Torturaren Aurkako Egunean elkarretaratzeak egingo dituzte Seguran eta Beasainen
Igandean, Torturaren Aurkako Eguna dela eta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak elkarretaratzeak antolatu ditu Seguran, eguerdiko hamabietan plazan eta Beasainenen, ordu berean Zubimuzu plazan. Ondoren, goierritar guztiei Zizurkilera joateko deia egin die AAMk, bertan Joxe Arregiren omenezko ekitaldia egingo baitute 13:00etan Arregi plazan.
Ataunen berriz, otsailaren 14an Inaxio Aierbe hil zela hamaika urte beteko direnez, Inaxio Aierbe plazan elkarretaratzea, lore eskaintza… egingo dituzte astelehenean.
Tortura salaketak
Torturaren Aurkako Taldeak jakitera eman duenez, 2010ean tortura salaketek gora egin zuten. 2009an 45 tortura salaketa jaso zituen TATek, iaz berriz, 63. «14 herritarrek Ertzaintzak torturatu dituela salatu dute, 23k Espainiako Poliziaren eskuetan jaso dituztela torturak eta 26k berriz Guardia Zibilaren eskuetan jaso dituela». Salaketa egin duten guztiek aipatu dute inkomunikatuta eduki zituzten unean jaso zituztela torturak. Horregatik, TATeko kideek «inkomunikazioa eta tortura pare-parean daudela» diote.
TATek jakitera eman duenez, torturak saihesteko helburuarekin epaileek erabili izan duten Garzon protokoloa delakoa, oso kasu gutxitan ezarri zaie atxilotuei 2010ean. «Bi kasutan besterik ez, aurreko urteetan baino askoz gutxiagotan». Hori dela eta, epaileen jarrera ere salatu dute TATekoek.
Gainera, tortura salaketak «pilatu» egin direla ohartarazi dute abokatuek. Hau da, TATekoen ustez, «torturatuek salaketa jartzen dute, baina epaitegiek ez dituzte salaketa horiek ikertzen, torturatzaileei inpunitate osoa emanez. Areago, azken aldian, torturak salatzen dituztenak salatzeko jarrera hartu dute». TATekoek Alfontso Zenon abokatuaren adibidea aipatu zuten.
Neurriak
Horren guztiaren aurrean, tortura bukatzeko neurriak eskatu ditu TATek. «Agintari politikoek torturaren existentzia aitortzea, ez dela berriz gertatuko bermatzea eta horretarako nazioarteko adituek emandako gomendioak jarraitzea, eta tortura jasan dutenen duintasuna berreskuratzeko kasu guzti-guztiak era eraginkorrean ikertzea eta epaitzea».