Goierriko biztanleria %6 hazi da azken hamar urteetan eta 69.444 lagun bizi dira egun
Hamar urteotan hazi egin da Goierriko biztanleria. Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) emandako datuen arabera, 69.444 lagun bizi dira eskualdean; 2.000. urtean baino lau mila lagun gehiago. Honela, azken hamarkadetako beheranzko joera gelditu egin da. Goierriko biztanleriak 80. hamarkada hasieran jo zuen gaina, 70.000 biztanleko muga gaindituta. Hogeita hamar urte geroago, kopuru horietatik gertu dago berriz ere.
Gorakada honen arrazoiak aztertzerako garaian, hainbat faktore hartu behar dira kontuan, adituen ustez. Batetik, 70. hamarkadan izandako baby boom fenomenoa aipatu behar da. Izan ere, garai hartan ume asko jaio zen, eta belaunaldi hura, 30 urte geroago, umeak izaten hasi da. Horrek, jaiotza berrien kopuruak ere gora egitea ekarri du. Biztanleriaren adinkako banaketaren datuak ikusita ere garbi ikusten da hori. Izan ere, 14 urtez azpikoak, biztanlego osoaren %14,82 dira (2005ean %13,11 ziren). Orokorrean, Goierriko biztanleria gaztetu egin dela esan liteke. Izan ere, 65 urtetik gorako goierritarren proportzioak behera egin du azken bost urteetan. Orain, populazioaren %19,34 dira (%20,63 ziren 2005ean).
Populazioaren hazkundean eragin duen beste faktoreetako bat, immigrazioarena da. Etorkin kopuruak gora egin du azken urteetan, eta dagoeneko, goierritarren %7,13 dira atzerritik etorritakoak; hau da, 4.785 lagun guztira. Datu hori adierazgarriagoa da Goierri behean Goierri garaian baino, kopuru hau %9,22koa baita Goierri Beherko herrietan.
Herririk gehienak gora
Eskualdean bezala, Goierriko herririk gehienetan ere gora egin du biztanlegoak. Goierri beheko hiru herririk handienak, Beasain, Ordizia eta Lazkao, hazi egin dira hamar urteotan. Goierri Garaian kontrakoa gertatu da; Zumarragak eta Legazpik behera egin dute, Urretxuk berriz gora.
Herri ertainei dagokionean, orokorrean hamarkada ona izan da. Idiazabalek, Ataunek, Zegamak, Segurak, Ormaiztegik eta Legorretak, biztanle kopuru handiagoa dute. Zaldibia izan da herri hauen artean behera egin duen bakarra. Herri txikietan, Olaberriak, Itsasondok, Ezkio-Itsasok, Gabiriak, Mutiloak, Aramak eta Altzagak gora egin dute; Zerain eta Gaintza berriz, paretsu daude.
Etorkizunera begira
Datu horiek, Goierriko biztanleriak azken hamar urteetan izandako garapena erakusten dute, baina kontu handiz aztertu behar dira. Izan ere, hamarkada osoa ikusita jaiotzek gora egin badute ere, iaz hasi zen tasa hau aurreneko aldiz jaisten. Eta INEren aurreikuspenek diotenez, beherako bidean jarraituko dute. Hala, datozen hamar urteetan, heriotza tasak jaiotzeena gaindituko duela aurreikusten dute adituek.
Nolakoa zen Goierri duela ehun urte?
Herri batek nora doan jakiteko, aurrena nondik datorren jakin behar duela esan ohi da. Horregatik, tarteka komeni izaten da atzera begiratu eta gure arbasoen bizimoduari begira jartzea. Mende batek askorako eman dezake, eta demografiari dagokionean ere, aldaketa handiak izan dira Goierrin.
Biztanleriari dagokiona datu esanguratsua da. 1.900. urtetik hona, hirukoiztu egin da eskualdeko biztanle kopurua; garai hartan 22.212 lagun bizi ziren Goierriko 22 herrietan. Orain, halako hiru dira: 69.444, alegia.
Baina eskualdean ez ezik, herrietan ere aldaketa handiak utzi ditu denboraren joanak. 1.900. urtean, Ataun (2.663) zen Goierrin biztanle gehien zuen herria. Atzetik zituen Zegama (2.055), Zumarraga (2.034) eta Beasain (1.932). Azken bi herri horiek izan dira, Legazpi eta Ordiziarekin batera, gehien hazi diren udalerriak; baita Urretxu eta Lazkao ere. Herri horiek, industrializazio garaian ezagutu zuten igoerarik handiena, batez ere, 60. hamarkada inguruan.
Garai bateko herririk handienak ziren haiek, Ataun eta Zegama, atzera gelditu dira biztanle kopuruari dagokionean, eta ehun urteotan galdu egin dute orduko herritar kopurua. Herririk txikienei dagokionean, Mutiloak eta Zerainek bostehun biztanletik gora zituzten orduan; orain berriz, ez dira kopuru horren erdira ere iristen.
Kuriosoa badirudi ere, 36ko gerrak ez zuen aparteko eraginik izan Goierriko demografian; 30. hamarkadan, gutxi baina gora egin zuen biztanle kopuruak, eta 40. hamarkadatik aurrera, etengabea izan zen hazkundea.
Industrializazioaren eragina
Hain zuzen ere, industrializazioarekin batera, 50. eta 60. hamarkadetan hasi zen Goierriko biztanlegoa hazten. Industria gehien sortu zen inguruetan pilatu da harrez gero jenderik gehiena, eta hala, lehen aipatutako Beasain-Ordizia eta Zumarraga-Urretxu guneak eta Legazpi hazi dira gehien. 70. hamarkadaren bukaeran eta 80.aren hasieran izan zuen biztanle kopururik handiena, 70.000 laguneko mugatik gora. 70. hamarkadako baby boom fenomenoak ere izan zuen eraginik gorakada horretan.