Antiguarekin plataformako kideak eta herritarrak izan ziren atzoko osoko bilkuran
Atzoko osoko bilkuran onartu egin zuten Antioko interpretazio zentroko plan berezia eta “apirila aldean” lanak hasteko moduan egongo direla uste du alkateak aste honetan bertan azaldu duenez. Osoko bilkurak luze jo zuen, PSE-EEko eta EAJko ordezkarien arteko ika-mikak luzatu zuen hain zuzen. Bakoitzak Antion zeredozer egiteko proiektua sortu zenetik, duela zortzi urte, oraindik han ezer ez eginda egoteko, gertatu denaren gaineko bertsio bana eman zuten. Antiguarekin plataformako kideek ere parte hartu zuten amaieran hitz hartuz. Mikel Serrano alkateari “zorte ona” opa zioten, “guztia zuk nahi bezala ateratzen bada poztuko gara. Baina interpretazio zentroa porrota izan daiteke”. Bilkurak emandako azken hitzak dira, Mariasun Mendizabal Antiguarekineko kideak esandakoak. Otsailean zentroa izango denaren inguruko erakusketa egingo dute Zelai Ariztin, ikus-entzuneko euskarriak erabilita “zentroa barrutik nolakoa izango den ikusi ahal izango dute zumarragarrek” iragarri zuen Serranok.