Aiert Zufiriak erraz irabazi du herritarren arteko txirrindulari lehia
Aiert Zufiriak erraz irabazi du gaur eguerdian, Herriko 23. Txirrindulari Proba. Bigarren Xabier Intsausti sartu da helmugan eta hirugarren berriz, Jon Urteaga Delgado. Eguerdiko hamabiak aldera, haurren txirrindulari probaren ondoren ekin diote helduek lehiari. Hogei lagunek parte hartu dute, guztiak gizonezkoak. Txirrundulariek plazatik irten eta Benta Txikira jo dute. Handik Poyan aldera abiatu dira eta bertako biribilgunean buelta hartu ondoren, berriz ere plazara joan dira. Ibilbide hori zazpi aldiz egin behar izan dute lana borobiltzeko. Ihesaldi askoko proba izan da, ikusteko polita. Ibilbidearen hasierako lehen metroak kirolari guztiek elkarrekin egin dituzte. Poyan inguruan ordea, taldea puskatu egin da eta hiru txirrindularik, Guillermo Urrestarazuk, Haritz Ugartek eta Bene Aguilarrek ihes egin dute. Bigarren itzulian, Bene Aguilar atzean gelditu da eta beste biek egin dute aurrera. Hirugarren itzulian, Haritz Ugartek ihes egin dio Urrestarazuri eta hainbat kilometro bakarrik egin ditu. Laugarren itzulian, Benta Txikitik bueltan zetozela, plaza parean Haritz Ugarte harrapatu egin du taldeak eta tarte batean tropelean joan dira. Poyaneko biribilgunean buelta hartu aurretik salbuespena eginez, gora igo dira txirrindulariak laugarren itzulian. Lehendabizi Haritz Ugarte iritsi da Poyanera eta horregatik Ampo saria jaso du. Bigarren Aitor Urkia iritsi da eta hirugarren Guillermo Urrestarazu. Bosgarren itzulian Alejandro Bikuña beteranoak alde egin du, [...]
Aiert Zufiriak erraz irabazi du gaur eguerdian, Herriko 23. Txirrindulari Proba. Bigarren Xabier Intsausti sartu da helmugan eta hirugarren berriz, Jon Urteaga Delgado.
Eguerdiko hamabiak aldera, haurren txirrindulari probaren ondoren ekin diote helduek lehiari. Hogei lagunek parte hartu dute, guztiak gizonezkoak.
Txirrundulariek plazatik irten eta Benta Txikira jo dute. Handik Poyan aldera abiatu dira eta bertako biribilgunean buelta hartu ondoren, berriz ere plazara joan dira. Ibilbide hori zazpi aldiz egin behar izan dute lana borobiltzeko. Ihesaldi askoko proba izan da, ikusteko polita.
Ibilbidearen hasierako lehen metroak kirolari guztiek elkarrekin egin dituzte. Poyan inguruan ordea, taldea puskatu egin da eta hiru txirrindularik, Guillermo Urrestarazuk, Haritz Ugartek eta Bene Aguilarrek ihes egin dute.
Bigarren itzulian, Bene Aguilar atzean gelditu da eta beste biek egin dute aurrera. Hirugarren itzulian, Haritz Ugartek ihes egin dio Urrestarazuri eta hainbat kilometro bakarrik egin ditu. Laugarren itzulian, Benta Txikitik bueltan zetozela, plaza parean Haritz Ugarte harrapatu egin du taldeak eta tarte batean tropelean joan dira. Poyaneko biribilgunean buelta hartu aurretik salbuespena eginez, gora igo dira txirrindulariak laugarren itzulian. Lehendabizi Haritz Ugarte iritsi da Poyanera eta horregatik Ampo saria jaso du. Bigarren Aitor Urkia iritsi da eta hirugarren Guillermo Urrestarazu.
Bosgarren itzulian Alejandro Bikuña beteranoak alde egin du, ikusleen animo oihuak eta txaloak eraginez eta atzetik jarraitu dio Guillermo Urrestarazuk. Beste zenbait ihesaldi ere izan dira tartean. Zazpigarren itzulian, azkenekoan, helmugarako hainbat metro falta zela, Aiert Zufiriak erasoaldia jo eta proba irabazi du. Bigarren eta hirugarren postuak esprintean erabaki dira eta Intsausti eta Urteaga sailkatu dira postu horietan, hurrenez hurren.
Aiert Zufiria oso gustura dago lortutakoarekin. «Beste urte batzutan erasoaldi bat baino gehiago egin izan ditut. Aurten gehiago neurtu ditut indarrak eta erasoaldia, azkenerako utzi dut. Denan den, ez nuen uste ihes egitea lortuko nuenik, eta bakarrik nengoela ohartu naizenean, atzera begiratu ere egin gabe helmugaraino joan naiz».
Pozik dago Xabier Intsausti ere bigarren postuarekin. Lehen itzulian gurpila zulatu egin zaio. «Arazoa konpondu eta gero ahalik eta azkarren tropela harrapatzen saiatu naiz», dio Intsaustik. Esfortzu handia egin behar izan du ordea, eta behin taldea harrapatu eta gero, indarrak berreskuratzen saiatu da. «Gero, izan diren erasoei erantzuten eta esprinerako ondo kokatzen saiatu naiz, horrela bigarren postua lortu arte, Aiertek erasoa urrutitik jo arren, ondo eutsi baitio tarteari eta erraz irabazi baitu txirrindulari proba».
Intsaustik beste behin, garbi utzi du sasoi onean dagoela. 23 edizioetan parte hartu duen txirrundulari bakarra da. 23 horietatik, 12 aldiz egin du bigarren, 3 aldiz lehenengo, hiru aldiz hirugarren, lau aldiz laugarren eta behin hemeretzigarren (orduan ere gurpila zulatu zitzaion).
Paella erraldoia
Helduen lasterketarekin batera, hasi dira Arretxe elkarteko kideak bazkarirako paella erraldoia egiten. 70 kilo arroz, 120 bat kilo oilasko, 25 kilo barazki (pipar gorriak, pipar berdeak, tipulak eta ilarrak) eta 15 kilo tomate erabili dituzte. 850bat lagunentzako otordua prestatu dute.
Askok aprobetxatu dute goiz partea, urtean zehar herritarrek ikastaroetan egindako eskulanak ikusteko ere. Festak irauten duten bitartean, udaletxe zaharrean egongo dira ikusgai taila lanak, margoak, hari lanak eta beste zenbait eskulan dotore.