sasipilotari txapelketan 2009an finalista izan ziren Harri Zumalde eta Xabier Irastortza saiatuko dira Goñi menderatzen.
Aukeraketa baliatuz saiotxo bat egin zuten hiru pilotariek. Nafarraren joak eta kokapenak, nahiz lau t’erdian aritu, koska bat gorago segitzen duela ikusi zen. Bizitasunez eraso beharko diote zaldibiarrek Goñiri.
Alde bakoitzak bina pilota aukeratu zituen, pisuan 100 gramo ingurukoak. Zaldibiarrek Iparraldeko Punpa pilotagilearenak ekarri zituzten; bote handi samarrekoak izan, ordea, eta azkenean Goñiren sortatik hautatu zituzten denek pilotak.
Lau t’erdiko arauetara jokatuko dute, sakea bost koadrora dela.
Pilota ikuskizunaren atzetik aurten berrikuntza den trontza saioa etorriko da. Emakumezkoetan Euskal Herriko txapeldun diren Lurdes Intxausti idiazabaldarra eta Josune Gorostidi gazteluarra batetik, eta herri mailan jarduten duten Xabat Garmendia eta Eneko Aristi bestetik ariko dira. 45 ontzako pago enborrari hamar korte egin beharko dizkiote.
Jaialdia etzi, larunbata, 19:00etan hasiko da Zaldibiako Resti frontoian. Sarrera 10 euro kobratuko du Almitzak, urteko jardueretarako diru iturri gisa.
Bertsolariak ere kantxan izango dira. Julio Soto nafarrak eta Sustrai Colina lapurtarrak burutuko dituzte pilotarien eta trontzalarien botilero lanak, bertsotan noski. Gero bertso afaria dago Zubi-Buru elkartean.
Kirol demei ekin aurretik, jaialdia hasteko Almitza elkartearen azkeneko 15 urteetako historia biltzen duen ikus-entzunezkoa emango dute. Euskal segalariek atzerrian jokatutako lehenbiziko lehiaketa (Alemanian, 1996an) birgogoratu ahalko da.