Goierri erabat geldiarazi du gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrak
Euskal gehiengo sindikalak gaurko deitutako greba orokorrak erantzun zabala izan du Goierrin. Industria arloan, lantegi nagusiak eta tailer eta enpresa txiki gehienak geldirik daude. Kaleetan ere, erabatekoa izan da erantzuna eta denda, komertzio eta tabernak itxita daude Ordizian, Beasainen edota Lazkaon. ELA eta LAB sindikatuek deituta, goizean goizetik piketeak dabiltza herriz herri, auto kabaranan. LAB sindikatutik azaldu dutenez, “tailer txikiren bat” lanean ari zen, baina informazioa eman ondoren, hauek ere itxi egin dute.
Sindikatuen lehen balorazioa baikorra izan da. ELAko Patxi Agirrezabalagaren ustez, “arrakasta” izan da greba. Goizean azaldu duenez, “erantzun zabala” izan du grebak, batez ere Gipuzkoan, “ia erabatekoa”. LABeko Gorka Berasategik berriz, lehen datuen arabera, grebak “erantzunik handiena industrian” izan du. Arlo horretan, “erreferentzia” diren lantegiak geldirik daudela azpimarratu du. Kooperatiben arloan ere “jarraipen handia” izaten ari dela dio Berasategik. Irakaskuntza publikoan berriz, Gipuzkoan %80ko jarraipena izan du grebak, sindikatuen arabera, eta %90ekoa ikastoletan.