Indartsua eta bizia dator Olaberriko txakolinaren aurtengo uzta
Iazko mahats uztaren txakolin emaria ontzen ari da. San Anton egunean, urtarrilak 17, Getarian (Gipuzkoa) aurkeztu zituzten sormarka horren pean merkaturatzen diren 24 upategitako edariak, tartean Goierriko bakarra: Olaberriko Bengoetxe txakolina. Getariako Txakolina izenarekin hirugarren urtea du Iñaki Etxeberria eta Ana Mari Urteaga senar-emazteen edariak, eta etxeko lau hektarea inguru mahastik damaieten uzta deposituetan ontzen ari dira. Sormarkaren eskakizunez San Anton egunerako botilaratu behar izan dituzte litro batzuk, baina oraindik garaizegi dela aitortu du Etxeberriak: «Presaka antzean da oraindik. Apirilean botilaratu eta maiatzean aterako dugu aurtengo txakolina. Botilan hilabete behar du gutxienez». Urriaren 3-4an bildu zuten mahatsa, 25 tona inguru. Denera 17.000 litro muztio dituzte altzairu herdoilgaitzezko deposituetan; «posoa kenduta ez da iritsiko 17ra; 16.500 litro edo holakoren bat aterako dira», kalkulatu du Olaberriko txakolingileak. Banaketa-etxeen bidez merkaturatuko dute txakolin produkzioaren zati handiena, euren kabuz gainontzekoa. Eskualdeko tabernetan eta dendetan aurkitu ahalko da. Gehiena Goierrin eta Gipuzkoan saltzen dute, baina AEBetara, Frantziara –Parisera batik bat– eta Espainiara ere esportatzen hasiak dira. Portugaldar handizkariek ere agertu diete interesa. Alkohol askokoa Urriaren hasieran bildu zuten mahats uzta. Alkoholeez 12,5 gradu da txakolina oraingoz, «gehiegitxo» ote daukan aitortu du Etxeberriak. «Iraileko azken ostegunean begiratu nion mahatsari errefraktometroarekin, eta 10 graduan zegoen gehiena. Oraindik [...]
Iazko mahats uztaren txakolin emaria ontzen ari da. San Anton egunean, urtarrilak 17, Getarian (Gipuzkoa) aurkeztu zituzten sormarka horren pean merkaturatzen diren 24 upategitako edariak, tartean Goierriko bakarra: Olaberriko Bengoetxe txakolina. Getariako Txakolina izenarekin hirugarren urtea du Iñaki Etxeberria eta Ana Mari Urteaga senar-emazteen edariak, eta etxeko lau hektarea inguru mahastik damaieten uzta deposituetan ontzen ari dira.
Sormarkaren eskakizunez San Anton egunerako botilaratu behar izan dituzte litro batzuk, baina oraindik garaizegi dela aitortu du Etxeberriak: «Presaka antzean da oraindik. Apirilean botilaratu eta maiatzean aterako dugu aurtengo txakolina. Botilan hilabete behar du gutxienez».
Urriaren 3-4an bildu zuten mahatsa, 25 tona inguru. Denera 17.000 litro muztio dituzte altzairu herdoilgaitzezko deposituetan; «posoa kenduta ez da iritsiko 17ra; 16.500 litro edo holakoren bat aterako dira», kalkulatu du Olaberriko txakolingileak.
Banaketa-etxeen bidez merkaturatuko dute txakolin produkzioaren zati handiena, euren kabuz gainontzekoa. Eskualdeko tabernetan eta dendetan aurkitu ahalko da. Gehiena Goierrin eta Gipuzkoan saltzen dute, baina AEBetara, Frantziara –Parisera batik bat– eta Espainiara ere esportatzen hasiak dira. Portugaldar handizkariek ere agertu diete interesa.
Alkohol askokoa
Urriaren hasieran bildu zuten mahats uzta. Alkoholeez 12,5 gradu da txakolina oraingoz, «gehiegitxo» ote daukan aitortu du Etxeberriak. «Iraileko azken ostegunean begiratu nion mahatsari errefraktometroarekin, eta 10 graduan zegoen gehiena. Oraindik ez zegoen biltzen hasterik. Ostiralean hegoia eta eguzkia atera zuen, eta iganderako 12an zeuden jada. Orain 12,5eko bataz bestekoa dauka. Bost-sei egun hegoia indarrean eta eguzkia egin zuen; mahatsa heldu ez zen egin, pasifikatu baizik, likidoa galdu. Horrela azukre gehiago geratu zaio».
Hala ere, alkohola 12 gradu ingurura jaisteko ahaleginean ari dira txakolingileak Bengoetxen, manolaktika teknikaren bidez (artzitze prozesuan azido malikoa laktiko bihurtzea) depositu bati eragin, graduazioa jaitsi eta besteei nahasiz. Txikiteorako «fuerteegia» izan daiteke orain dagoen bezala, «baina bisigu on bat janez edateko ona dator».
Alkoholez bezala miztasun edo azidez aldetik ere ohi baino altuago dator, 8 gradu pasatxo. «Arraroa izan da aurtengo mahatsaren prozesua, heltzen ez delako etorri prozesu normalean, baizik azkenean oso agudo kolpea jo zuen. Alkoholez 12,5 gradurekin miztasuna 7,5era edo jaitsi behar zitzaion, eta muztioak ia 10 zeukan. Artzitu ondoren beheratu egiten zaio beti ere», dio Etxeberriak.
Txakolina ohi baino indartsuagoa eta biziagoa jaio bada ere, deposituetako egonaldian ari da leuntzen, eta aurtengo ekoizpena «ona» izango dela aurreratu dute. Dastatuta gozotasuna nabari zaio txakolinari. «Gozo puntu hori beti izango du, baina bajatu egin behar zaio oraindik. Baita mikaztasuna ere. Ideala alkoholez 12 gradu ingurukoa da, eta mikaztasunez 7koa edo. Sariak emateko azidez gutxi behar du».
Ekologikoaren apustua
Getariako izendapenaz gain, ekologikoaren ziurtagiria ere badu Bengoetxe txakolinak. Urteagak eta Etxeberriak garbi daukate ekologikoki ekoiztearen apustua. «Kanpoan geroz eta gehiago hori eskatzen ari dira gainera. Gas karboniko artifiziala sartzearena, adibidez, debekatzera iritsiko dela iruditzen zait, zeren urdailarentzat kaltegarria dela esaten dute adituek», azaldu du Etxeberriak. Bengoetxe txakolinari ez diote ez gas karbonikorik, ez bestelako osagai kimikorik botatzen; «sulfuroso pixka bat kontserbatzaile gisa, besterik ez».
Txakolinaren ustezko ezaugarri den txinparta aipatu dute olaberritarrek adibidetzat. «Irakiterakoan mahatsak berak sortzen duen gasak ematen du txinparta. Gertatzen dena da kanpotik sartzen dioten gas karbonikoarena izaten dela ia gehiena. Guk ez diogu sartzen, daukana berea du. Txakolinaren buruko mina gasarena da, burura segituan horregatik igotzen da».
Txinparta asko izateak kostaldean estimu handia dauka. «Han denak gas karbonikodunera ohituta daude, eta marka mota bat hartzen dute txakolintzat. Han ere geroz eta gutxiago ari dira sartzen, baina sartzen dute oraindik. Batzuek gaseosa ematen dute. Praxairretik ekarritakoa da hori, ez mahatsekoa», ohartarazi du.
Ekologikoki ekoitzia izateak Bengoetxe txakolinari iraupenerako ere mesede egiten dio, Etxeberriak esan duenez. «Baditut hemen hiru urteko botilak, eta onak daude. Produktu kimiko guztiek azkenean zerbait eragiten dute, melaxkatu egiten dute».
Berrikuntzak saiatzen
Urteroko legez txakolina egiteaz gain, aurten beste lan bat ere badarabilte Bengoetxe baserrian. Gorputz gehiagoko txakolina sortu nahi dute, eta depositu bat horrekin pentsatuta daukate ontzen. «Normalean geratzen den posoa kendu egiten zaio, eta ardoa garbi-garbia ateratzen da. Proba egin behar dugu poso hori nahastuta nolakoa ateratzen den. Gorputz gehiagokoa, ardo itxura handiagokoa irtengo da».
Txakolin berezi bezala beste etiketa batekin merkaturatuko lukete. «12,5 gradurekin merezi du bestelako txakolin bat ateratzen saiatzea».
Baserriko lur sailei aprobetxamendua emateko hasi zuten ideiak txakolin ederra eman du berriz ere, Goierriko bakarra.
Lizarran hirugarren saria lortu zuen iaz Bengoetxe txakolinak, lehenbiziko aldiz
Mahastiak zaintzeaz eta txakolina ateratzeaz gain, merkaturatzeko beharrak ferietara eta lehiaketetara ere hurbilarazi ditu Bengoetxeko ekoizleak. Iaz, Getariako Txakolin gisa zeramaten bigarren denboraldian, sari bat lortu zuten. Lizarran (Nafarroa) Brontzezko Izarra hirugarren saria eskuratu zuten.
«Ardo munduan txakolina gutxi puntuatu ohi dute normalean. Iaz manolaktiko eran egindako sail bat genuen, ardo itxura gehixeago duena. Hura bidali genuen Lizarrara. Kataluniarrei, frantsesei eta estatubatuarrei hura gustatzen zaie gehien», dio Etxeberriak. Enologoek eta lehiaketetatko epaileek «mikaztasun gehiegi» bilatzen diote txakolinari Etxeberriaren ustez.
Ezagutarazteko eta erosleak aurkitzeko beste modu bat feriak dira. Madrilen eta Iruñean egon izan da Bengoetxe txakolina.