Antzuola eta Ezkio-Itsaso lotuko dituen AHTren zatiko lehen harria jarri dute
Gaur hasi dituzte Antzuolan herri hori eta Ezkio-Itsaso lotuko dituen AHTren zatiko lanak. Zati horrek, ia zazpi kilometroko luzeera izango du eta 2016an bukatzea aurreikusten dute. Zati honek gainera, Euskal Y proiektuaren tunelik luzeena (5.360 metro) hartuko du bere baitan, Urretxu eta Zumarraga lurpetik gurutzatuko dituena.
Gaur hasi dituzten lanek, Antzuola-Ezkio-Itsaso zatiaren erdia hartuko dute, gutxi gorabehera (3,5 kilometro); Antzuolatik hasi eta Urretxu parera arte. Gainontzeko zatia, beste obra baten bidez esleituko dute. Zati osoak 240 milioi euroko aurrekontua izango du; gaur hasi dituzten lanek berriz, 119,9 milioitakoa.
Deskribapen teknikoa
Antzuolatik Ezkio-Itsaso aldera abiatuta, Deskargan ia 500 metroko zubia izango du. Segidan, bidearen trazatua bi hoditan bereiziko da, “Zumarragako tunelen ahokaduran beharrezkoa den tartea lortzeko”. Urretxu eta Zumarraga parean pasatzerakoan, gehieneko sakonera 230 metrokoa izango da. Tuneletako segurtasunari buruzko Europar araudiaren arabera, bi hodien arteko hamahiru lotura galeria proiektatuko dira, bat 400 metroz behin, larrialdiren bat gertatuz gero ebakuazioa ziurtatzeko. Azkenik, Zumarragako tunelen irteeran, ondoko zatian, Ezkio-Itsasoko geltokia egongo litzateke, “Abiadura Handiko Trenak EAE-n izango duen sei geltokietako bat”. Geltoki horren inguruko Informazio Azterlana egiten ari dira une honetan.
Gipuzkoako adarraren egoera
Une honetan AHTren Gipuzkoako 9 zatitan ari dira lanean. Hauetako 6 dagozkio Goierriri. Gaur hasi duten Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea zatia, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo eta Legorreta zatiak, hain zuzen ere.