Buztuntza eta San Joan: ibaiaren muga fisikoa gaindituta
Eguberrietan, Inuxente egunean, zabaldu zuten azken hogei urte pasatan zain egon ondoren Ordiziarentzat giltzarri izango den azpiegitura: San Joan eta Buztuntza lotzeko zubia. Hots handirik atera gabe ireki dute gainera, aurkezpen publiko eta inauguraziorik egin gabe. Baina hotsik ez ateratzeak ez dio garrantziarik kentzen elkarrengandik horren gertu eta era berean horren urruti egon diren bi auzoen lotuneari. Oro har, begi onez ikusi dute azpiegitura berria ordiziarrek. Zubia irekita dago, baina oraindik ez dago bukatuta, Jose Migel Santamaria alkateak aurreratu duenez. «Seinalizazioa jartzeko dago, eta bidegorria ere egiteko dago». Bidegorria zubiaren zer aldetan joango den zehazteko dago, eta hori erabakitzeko bilera bat dute datorren astean alkateak eta teknikariek. San Joan aldera egiten duen espaloiak bi metro eta erdiko zabalera du, eta herri aldera ematen duenak hiru metro eta erdi. Herritarren kritika nabarmenenak ere horrek eragin ditu, seinalizazioa bukatu gabe zubia irekitzeak, baina oro har, konforme daude, eta iritzia eskatutako herritar gehienek behar-beharrezko azpiegituratzat jo dute. «Entzun ditugun komentario gehienak positiboak izan dira. Kaltetuenak Buztuntza auzoko Intsausti plazakoak izan dira, baina egin beharreko bilerak eginda ez da aparteko arazorik egon», argitu du Santamariak. Inguru horretan zenbait aparkaleku kendu behar izan dituzte, eta Buztuntzan dagoen aparkaleku eskasiari aurre egiteko proiektuak esku artean dituztela [...]
Eguberrietan, Inuxente egunean, zabaldu zuten azken hogei urte pasatan zain egon ondoren Ordiziarentzat giltzarri izango den azpiegitura: San Joan eta Buztuntza lotzeko zubia. Hots handirik atera gabe ireki dute gainera, aurkezpen publiko eta inauguraziorik egin gabe. Baina hotsik ez ateratzeak ez dio garrantziarik kentzen elkarrengandik horren gertu eta era berean horren urruti egon diren bi auzoen lotuneari. Oro har, begi onez ikusi dute azpiegitura berria ordiziarrek.
Zubia irekita dago, baina oraindik ez dago bukatuta, Jose Migel Santamaria alkateak aurreratu duenez. «Seinalizazioa jartzeko dago, eta bidegorria ere egiteko dago». Bidegorria zubiaren zer aldetan joango den zehazteko dago, eta hori erabakitzeko bilera bat dute datorren astean alkateak eta teknikariek. San Joan aldera egiten duen espaloiak bi metro eta erdiko zabalera du, eta herri aldera ematen duenak hiru metro eta erdi.
Herritarren kritika nabarmenenak ere horrek eragin ditu, seinalizazioa bukatu gabe zubia irekitzeak, baina oro har, konforme daude, eta iritzia eskatutako herritar gehienek behar-beharrezko azpiegituratzat jo dute.
«Entzun ditugun komentario gehienak positiboak izan dira. Kaltetuenak Buztuntza auzoko Intsausti plazakoak izan dira, baina egin beharreko bilerak eginda ez da aparteko arazorik egon», argitu du Santamariak. Inguru horretan zenbait aparkaleku kendu behar izan dituzte, eta Buztuntzan dagoen aparkaleku eskasiari aurre egiteko proiektuak esku artean dituztela adierazi du.
San Joan auzoa Buztuntzako, Altamirako eta Majoriako zerbitzuetara –ikastetxeak, farmaziak, dendak, tabernak…– gerturatzea lortu dute zubiarekin, Filipinak kaleko trafikoa arindu dute, eta Buztuntzako bizilagunek bai herrira eta baita N-1 errepidera sartu-irteteko pasabide bat gehiago dute. «Zubi bat komunikazioa errazteko azpiegitura bat da. Zubiak lasaitasuna ematen dio Buztuntzari larrialdi baten aurrean, eta betiko sarreran, ordu jakinetan, sortzen diren korapiloak saihesten ditu. Herriko mugikortasunari ere asko lagunduko dio zubiak», azaldu du.
San Joango auzoa ere nabarmen ari da aldatzen. Aurten eraikitzen hasi asmo dituzten etxebizitzei dagoeneko martxan daudenak gehituta, 191 etxebizitza egiten ariko dira San Joanen aurten. «Urte fuertea izango da», dio Santamariak. Otsailean iaz zozkatutako babes ofizialeko azken etxebizitza blokearen lanak hasiko dira, eta martxoan beste 25 zozkatuko dira. Zentral elektrikoa ere aurten mugitu nahi dute lekuz. San Joango urbanizazio lanak 2012ko lehen hiruhilekorako bukatzea aurreikusten du alkateak.
Buztuntzan berrikuntzak egiteko proiektuak ditu udalak
San Joan auzoko lan handienak bideratuta, Ordiziako Udala beste auzo batzuetan berrikuntzak egiteko lanari ekingo dio aurrerantzean. Alkatetzak esku artean dituen proiektu nagusienak Buztuntza auzora begirakoak dira. «Iaz reurbanizazioak egiten genituen bulego teknikoan, eta Buztuntza auzoko gune batzuetan berrikuntzak egitea da asmoa», azaldu du Jose Migel Santamaria alkateak. Buztuntzako Intsausti plaza berritzeko proiektua egina dute dagoeneko, eta «ahal denean» egingo dute. «Gipuzkoa kaleko zati bateko proiektua ere eginda dago, eta Otatza plazakoa ere bai. Horiek denak proiektua badute, falta dena dirua da. Gure asmoa Buztuntza auzoa zaharberritzen hastea da», zehaztu du. Urdaneta ikastetxera bidegorria iristeko proiektua ere eginda dago.
Berrikuntzak ez ezik, Buztuntzako auzorako bestelako proiektu bat ere badu alkateak esku artean. «Buztuntzan dagoen aparkaleku eskasiaren aurrean, bai Idoiaga plazan eta baita Buztuntza plazan ere lurpeko aparkalekuak egiteko proiektua bultzatzen ari naiz». Aparkalekuak egin, eta plazak salmetan jartzea da helburua. «Proiektua polita da, baina ez epe motzerako, epe ertainerako baizik. Aurten beharrak aztertuko ditugu, eta jendea plazak erosteko prest badago bultzatu egingo dugu».
Bestalde, iazko bukatuta behar zuten bi proiektu datozen asteetan bukatuko dituzte: frontoi txikia otsailerako estaliko dute, eta Upabiko skate parkea martxorako amaitzea espero dute.