Bigarren sailkatu da Erguin Espainiako neguko triatloi txapelketan
Jon Erguin beasaindarra bigarren sailkatu zen pasa den asteburuan Kantabrian jokatu zen neguko Espainiako triatloi txapelketan. Trigoi Triatloi Taldeko lau kide izan ziren Alto Campon egin zen lehian. Etor Mendia 18. sailkatu zen eta 40 eta 44 urte ar...
Jon Erguin beasaindarra bigarren sailkatu zen pasa den asteburuan Kantabrian jokatu zen neguko Espainiako triatloi txapelketan. Trigoi Triatloi Taldeko lau kide izan ziren Alto Campon egin zen lehian. Etor Mendia 18. sailkatu zen eta 40 eta 44 urte artekoen artean lehena izan zen. Emakumezkoen artean Naroa Arrieta 19. sailkatu zen eta Maite Murgiak lasterketa utzi egin behar izan zuen zulatua izanda.
Lau taldekideak gustura daude lortutako emaitzekin eta penaz hartu zuten Murgiaren ezustekoa. Probaren gogortasuna eta bukaerako nekea izan da probatik azpimarratu dutena. Izan ere, elur faltak probaren ibilbdea aldatu beharra ekarri zuen eta bizikletan hiru kilometro gehiago egin behar izan zituzten. Guztira Reinosa herrian 10 kilometro korrika, El Chivo gailurrera 27 kilometro bizikletan eta 6 kilometro iraupen eskia eginez egin behar izan zituzten.
Llanos hasieratik nagusi
Eneko Llanosek lortu zuen garaipena Kantabrian eta Trigoi taldeko kideek zehaztu dutenez hasieratik jarri zen aurrean. Korrikako saioan nagusi izan zen Llanos eta bizikletan ere aurkariekiko zuen errenta mantendu zuen. Erguinek indarrak gorde zituen amaierarako eta bizikleta gainean gogor aritu ondoren bigarren iritsi zen El Chivo gainera. Eskiatzen ere Llanos izan zen onena eta Erguin aurrea hartzen saiatu bazen ere ezin izan zuen, nekeak jota eta kalanbreekin bigarren postua mantentzen saitu baitzen.