Enpresa «gehiago eta sendoagoak» behar direla dio Pello Gonzalezek
Goierriko eta Gipuzkoako enpresen lana eta «langileak mantentzeko ahalegina» goraipatu zituen Pello Gonzalezek herenegun, Goieki garapen agentzian eman zuen hitzaldian. Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak, aldundiak azken hiru urteetan landutako Kudeaketa Planaren berri eman zien eskualdeko enpresariei. Hauek, euren iritzia eman eta galderak egiteko aukera ere izan zuten segidan egin zuten solasaldian. Berriketa «mamitsua» izan zen, antolatzaileen esanetan. Entzuleek diputatuari egin zizkioten galderen artean,langabeziaren gaia atera zen. Gonzalezen hitzetan, «Gipuzkoa da Estatuan langabezia tasa txikiena duen lurraldea; eta hori, enpresek langileak mantentzeko egin duten ahaleginaren isla da». Zentzu horretan, «ongizatearen gizartea nahi badugu, enpresa gehiago eta sendoagoak» behar direla azaldu zuen Gonzalezek, eta horretarako, «enpresarien figura babestu, euren arteko harremanak sendotu eta merkatu berrien bila joan behar dugu». Enpresentzako laguntzak ere hizpide izan zituzten. 2011ko krisiaren kontrako planean, «oro har, laguntzak mantendu» egingo dituztela argitu zuen Gonzalezek. Plangintza horren harira, nazioartera ateratzeko proiektuen beharra azpimarratu eta proiektu horientzako atal berezi bat dutela ere gogorarazi zuen. Helburuak betetzen Foru Aldundiak Gipuzkoa Eraikitzen ekimena aurkeztu zuenetik, herriz herri ari dira bilerak egin eta «Aldundiaren kudeaketa herritarrekin partekatzeko eta aztertzeko» saioak egiten. Goierrin orain arte egin direnak, herritarrentzako saio irekiak izan dira. Goiekin egin zutena ere irekia zen, baina batez ere, enpresa [...]
Goierriko eta Gipuzkoako enpresen lana eta «langileak mantentzeko ahalegina» goraipatu zituen Pello Gonzalezek herenegun, Goieki garapen agentzian eman zuen hitzaldian. Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak, aldundiak azken hiru urteetan landutako Kudeaketa Planaren berri eman zien eskualdeko enpresariei. Hauek, euren iritzia eman eta galderak egiteko aukera ere izan zuten segidan egin zuten solasaldian. Berriketa «mamitsua» izan zen, antolatzaileen esanetan.
Entzuleek diputatuari egin zizkioten galderen artean,langabeziaren gaia atera zen. Gonzalezen hitzetan, «Gipuzkoa da Estatuan langabezia tasa txikiena duen lurraldea; eta hori, enpresek langileak mantentzeko egin duten ahaleginaren isla da». Zentzu horretan, «ongizatearen gizartea nahi badugu, enpresa gehiago eta sendoagoak» behar direla azaldu zuen Gonzalezek, eta horretarako, «enpresarien figura babestu, euren arteko harremanak sendotu eta merkatu berrien bila joan behar dugu».
Enpresentzako laguntzak ere hizpide izan zituzten. 2011ko krisiaren kontrako planean, «oro har, laguntzak mantendu» egingo dituztela argitu zuen Gonzalezek. Plangintza horren harira, nazioartera ateratzeko proiektuen beharra azpimarratu eta proiektu horientzako atal berezi bat dutela ere gogorarazi zuen.
Helburuak betetzen
Foru Aldundiak Gipuzkoa Eraikitzen ekimena aurkeztu zuenetik, herriz herri ari dira bilerak egin eta «Aldundiaren kudeaketa herritarrekin partekatzeko eta aztertzeko» saioak egiten. Goierrin orain arte egin direnak, herritarrentzako saio irekiak izan dira. Goiekin egin zutena ere irekia zen, baina batez ere, enpresa munduko jendeari zuzendutakoa, arlo ekonomikoa jorratu zelako batez ere.
Aldunditik azaldu dutenez, Kudeaketa Planean zehaztutako helburuen %87,6 beteta zituzten 2010eko ekainerako. Bitarte horretan, 100 milioi euro bideratu dituzte Krisiaren Aurkako Planera. Programa horren baitan, 182 berrikuntza proiektu jarri dira martxan; 181 gazte kualifikatu kontratatu dituzte ; gutxitasun fisikoengatik baztertze arriskuan zeuden 5.500 lagun lan mundura bideratu eta 8 azpiegitura teknologiko sustatu dituzte.
Orain arteko aurkezpen ekitaldietan parte hartu duten herritarrei, galdetegi bana eman zaie. Prozesua bukatutakoan, emaitzak jasotzen dituen memoria bat osatu eta publiko egingo dutela jakinarazi dute aldunditik. Saio hauetara joaterik izan ez baina euren iritzia eman nahi dutenek,
www.gipuzkoapartehartzen.net webgunean dute aukera.