‘Bonba eguna!’ ospatuko du larunbatean Ordiziako Gazte Asanbladak
Urtarrilaren 4an Ordiziako Gaztetxearen aurrean hainbat gaztek egindako agerraldian iragarri zuten urte berezia izango dela 2011. urtea herriko gazteriarentzat. Ez da gauza makala gaur egungo egoera soziopolitikoan gaztetxe bat 25 urteko jardunera ailegatzea, baina Ordiziakoren kasuan «indarrez eta ilusioz» heldu diote urteurrenari gaur egun bertan ibiltzen diren gazteek, eta baita haien bueltan mugitzen den beste hainbat lagunek ere. Joan den asteburuan kantu afaria egin zuten, eta presoen eskubideen alde Bilbon egin zen nazio manifestaziora joateko deia ere egin zuten. Urteurrena ospatzeko lehen ekitaldi nagusia etzi egingo dute, Bonba eguna! izenaren pean. “Berez, asteburu honetan beteko lituzke 25 urte gaztetxeak, baina ekitaldiak asteburu bakarrean pilatu ordez, urtean zehar banatzea erabaki du”, zehaztu du Urko Ruiz de Apodaka urteurrena antolatzeko osatu den batzordeko kideak. Bazkaria eta kontzertuak Egitarauari eguerdian emango diote hasiera. Hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Gernikako akordioa babesteko deitua duten ekitaldian parte hartuko dute gaztetxeko kideek. Horren ondoren gaztetxeko panpina aurkeztuko dute, 13:30ak aldera, eta triki-bertso poteoaren ondoren Plaza Nagusian egingo dute bertsolariek girotutako bazkaria, 14:30ean. Gauean Deaf Squad eta Steel Knucles taldeek kontzertua joko dute. Baina horren aurretik, bihar gauerako ere ekintzak antolatu dituzte. Mus eta pin-pong txapelketak izango dira, eta parte hartu dutenei gogorarazi nahi diete 22:00etarako [...]
Urtarrilaren 4an Ordiziako Gaztetxearen aurrean hainbat gaztek egindako agerraldian iragarri zuten urte berezia izango dela 2011. urtea herriko gazteriarentzat. Ez da gauza makala gaur egungo egoera soziopolitikoan gaztetxe bat 25 urteko jardunera ailegatzea, baina Ordiziakoren kasuan «indarrez eta ilusioz» heldu diote urteurrenari gaur egun bertan ibiltzen diren gazteek, eta baita haien bueltan mugitzen den beste hainbat lagunek ere.
Joan den asteburuan kantu afaria egin zuten, eta presoen eskubideen alde Bilbon egin zen nazio manifestaziora joateko deia ere egin zuten. Urteurrena ospatzeko lehen ekitaldi nagusia etzi egingo dute, Bonba eguna! izenaren pean. “Berez, asteburu honetan beteko lituzke 25 urte gaztetxeak, baina ekitaldiak asteburu bakarrean pilatu ordez, urtean zehar banatzea erabaki du”, zehaztu du Urko Ruiz de Apodaka urteurrena antolatzeko osatu den batzordeko kideak.
Bazkaria eta kontzertuak
Egitarauari eguerdian emango diote hasiera. Hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Gernikako akordioa babesteko deitua duten ekitaldian parte hartuko dute gaztetxeko kideek. Horren ondoren gaztetxeko panpina aurkeztuko dute, 13:30ak aldera, eta triki-bertso poteoaren ondoren Plaza Nagusian egingo dute bertsolariek girotutako bazkaria, 14:30ean. Gauean Deaf Squad eta Steel Knucles taldeek kontzertua joko dute.
Baina horren aurretik, bihar gauerako ere ekintzak antolatu dituzte. Mus eta pin-pong txapelketak izango dira, eta parte hartu dutenei gogorarazi nahi diete 22:00etarako izena eman behar dela gaztetxean. Sariak egongo dira irabazleentzat.
Hilaren 22koa atzeratuta
Hurrengo astebururako iragarri zuten ekimena, berriz, atzeratu egin behar dute, arazo batzuk direla medio. Gaztetxeko abesti bilduma aurkeztu, eta Ordiziako lau tabernatan kontzertuak ematekoak ziren. Ekimen hori otsailean egiteko moduan izango direla aurreratu dute.