ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek pentsio erreformaren aurkako greba orokorra deitu dute bihar. Bozketa guztiak egin gabe badaude ere, enpresa eta udal ugarik egin du dagoeneko bat deialdiarekin Goierrin.
Beasaingo, Ordiziako, Lazkaoko, Legazpiko eta Zumarragako Udalak eta Goierriko hainbat ikastetxe eta enpresa atxikitu dira deialdira oraingoz, hala nola, CIE Automotive, CAF, Indar, Guerra Hermanos, Carrefour, Tensa edota Jaso. Hauez gain, ELA sindikatuko Ekaitz Oiangurenek atzo Beasainen egindako prentsaurrekoan azaldu zuenez «ehunka enpresa ertainek eta txikik ere deialdiari baiezkoa eman diote».
Enpresa batzuetan atzo egin zituzten asanbladak, eta beste batzuetan gaur egingo dituzte. Beasaingo prentsa agerraldian LABeko Usua Lasak azaldu duenez, «bilkuretan nabaria izan da euskal langileok deialdi honen arrazoiei emandako atxikimendua eta sostengua». Lasaren ustez, biltzen ari diren datuek «argiago» erakusten dute euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorra «atxikipen ugari eta zabala eskuratzen ari dela».
Zumarragan ere egin zuten atzo prentsaurrekoa. Oiangurenekin batera, LAB sindikatuko Josu Amenabarrek ere hitz egin zuen hemen. Bere hitzetan, «etzi ministro kontseiluak pentsioen erreformarako legea onartuko du, langileon kontrako azken erasoa izango dena. Aurreko lan erreformarekin lanpostuak sortuko zirela ere esan zuten eta hori fartsa bat besterik ez da izan, hori aplikatu zenetik langabezia %100,3 igo baita hemen».
Gobernuak hartu nahi dituen neurriek hainbat aldaketa eragingo dituzte pentsioen sisteman. Erretiro adina 64etik 67 urtetara igaroko da; pentsioa izateko beharrezko kotizazio urte kopurua handitu egingo dute; arautzeko oinarria kalkulatzeko urte gehiago hartuko dituzte kontuan eta jasotzen den diru kopurua ere murriztu egingo da. Sindikatuen esanetan euskal gehiengo sindikalak «euskal langileen eskubideekin duen konpromisoa berresten du eta irmo arituko da eraso guztien aurrean». Bihar, konpromiso hori «indarturik» aterako dela ere nabarmendu zuten. Azpimarratu zutenez, greba, «langileria erreforma bidez behin eta berriz jasaten ari den erasoen giroan kokatu behar da; oraingoan pentsio sistema da murrizketa bidez arriskuan dagoena».
Mobilizazioak
Aktibitate ekonomikoa gelditzeko biharko deialdiaren barruan, mobilizazioak ere antolatu dituzte. Hauek goiz-goizetik hasiko dira, piketeekin. Goierri behean 5:00etan jarri dute hitzordua, hiltegian.
Manifestazioak goiz-eguerdian eta arratsaldean egingo dituzte. Goizean Donostian bilduko dira Gipuzkoako langile guztiak, 12:00etan Artzai Onaren eliza parean. Arratsaldean, manifestazioak eskualdeka egingo dituzte. Goierrin bi egingo dira: Beasainen eta Urretxun eta Zumarragan. 18:30ean abiatuko dira bi manifestazioak. Beasaingoa udaletxeko plazan hasiko da eta Urretxukoa eta Zumarragakoa Areizaga-Kalebarrenen.
Zumarragan kartelak kentzen dituztela salatu dute
Zumarragako agerraldia udaletxea atzean zutela eskaini zuten ELA eta LAB sindikatuek. Honen arrazoia, Zumarragan urtarrilaren 27ko grebarako deia egiten zuten kartelak kendu izana da.
Sindikatuetako ordezkarien esanetan, Zumarragan «greba orokorrarekin lotutako propaganda kenduko zutenaren ustea genuen, eta halaxe izan da. Jarritako kartel eta pankarta guztiak 24 orduren buruan desagertu dira». Azaldu dutenez, «Zumarragako alkatearen jokaerak ez gaitu harritu. PSOEk orokorrean eta alkate jaunak zehazki, herriaren eta langileen mobilizaio honen aurka jokatzeko modu egokiena berau isiltzea dela uste dute, beraien menpean dituzten komunikabideetan egiten duten bezala». Hiru oinarri ere apiatu dituzte, mobilizazioen deialdia bermatzen duten eskubideei erreferentzia egin asmoz: «Informazio eskubidea, biltze eskubidea eta grebarako eskubidea».
Erabaki honen atzean bestelako asmoak gon litezkela ere azaldu dute. «Baliteke alkate honen proiekzio estrategiaren barruan, bere karrera politikoarekin bukatzeko bere konfiantzazko enpresa talde handi batean jubilatzeko planak egitea». Bigarren hipotesi bat ere aipatu dute sindikatuetako ordezkariek. «Agian noizbait pentsio handiena bermatuko dion kargu publikoren batean behar beste denbora egongo dela pentsatzen du. Jakin dezala alkateak, bigarren hipotesian, erreforma honek bete-betean eragiten diola».
Hala ere, lanean segiko dutela azaldu dute sindikatuek. «Finantza merkatuen gatibu den klase politikoak harturiko neurrien aurka mobilizatzeak duen garrantziaz informatu eta ohiko baliabideak erabiliz herritarrongan izango dituen ondorioak zein izango diren sozializatuko dugu».
Jarraitzen dutenez, «ez badugu ezer egiten, pentsio gutxiago, txarragoak eta beratiarragoak izango ditugu». Horregatik, herrian kartelak eta pankartak jartzen jarraituko dutela adierazi dute. Herritarrak ere ohartarazi dituzte: «ez badituzue ikusten, Zumarragako alkate jaunak berauek kendu eta ezkutatzea agindu duenaren seinale izango da. Ideiak isilarazi eta erreprimitzeko botere publikoa erabiltzeak, salagarria den praktika politiko bat izateaz gain, izen bat du, momentuz argitaratzea nahi ez dugun izen bat» amaitu dute.
Enpresa askotan asanbladak gaur egingo badituzte ere, jadanik hainbat enpresa atxikitu dira greba deialdira.
Beasain
• Guerra Hermanos
• CAF
• Indar Electricas
• Mecalsa
• Gema
• Beasaingo Udala
• Fundiciones del Estanda
• Autowag
• Alkartasuna lizeoa
• La Salle ikastetxea
• Olabe
Zaldibia
• Tuermeka
Ormaiztegi
• Industrias Seirak
Lazkao
• Katea Legaia
• Lazkaoko Udala
• Forjas Irizar
• Maizpide euskaltegia
Legazpi
• CIE automotive
• Legazpiko Udala
• Legazpiko musika eskola
• Haztegi ikastola
Ordizia
• Ordiziako kiroldegia
• Orkli koop.
• Ordiziako Udala.
• Jakintza ikastola
Idiazabal
• Jaso Izal
• Idiazabalgo udala
• Aita Iparragirre H.I.
Ezkio-Itsaso
• Fundiciones en cascara
• Tensa
• Talleres Eitza
Legorreta
• Prodema
• Zuekin
Olaberria
• Carrefour Norte
• HINE
Itsasondo
• Jaso Itsasondo
Zumarraga
• Zumarragako Udala
• La Salle Legazpi
• UGLE
• Urola Garaiko fundazioa
Urretxu
• UZ S. Koop
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.