Traktoreak gaur, N-1 errepidean
EHNE sindikatuko kideek protesta bitxia egin dute gaur goizean; Beasaingo Senpere auzotik abiatuta, traktorez joan dira Donostiaraino, N-1 errepidetik. Lau traktore abiatu dira Goierritik, baina bidean zehar, beste dozena bat batu zaizkie. Eguerdian, Donostiako Boulevarrean protesta egitekoak dira. EHNE sindikatuko Garikoitz Nazabalek azaldu duenez, protesta ekintza hau, “Euskal Herria osasuna galtzen ari da” kanpainaren barruan antolatu duten lehen ekintza izan da, eta aurrerantzean gehiago egiteko asmoa dutela iragarri du. “Baserritarrok ez gara limosna eske ari” dio Nazabalek; horren ordez, bizimodu duina ateratzeko baldintzak eskatzen dituzte. Kanpaina horrekin, bertako produktuak bultzatu nahi dituzte nekazariek. Nazabalen hitzetan, “gizarte osoaren osasunari begira, bertako eta kalitateko produktuak” bultzatu behar dira, “garantiak eskaintzen dituzten produktuak”. Zentzu horretan, erakundeak eta kontsumitzaileak ere “behar horretaz jabetu” behar direla diote.
Eguerdian Donostian egingo duten agerraldian emango dituzte kanpaina horren inguruko azalpen gehiago.