Joxe Arratibel ipuin biltzaile eta idazle ataundarra hil da
Joxe Arratibel (Ataun, 1923) ipuin-biltzaile eta idazlea herenegun hil zen Estibalitzen (Araba), 78 urte zituela. Ikerlari eta idazle lanak uztartu zituen bere ibilbidean zehar; besteak beste, ahozko tradiziotik jasotako ipuinak bildu eta argitaratu zituen. Azken lana, Izugarriak liburua, 2008an aurkeztu zuen, Ataunen bertan. 1923an jaio zen Joxe Arratibel Ergoienako Sariarte baserrian. Hamazazpi urterekin Lazkaoko fraide beneditarren komentuan sartu zen, eta hamar urte geroago apaiztu zen. Fraide bizimoduak, komentutik kanpo lan egitera ere eraman zuen. Izan ere, urteak eman zituen Venezuelan, misiolari lanetan. Euskal Herrira itzuli ondoren, 1964an, beneditarrek Estibalitzen (Araba) duten komentura joan zen, eta han bizi izan da geroztik. Komentuko hormen artean idatzi izan ditu bere lanik entzutetsuenak. 1980an, ‘Kontu Zarrak’ liburua argitaratu zuen, La Gran Enciclopedia Vasca bilduman. Ahozko tradiziotik jasotako ipuinak bildu zituen argitalpen hartan, eta kontalari aparta izateaz gain, ahozkotasuna gordetzeko konpromiso sendoa agertu zuen. Idazle eta kritiko ugarik goratu izan dute ‘Kontu Zarrak’ liburua. 1995ean berrargitaratu egin zuten, euskara batuan. Baina hura ez zen izan Joxe Arratibelek argitaratutako lan bakarra. ‘Mari Xor eta beste’, ‘Dirua neurtzeko ontzia’ edota ‘Erramun eta Mirentxu’ lanak ere kaleratu baititu harrezkero. Orain, ‘Izugarriak’ liburuarekin osatu du Arratibelek bere bilduma. Lan guztiotan, bere jaioterriko mundu magikoa eta mitologia jaso izan ditu, [...]
Joxe Arratibel, 2008an Ataunen, Joxe Angel Irigarayrekin solasean
Joxe Arratibel (Ataun, 1923) ipuin-biltzaile eta idazlea herenegun hil zen Estibalitzen (Araba), 78 urte zituela. Ikerlari eta idazle lanak uztartu zituen bere ibilbidean zehar; besteak beste, ahozko tradiziotik jasotako ipuinak bildu eta argitaratu zituen. Azken lana,
Izugarriak liburua, 2008an aurkeztu zuen, Ataunen bertan.
1923an jaio zen Joxe Arratibel Ergoienako Sariarte baserrian. Hamazazpi urterekin Lazkaoko fraide beneditarren komentuan sartu zen, eta hamar urte geroago apaiztu zen. Fraide bizimoduak, komentutik kanpo lan egitera ere eraman zuen. Izan ere, urteak eman zituen Venezuelan, misiolari lanetan. Euskal Herrira itzuli ondoren, 1964an, beneditarrek Estibalitzen (Araba) duten komentura joan zen, eta han bizi izan da geroztik.
Komentuko hormen artean idatzi izan ditu bere lanik entzutetsuenak. 1980an, ‘Kontu Zarrak’ liburua argitaratu zuen, La Gran Enciclopedia Vasca bilduman. Ahozko tradiziotik jasotako ipuinak bildu zituen argitalpen hartan, eta kontalari aparta izateaz gain, ahozkotasuna gordetzeko konpromiso sendoa agertu zuen. Idazle eta kritiko ugarik goratu izan dute ‘Kontu Zarrak’ liburua. 1995ean berrargitaratu egin zuten, euskara batuan.
Baina hura ez zen izan Joxe Arratibelek argitaratutako lan bakarra. ‘Mari Xor eta beste’, ‘Dirua neurtzeko ontzia’ edota ‘Erramun eta Mirentxu’ lanak ere kaleratu baititu harrezkero. Orain, ‘Izugarriak’ liburuarekin osatu du Arratibelek bere bilduma.
Lan guztiotan, bere jaioterriko mundu magikoa eta mitologia jaso izan ditu, euskara ulerterraz eta samur batean. Ahozko tradizio hori jasotzeko egindako lana azpimarratu dute egunotan. Jabier Kaltzakortak liburuaren azken orrialdeak hartzen dituen elkarrizketan dionez, «Izugarriak ez da ohiko liburua. Sasoi bateko kontalarien harikoa da, espezie galdua gurean». Liburuan bildu dituen ipuinak ere «ahozkotasunez gainezka egiten duten lanak ditugu, hizkera naturalaren gordailu, kontatzeko modu galdu baten zuzeneko lekukotasunak». Istorio eta kontakizun horiek guztiak, kate moduan transmititu izan dira. Hau ez al da azken katebegia izango.