Herritarrei elkartasunagatik eskerrak eman dizkie Bai Udalbiltza Sareak
Urretxuko eta Zumarragako Bai Udalbiltza Sareak herritarrei «eskerrak» eman zizkien atzo, azken hilabeteotan Udalbiltza auziari eman dioten «erantzunagatik». Labeaga aretoan egin zuten agerraldia, sindikatu, alderdi politiko eta eragile desberdinetako ordezkariekin.
Bai Udalbiltzari Sareko Aitor Garmendiak adierazi zuenez, «zorionez, atzean geratu da duela zazpi urte hasitako ametsgaiztoa. Ez da ahaztu behar, auziperatu batzuk euren etxeetatik bortizki atera zituztela, instituzioaren lokalak itxi, kohesio fondoko dirua bahitu eta auziperatu askok espetxean hilabeteak igaro zituztela». Bere hitzetan, «epaiketa hauetan, errugabea izatea ez da inoiz berme bat, sortzetik, argi baitago motibazio politikodun epaiketak direla. Horregatik, ezinbestekoa da herritik garatzen den erantzuna. Hori horrela, emandako erantzuna, mobilizazio maila eta herritarrek erakutsitako elkartasuna zoriondu egin behar dira».
Auziperatuen hitzak
Agerraldian Miren Josu Aranburuk eta Joseba Garmendiak ere hitz egin zuten. Lehenengoaren hitzetan, «8 urte luze izan dira. Luze, bertan izandako sentipenak eta bizipenak asko eta mota askotakoak izan direlako». Eskertza nori egiten zioten ere argi utzi zuen. Urte hauetan eta batez ere epaiketa hasi zenetik, «zuen elkartasun eta babes ekimenen bitartez jasan behar izan ditugun egoera desberdinei aurre egiten lagundu diguzuenoi».
Jaso dituzten itxaropena eta indarra «beharrezkoak» izan direla nabarmendu zuen eta baita «euskarri izan direla» ere, «orain gauden lekuan egon ahal izateko». Herritarrei Udalbiltzaren lana eta balioa eta eskubideen defentsa «kalean bizirik» mantendu dituztela adierazi zien, «beraz, mila esker, gu hemen egotearen arrazoietako bat zuek eta zuen lana delako eta epaia izan dena ez balitz ere, gugandik gertu egoteko prest zaudetelako».
Joseba Garmendiak, bere aldetik, «guztiei» eman zizkien eskerrak. «Absoluzioa lortu bada, zuei esker ere izan da. Epaiak absoluzioa ematen du, pertsonentzako eta instituzioarentzako, Euskal Herriak aro modernoan izan duen lehen instituzio nazionala da. Zapuztua izan da, baina datozen hauteskundeak egin eta gero, Udalbiltza ireki, zabal eta anitz bat martxan jarri dadila da gure gogoa, Euskal Herriko herri guztien arteko auzolanak eta kolaborazioak bultzatu ahal izateko».
Azkenik, gogoratu zuen, epai honekin aurretik egon diren beste epaiketa batzuetan ere «absoluzioa» lortuko litzatekeela. «Jarrai, Haika eta Segiko gazteak, 18/98 kasuko zigortuak, Askatasunako eta gestoretako kideak… guzti hauek ekimen politiko hutsak egiteagatik daude espetxean. Epai honetako arrazoiekin guzti hauek kalean egon beharko lukete». Amaitzeko, halako epaiak «maizago gertatzeko» itxaropena agertu zuen «herri honek bakerantz eta normalizazio politikorantz urratsak eman ditzan. Beste eskenatoki politiko berri bat irekitzeko guztiok eman behar ditugu urratsak».