Agenda 21eko bilera Zelai Arizti kultur etxean
Urretxuko eta Zumarragako eskola guztietako ikasleen ordezkariak bildu dira bi herrietako alkateekin. 2004tik 2008ra Agenda 21 programaren barruan landutako gaien jarraipena egin dute. Ura, energia eta hondakinak eta kontsumoa gaiak landu dituzte hain zuzen ere.
Ura
Uraren gaia lantzerakoan ondoen funtzionatu duena da zakarrak zakarrontzira eta ez errekara leloa. «Informeak egitea zaila egin» zaie. Eskolatako txorrotetan kontsumoa jaisteko gomak jarri dituzte, erreka garbitu dute, baratzerakoa euriaren ura probestu dute, komunetan kartelak -letrak eta marrazkiak- ipini dituzte kontsumo burutsua txikienen artean ere sustatzeko. Gai honekin lotuta Mikel Serranok Zumarragan egiten ari diren ur-hoditeriaren sektorizazioa aipatu zuen besteak beste. Iñaki Zabalak, «Irimok ur ikaragarri dauka onerako eta txarrerako» esan zuen «Irimok ematen duen ur hori guztia aprobetxatu nahi dugu». Urretxuko igerilekua Irimon dagoen Iturraundi iturburuko urarekin beteko dutela iragarri du alkateak.
Energia
Energiari dagokionez, «argi naturala gehiago erabiltzen» dutela diote ikasleek eta «fakturak alderatzea zailena» dela. Gelako arduradunari argiak itzaltzeko ardura gehitu diotela eta eskolako eredua etxera eraman dutela azaldu zuten ikasleek. Plaka fotoboltaikoak jarri dituen eskola badago eta dagoeneko Iberdrolari energia saltzen diona. Serranok esan zuen Led teknologia erabiltzen ari direla Zumarragako argiteria berria jartzeko. «Bidegorrin eta Etxeberrin jarri nahi ditugu». Urretxun 2010.ean %12 Kw gutxiago gastatu dutela esan zuen Zabalak. «Uglerekin batera egindako azterketa batzuetan argindarra aurrezteko moduak bilatu ditugu eta aurten %15 gutxiago igo nahi dugu».
Hondakinak eta kontsumoa
Hondakinak eta kontsumoa izan ziren landu zituzten azkeneko gaiak. Hasteko eta behin, eremu honetan hartutako konpromisoen betetze maila «erdipurdikoa» izan dela esan zuen aurkezleak.
Zailtasun gehienak ospakizunetan material berrerabilgarrien erabilera sustatzerakoan izan dituzte. Ekintzen artean, inprimagailuen zenbatekoa erabat gutxitu dute eskola batean, jangelako hondakinak konpostatzen dituzte eta birziklatzeko kaxak jarri dituzte gelatan.
Mikel Serranok gai hau Sasieta Mankomunitateak kudeatzen duela esan zuen eta «edukiontzi marroiak iraila eta urria artean jarriko» dituztela aurreratu zuen. «Sukaldeko suetatik pasa ez den zabor organikoa da. Erabiltzaileei izena hartuko diegu eta giltza emango diegu. Zabor-tasatan abantailak izango dituzte erabiltzaileek». Urretxuko alkateak urretxuarrak zoriondu zituen olio bilketa 2.000 litrotik 6.200 litrora pasa delako edukiontziak jarri dituztenetik.