Hasi dituzte Seguran Zerkalde kalea zabaltzeko lanak
Urtarrilaren 10ean hasi zituzten Seguran Zerkalde kaleko errepidea zabaltzeko eta ingurunea txukuntzeko lanak. Obrek guztira 1,5 milioi euroko aurrekontua dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euro jarri zituen iaz eta aurten beste horrenbeste emango dizkio Segurako Udalari. Hamar hilabeteko epean lanak bukatuta edukitzea aurreikusten du Udalak. Lehendabizi Kale Nagusian eta Zurbano kalean egin zituzten obrak. Kale Nagusian plaza paretik Germanenera arteko zatia berritu zuten, ibilgailuentzako bidea eta oinezkoentzako espaloia bereiziz. Zurbano kalean galtzada-harriak eta lorontziak ipini zituzten, modu horretan lehentasuna oinezkoei emanez. Egun Kale Nagusian noranzko bakarrean ibil litezke autoak, Idiazabaldik Segurarako norantzan, hain zuzen. Zurbano, Lardizabal eta Unzurrunzaga kaleetan, berriz, alderantzizko norabidean. Kaleak arintzea helburu Zerkaldeko lanak kale horiek arintzeko eta lasaitzeko ari dira egiten. Helburu hori betetzeko Zerkaldeko errepidea zabaldu egingo dute eta bi norabidetakoa izango da. Bideak bi alboetan oinezkoentzako espaloiak izango ditu. Lanak egin ahal izateko Zerkaldeko baratzeei zati bat kenduko diete. Jabeek badakite erabaki horren berri, 2010ean Segurako Udaleko ordezkariek batzarrak egin baitzituzten beraiekin. Espaloia eta baratzeak banatzeko horma bat eraikiko dute eta hormaren ondoan, baratzeak dauden aldetik, bidexka bat egingo dute jabe bakoitzari lur sailetara edo baratzetara sarbidea errazteko. Aparkalekuak Errepidea zabaltzeaz eta espaloia eraikitzeaz gain, 90 ibilgailurentzako aparkalekuak egingo dituzte, Kale Nagusian, Lardizabalen eta [...]
Urtarrilaren 10ean hasi zituzten Seguran Zerkalde kaleko errepidea zabaltzeko eta ingurunea txukuntzeko lanak. Obrek guztira 1,5 milioi euroko aurrekontua dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euro jarri zituen iaz eta aurten beste horrenbeste emango dizkio Segurako Udalari. Hamar hilabeteko epean lanak bukatuta edukitzea aurreikusten du Udalak.
Lehendabizi Kale Nagusian eta Zurbano kalean egin zituzten obrak. Kale Nagusian plaza paretik Germanenera arteko zatia berritu zuten, ibilgailuentzako bidea eta oinezkoentzako espaloia bereiziz. Zurbano kalean galtzada-harriak eta lorontziak ipini zituzten, modu horretan lehentasuna oinezkoei emanez. Egun Kale Nagusian noranzko bakarrean ibil litezke autoak, Idiazabaldik Segurarako norantzan, hain zuzen. Zurbano, Lardizabal eta Unzurrunzaga kaleetan, berriz, alderantzizko norabidean.
Kaleak arintzea helburu
Zerkaldeko lanak kale horiek arintzeko eta lasaitzeko ari dira egiten. Helburu hori betetzeko Zerkaldeko errepidea zabaldu egingo dute eta bi norabidetakoa izango da. Bideak bi alboetan oinezkoentzako espaloiak izango ditu.
Lanak egin ahal izateko Zerkaldeko baratzeei zati bat kenduko diete. Jabeek badakite erabaki horren berri, 2010ean Segurako Udaleko ordezkariek batzarrak egin baitzituzten beraiekin.
Espaloia eta baratzeak banatzeko horma bat eraikiko dute eta hormaren ondoan, baratzeak dauden aldetik, bidexka bat egingo dute jabe bakoitzari lur sailetara edo baratzetara sarbidea errazteko.
Aparkalekuak
Errepidea zabaltzeaz eta espaloia eraikitzeaz gain, 90 ibilgailurentzako aparkalekuak egingo dituzte, Kale Nagusian, Lardizabalen eta Unzurrunzagan oinezkoei eman nahi baitiete lehetasuna.
Aparkaleku gehienak baratzeak dauden aldean egokituko dituzte eta gainerakoak beste aldean, garajeak ez dauden lekuetan.
Udalaren deia
Segurako Udalak jakitera eman duenez, lanek dirauten bitartean Zerkalde kalean, autoak beheraka, noranzko bakarrean ibiliko dira. Udalaren iritziz, obrak egiten ari den enpresari jarritako baldintza horri esker, «bizilagunen garajeetarako sarbideak ziurtatu egingo dira eta trafikoak sortzen dituen arazoak ere gutxitu egingo dira». Oinezkoek berriz, Zerkalde kalean dauden espaloiak erabili beharko dituzte batetik bestera mugitzeko.
Bestalde, gainerako kaleetan orain arteko funtzionamendua mantenduko dute.
Udalaren hitzetan obra horiek eragingo duten arazorik handiena aparkaleku falta izango da, «baina kontutan hartu behar da, obrak egitearen arrazoirik nagusiena eta etorkizunean lortuko den onura nagusiena ere berau izango dela». Beraz, egunerokoan arazo horrek sortuko dituen «ika-mikak saihesteko» asmoz, herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die.
Zabor bilketari eta autobus geltokiari dagokionean ez da aldaketarik izango, betiko puntuak mantenduko baitituzte kasu batean zein bestean.