Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean, Diputatuen Kontseiluaren bileran onartu zuen Ormaiztegiko Hiri Antolaketako Plan Orokorraren arabera, Ormaiztegin 246 etxebizitza berri eraikiko dituzte. Horietatik 136 prezio tasatukoak izango dira. Plan Orokorrak jarduera ekonomikoetarako hiru area berri ere aurreikusten ditu. Arantza Tapia, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi du, onartutako planaren helburua gaur egun indarrean dauden hirigintza arauak eguneratzea eta berrikustea dela «etxebizitza eta jarduera ekonomikoen arloko azpiegitura, errotazio eta hazkunde premiei erantzun ahal izateko». Ormaiztegik egun 1.326 biztanle ditu herrigune nagusiaren inguruan eta landa eremuko bi herrigunetan, Mendizabalen eta Udabarron, bizi direnak. Plan Orokorraren arabera egingo dituzten 246 etxebizitza horiek honela antolatuko dituzte: Lurzoru hiritargarrian, Antonene izeneko sektorean, 146 etxebizitza eraikiko dituzte eta horietatik 136 prezio tasatukoak izango dira. Lurzoru hiritarrean berriz, 65 etxe egingo dituzte Muxikan eta 24 Urbieta eremuan. Halaber, Erdialdean beste 6 etxebizitza joango dira eta Gabirialden 5. Jarduera industrialak Jarduera ekonomiko berrietarako hiru eremu zehazten dira Plan Orokorrean: lau hektarea dituen Zelaikoa eremua, 7,8 hektarea dituen Irai Errota area eta 2,3 hektarea dituen Dorraldegi eremua. Gipuzkoako Foru Aldunditik jakitera eman dutenez, hiru eremu horiek garatzeko alorreko plan bat beharko da. «Horrela, Ormaiztegik guztira 38,5 hektarea izango lituzke produkzio jardueretarako». Gizarte ekipamenduei dagokionean, Udalak gaur egun dituen azpiegiturak osatzeko [...]
Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean, Diputatuen Kontseiluaren bileran onartu zuen Ormaiztegiko Hiri Antolaketako Plan Orokorraren arabera, Ormaiztegin 246 etxebizitza berri eraikiko dituzte. Horietatik 136 prezio tasatukoak izango dira. Plan Orokorrak jarduera ekonomikoetarako hiru area berri ere aurreikusten ditu.
Arantza Tapia, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi du, onartutako planaren helburua gaur egun indarrean dauden hirigintza arauak eguneratzea eta berrikustea dela «etxebizitza eta jarduera ekonomikoen arloko azpiegitura, errotazio eta hazkunde premiei erantzun ahal izateko». Ormaiztegik egun 1.326 biztanle ditu herrigune nagusiaren inguruan eta landa eremuko bi herrigunetan, Mendizabalen eta Udabarron, bizi direnak.
Plan Orokorraren arabera egingo dituzten 246 etxebizitza horiek honela antolatuko dituzte: Lurzoru hiritargarrian, Antonene izeneko sektorean, 146 etxebizitza eraikiko dituzte eta horietatik 136 prezio tasatukoak izango dira. Lurzoru hiritarrean berriz, 65 etxe egingo dituzte Muxikan eta 24 Urbieta eremuan. Halaber, Erdialdean beste 6 etxebizitza joango dira eta Gabirialden 5.
Jarduera industrialak
Jarduera ekonomiko berrietarako hiru eremu zehazten dira Plan Orokorrean: lau hektarea dituen Zelaikoa eremua, 7,8 hektarea dituen Irai Errota area eta 2,3 hektarea dituen Dorraldegi eremua. Gipuzkoako Foru Aldunditik jakitera eman dutenez, hiru eremu horiek garatzeko alorreko plan bat beharko da. «Horrela, Ormaiztegik guztira 38,5 hektarea izango lituzke produkzio jardueretarako».
Gizarte ekipamenduei dagokionean, Udalak gaur egun dituen azpiegiturak osatzeko Zubipe eremuan dagoen eskola ekipamendua handitu egingo dute eta mediku kontsultategia berriz, Antonene areara aldatuko dute.
Espazio libreen erreserba berriz, 13.771 metro koadrokoa da eta honela dago banatuta: Erdialdean 3.508 m2 daude, Zubipen 3.803 m2, Urbietan 500 m2 eta Zelaetan 5.960 m2.
Bide azpiegiturei dagokionean, Plan Orokorrean jasota daude udalerria zeharkatzen duten errepideak, hau da, GI-632 Beasain-Durango eta GI-3540 Ormaiztegi-Legazpi errepideak. Foru Aldunditik jakitera eman dutenez, «Madrid-Hendaia trenbide linea eta abiadura handiko trena egiteko beharrezkoa den lur erreserba ere jasota daude planean».
Uholdeak izateko arriskua
Euskal Herriko Lurralde Antolaketako Batzordeak iaz txostena egin zuen uholdeak izateko arriskua duten eremuen inguruan. Txosten horretan eremu horiei ezartzen zaien baldintza ere jasotzen du Ormaiztegiko Plan Orokorrak. Horrela, uraren erabilera publikoko jardueretarako URA, Uraren Euskal Agentziaren baimena eskuratu beharko da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera «eta egun eskuragarri dagoen informazioa ikusita», Muxika eremuan aurreikusitako jarduerek, «uholde arriskuari lotutako baldintzarik ez lukete beteko eta ondorioz, ezinezkoa litzateke haiek baimentzea».
Atzera bota du
Azkenik, Aldundiak atzera bota du Apazelai alorraren behin betiko onarpena, «Beasain-Durango autobiatik eta hainbat industriatatik gertu dagoelako eta uholdeak izateko aurriskua dagoelako».