“Ez nuen espero lehen urtean horrelako emaitzak lortzea”
Jon Ander Intsausti (Mutiloa, 1992) Batxilergoko bigarren maila ikasten ari da Goierri Lanbide Eskolan. Txirrindularitza du pasio, ordea. Aurten lehen aldiz, 23 urtez azpikoen mailan parte hartu du ziklo-krosean eta emaitza oso onak eskuratu ditu. Profesionaletara iristea zaila dela badaki ordea, eta argi dauka ikasketak ez dituela utziko. Ikasketak eta txirrindularitza uztartu nahi ditu, jakin badakien arren, gogorra izango dela bietan ondo aritzea. 23 urtez azpikoen mailan parte hartzen duzun lehen aldia da. Denboraldi bikaina daramazu Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazita. Bai, ez nuen espero 23 urtez azpikoen mailan, lehen urtean horrelako emaitzak edukitzea. Egia da, denboraldiaren hasieran aldaketa hori oso gogorra egin zitzaidala, baina beno, emaitzak etorri egin dira… Ezustekoa izan da niretzat eta oso pozik nago. Zer moduz aurkitzen zara fisikoki? Aurten ziklo-kros gutxiago egin dut, errepideari begiratuta, baina orain benetan oso ondo sentitzen naiz, sasoi batean. Ezustekoa izan da eta orain animo gehiagorekin nago aurrera jarraitzeko. Duela gutxi jokatu zen Zamoran, Espainiako Ziklo-Kros Txapelketa. Irabazi egin zenuen, baina Daniel Ruiz bizkaitarrarekin lehia bizia izanda. Oso lasterketa gogorra izan zen. Danik jarri zuen erritmoa hasiera hasieratik eta nik gurpilean joatea pentsatu nuen, baina kostatu egin zitzaidan. Gero, gorputzari buelta eman nionean lortu nuen bera momentu batean atzean [...]
Jon Ander Intsausti (Mutiloa, 1992) Batxilergoko bigarren maila ikasten ari da Goierri Lanbide Eskolan. Txirrindularitza du pasio, ordea. Aurten lehen aldiz, 23 urtez azpikoen mailan parte hartu du ziklo-krosean eta emaitza oso onak eskuratu ditu. Profesionaletara iristea zaila dela badaki ordea, eta argi dauka ikasketak ez dituela utziko. Ikasketak eta txirrindularitza uztartu nahi ditu, jakin badakien arren, gogorra izango dela bietan ondo aritzea.
23 urtez azpikoen mailan parte hartzen duzun lehen aldia da. Denboraldi bikaina daramazu Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazita.
Bai, ez nuen espero 23 urtez azpikoen mailan, lehen urtean horrelako emaitzak edukitzea. Egia da, denboraldiaren hasieran aldaketa hori oso gogorra egin zitzaidala, baina beno, emaitzak etorri egin dira… Ezustekoa izan da niretzat eta oso pozik nago.
Zer moduz aurkitzen zara fisikoki?
Aurten ziklo-kros gutxiago egin dut, errepideari begiratuta, baina orain benetan oso ondo sentitzen naiz, sasoi batean. Ezustekoa izan da eta orain animo gehiagorekin nago aurrera jarraitzeko.
Duela gutxi jokatu zen Zamoran, Espainiako Ziklo-Kros Txapelketa. Irabazi egin zenuen, baina Daniel Ruiz bizkaitarrarekin lehia bizia izanda.
Oso lasterketa gogorra izan zen. Danik jarri zuen erritmoa hasiera hasieratik eta nik gurpilean joatea pentsatu nuen, baina kostatu egin zitzaidan. Gero, gorputzari buelta eman nionean lortu nuen bera momentu batean atzean uztea eta lehia irabaztea, baina egia esan, Danik ikaragarrizko lasterketa egin zuen. Oso aurkari gogorra izan zen.
Azkenean esprintean erabaki zen norgehiagoka.
Bai, azkeneko kurban ni sartu nintzen lehendabizi eta handik helmugara oso tarte txikia zegoenez, Danik ez zuen lortu ni pasatzea.
Zer sentitu zenuen urrezko domina zurea zela jakitean?
Ikaragarrizko poza. Lasterketan nindoala batzuetan pentsatzen nuen ezingo nuela proba irabazi eta garaipena Danirena izango zela. Momentu batean ordea, sinetsi nuen garaipena lortu nezakeela eta irabazi nuenean, ikaragarrizko zirrara sentitu nuen.
Ingurukoak han zeuden?
Bai ama eta anaia han zeuden eta horrek bereziagoa egin zuen garaipena.
Handik bueltakoan, mutiloarrek harrera berezia egin zizuten Peio Olaberriari eta bioi, ezta?
Bai, ezusteko handia izan zen biontzat eta nahikoa lotsa pasatu genuen! Dena den, oso berezia izan zen. Asko eskertzen da horrelako harrera bat egitea. Egiten duzunak herritarrak poztu egiten dituela jakiteak eta horrelako gauzek ilusioa ematen dute aurrera egiteko.
Urtarrilaren 29an eta 30ean ziklo-kroseko Munduko Txapelketa jokatuko da Sankt Wendelen (Alemania) eta han izango zara zu ere.
Bai, urtarrilaren 27an abiatuko gara hemendik. Oso pozik nago izugarrizko aukera baita guretzat han parte hartu ahal izatea. Egia esan, ez dugu zer eginik, maila oso altua dagoelako han, baina esperientzia hartzeko balioko digu eta beraz, oso aukera ona izango da guretzat.
Ziklo-kroserako doahin berezia duzula diote.
Egia esan, iaz Belgikan izan nintzen eta han prestatzeak puntu berezi bat eman dit. Ez nuen uste horrelako emaitza lortuko nuenik. Dohain bereziari dagokionean, ez dakit edukiko dudan… Nik uste dut besteak bezelakoa naizela. Azkenean, ez baduzu entrenatzen eta ez bazara saiatzen zaila izaten da emaitza onak lortzea. Niri ondo atera zait eta gustora nago.
2009tik 2010era bitartean Belgikan izan zinen ziklo-kroserako prestatzen. Nola sortu zitzaizun aukera hori?
Euskal Federazioak pentsatu zuen gure prestakuntza modua aldatzea eta aurrera samar ibiltzen ginen gazte batzuk Belgikara joan ginen. Prestatzaile batek prestakuntza berezia ematen zigun.
Alderik ba al dago hemengo eta hango saioen artean?
Prestakuntza guztiz desberdina zen. Han askoz ordu gehiago igarotzen genituen entrenatzen. Saioen intentsitatea gogorragoa zen eta oso zorrotzak ziren, loarekin, janariarekin, saioekin… Ziklo-Krosa eta oro har txirrindularitza bizitzeko beste modu bat dute eta gu ez gaude horrela ohituta. Oso gogorra izan zen, baina oso esperientzia polita ere bai, aldi berean. Nik uste dut merezi izan zuela sakrifizio horrek, gero emaitzak lortzeko.
Han ikasitakoa praktikan jartzen al duzu hemen?
Saiatzen naiz hango entrenamenduak hona ekartzen, baina zaila da, hemen ordutegi desberdina baitut. Ikasi egiten dut goizetan eta ezinezkoa da hango erritmoa eramatea. Dena den, ez dut denbora alferrik galtzen, neguan segituan iluntzen baitu. Eskolatik ordu bietan irtetzen naiz, ahal den azkarren bazkaldu eta 14:45ak aldera jada entrenatzen aritzen naiz. Hiruzpalau orduko saioak egiten ditut eta bi astean edo hiru astean behin, bost ordukoak.
Bakarrik edo Peio Olaberria herritarrarekin batera ibiltzen zara?
Eskolak uzten digunean eta denbora dugunean biok ibiltzen gara. Batzutan Gorka eta Jon Izagirre nire lehengusuekin ere egiten ditugu entrenamenduak, baina gutxiago. Horiekin ezin gehiagotan ibili, lehertuta eramaten gaituzte eta! [Irribarrez].
Nora joaten zarete?
Tolosaldera joaten gara normalean, lautada bila. Mendateak igotzean gorputzari gehiago exijitzen diogu eta tarteka sartzen ditugu horiek. Etxe ondoan Lierni- eta ditugunez tarteka igotzen ditugu. Astean behin edo, mendian ere ibiltzen gara. Zirkuitu bat dugu Liernin eta han ibiltzen gara hara eta hona, ahal duguna eginez.
Parrandarako adina ere baduzu. Nola daramazu hori?
Ez daukat ia parrandarako denborarik. Gainera, ezin gara ia inoiz atera, geure burua zaindu beharra dugu eta. Denboraldia bukatutakoan beti atsedena hartzen dugu eta bizikleta hartu gabe egoten gara denboralditxo batean. Orduan, irtetzen naiz batzutan eta denboraldiaren barruan ere bai, noizbehinka, baina beti kontrolatu egin beharra izaten dugu. Ni oso festa zalea ez naiz izan orain arte, baina orain ari naiz gustu pixka bat hartzen. Gogorra egiten da batzutan, zure lagunak joaten ikusten dituzulako baina beno, lotara ahal den azkarren sartu eta ahaztea tokatzen da [Irribarrez]. Azken finean, gustuko gauza bat egiten dut eta ondo daramat.
Laster errepidean hasi beharko duzu.
Bai, ziklo-kros denboraldia urtarrilaren 30an bukatuko dut eta otsailaren bukaeran edota martxoaren hasieran hasiko gara errepidean. Seguros Bilbao talde berrian ekingo diot denboraldiari eta oso gustura nago.
Errepidea nola ikusten duzu?
Aurten 23 urtez azpikoen mailan lehen aldiz arituko naiz errepidean eta beraz, aurkari gehienak zaharragoak izango dira eta esperientzia gehiago izango dute. Nik uste dut oso gogorra izango dela eta asko sufrituko dudala, baina prest nago ahal dudana egiteko. Dena den, saiatuko naiz nire buruari gehiegi ez exijitzen. Egia esan, nahiko nuke ondo ibiltzea baina oso zaila izango denez, taldeari ahal den gehien laguntzearekin eta itxura piska bat ematearekin konformatzen naiz.
Zein nahiago duzu ziklo-krosa ala errepidea?
Oraintxe bertan ez nuke jakingo esaten. Ziklo-krosa, txikitatik egin nahi izan dugun kirola da. Umetan errepideak baino gehiago erakartzen ninduen. Orain lortu ditudan emaitzak ikusita, ziklo-krosa serioago planteatzen hasi behar naizela uste dut. Agian kanpora joango naiz, baina hemen ez dugu baliabiderik horretarako eta horregatik joaten gara errepidera. Dena den, errepidea ere asko gustatzen zait eta ez nuke hola eta hala utziko.
Zure ametsa txirrindulari moduan zein da?
Lehendabizi profesionaletara iristea. Hori jada gauza handia izango litzateke. Berdin izango litzaidake profesionaletara, ziklo-krosean ala errepidean iritsi. Zerbait egiteko aukera izanez gero berriz, errepidean iparraldeko klasikoak korritzea gustatuko litzaidake. Beno ametsa denez, irabaztea. Eta ziklo-krosari dagokionean, iparraldean, Belgikan, Munduko Txapelketa irabaztea.