Ainara Gorostizu kazetari ataundarrak irabazi du Debako Tene sarietako bat
Ainara Gorostizuren EtorkiZUnak proiektua saritu dute Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene sarietan, sariaren arduradunek Donostian gaur jakinarazi dutenez. Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarrekin aurkezturiko Benito, plazer bat izan duk egitasmoa da beste saria jaso duena. 2010eko deialdian aurkeztutako “lanen kalitatea” aintzat hartuta, Tene saria bitan banatzea erabaki du bekako epaimahaiak (Lorea Agirre beasaindar, Elixabete Garmendia ormaiztegiar eta Alberto Barandiaran altsasuar kazetariek osatua). Debako Udalak, berriz, epaimahaiaren eskaria aintzat hartuta, bikoiztu egin du sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Gorostizuk EtorkiZUnak egitasmoarekin immigrazioaren errealitatea etorkinen euren ikuspegitik kontatu nahi du. Markezek eta Aristik, berriz, Benito Lertxundi kantariarekin urteetan egindako bazkari eta bazkalosteko solasetan oinarrituta prestatu dute proiektua. Haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi dituzte. Egileek urtebete izango dute proiektuak liburu gauzatzeko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak. Gorostizu (Ataun, 1981) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta euskal prentsa idatzian ibilia: Euskaldunon Egunkaria-n aurrena, eta gaur egun Berria-n. ZuZeu albistari digitaleko kolaboratzailea da. Liburu bat ere badu, Nerea Eliasekin batera: Eta gerra etorri zen. 36ko gerraren eragina Ataungo eguneroko bizimoduan (2008), Gerriko ikerketa saria eskuratu zuena. Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1963) idazle, kazetari eta gidoigilea da, liburu eta erreportaje askoren egilea. Markez (Errenteria, 1971) kantari gisa da batez ere [...]
Ainara Gorostizuren EtorkiZUnak proiektua saritu dute Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene sarietan, sariaren arduradunek Donostian gaur jakinarazi dutenez. Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarrekin aurkezturiko Benito, plazer bat izan duk egitasmoa da beste saria jaso duena. 2010eko deialdian aurkeztutako “lanen kalitatea” aintzat hartuta, Tene saria bitan banatzea erabaki du bekako epaimahaiak (Lorea Agirre beasaindar, Elixabete Garmendia ormaiztegiar eta Alberto Barandiaran altsasuar kazetariek osatua). Debako Udalak, berriz, epaimahaiaren eskaria aintzat hartuta, bikoiztu egin du sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Gorostizuk EtorkiZUnak egitasmoarekin immigrazioaren errealitatea etorkinen euren ikuspegitik kontatu nahi du. Markezek eta Aristik, berriz, Benito Lertxundi kantariarekin urteetan egindako bazkari eta bazkalosteko solasetan oinarrituta prestatu dute proiektua. Haren testigantza eta gogoetak modu literario batean jaso nahi dituzte.
Egileek urtebete izango dute proiektuak liburu gauzatzeko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak.
Gorostizu (Ataun, 1981) Euskal Filologian lizentziaduna da, eta euskal prentsa idatzian ibilia: Euskaldunon Egunkaria-n aurrena, eta gaur egun Berria-n. ZuZeu albistari digitaleko kolaboratzailea da. Liburu bat ere badu, Nerea Eliasekin batera: Eta gerra etorri zen. 36ko gerraren eragina Ataungo eguneroko bizimoduan (2008), Gerriko ikerketa saria eskuratu zuena.
Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1963) idazle, kazetari eta gidoigilea da, liburu eta erreportaje askoren egilea. Markez (Errenteria, 1971) kantari gisa da batez ere ezaguna, baina bestelako lanak ere egin ditu, betiere musikaren zabalkundean; hala-nola, Trikitixa Elkartean, Herri Irratian esatari gisa, baita prentsako kolaborazioetan ere.
“Gure historia hurbilaz biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak edota ikerketak bultzatzeko” sortu zuten Debako Udalak eta Elkarrek Tene saria, Debako alaba Tene Mujika idazlearen omenez.