Gerriko elkarte berritua gaur inauguratuko dute Lazkaon, euskalgintzaren bilgune izaten jarraitzeko
Gerriko elkartea itxuraz eta barne-banaketaz berritu, eta erosotasunez egokituta gaur inauguratuko dute atzera Lazkaon, lanak bukatuta soziedadea distiratsu dela. Orain 30 bat urte euskara ikasleak elkartzeko toki gisa sortu zuten bilguneak ez dauka jada tabernarik, eta haren lekua hartuta areto handiagoa eta bakarra jarri dute. Txoko izaera hura eta soziedade zerbitzua ahaztu gabe, euskalgintzan lanean jarraitzeko helburuarekin ekingo dio gaur Gerriko elkarteak aro berriari. Hain justu bihar beteko da urtea soziedade zaharra behin betiko itxi zutenetik, azken barrikotea eginda. Eraldaketa eta berrikuntza sakonak egin dituzte denbora horretan: igogailua sototik ganbararaino eraiki dute, presako irteerako eskailera etxe atzerantz, sukalde modernoa estreinatzeko, harri bolkanikodun parrilla eta biltegia. Horrez gain, koskan jasoago oholtza moduko eremua ipini dute hondoan, hitzaldi, antzerki eta kultur emanaldiekin pentsatuta. Egutegiaren bitxitasuna, atzera otsailaren 12an izango da bertan afaltzeko aukera, barrikotea antolatu baitute biharko. Herriko beste elkarte batzuetan, Domardan eta Esparrun, egin dituzte dagoeneko. Gerrikon «garaiz» iritsi dira euren txandara. Txartel guztiak salduta daude; bilgune berrituan lehenbiziko betekada berehala etorriko da. 130 jatunentzat tokia du soziedadeak. Irekiera ekitaldia gaur egingo dute, 20:30ean. Bazkideentzat lunch-a prestatuko dute. Ikusi nahi duenarentzat atea irekita egongo da. Soziedadea baino gehiago Duela bospasei urte arte «lokal mistoa» izan zen Gerriko, publiko guztiari irekitako tabernarekin [...]
Gerriko elkartea itxuraz eta barne-banaketaz berritu, eta erosotasunez egokituta gaur inauguratuko dute atzera Lazkaon, lanak bukatuta soziedadea distiratsu dela. Orain 30 bat urte euskara ikasleak elkartzeko toki gisa sortu zuten bilguneak ez dauka jada tabernarik, eta haren lekua hartuta areto handiagoa eta bakarra jarri dute. Txoko izaera hura eta soziedade zerbitzua ahaztu gabe, euskalgintzan lanean jarraitzeko helburuarekin ekingo dio gaur Gerriko elkarteak aro berriari.
Hain justu bihar beteko da urtea soziedade zaharra behin betiko itxi zutenetik, azken barrikotea eginda. Eraldaketa eta berrikuntza sakonak egin dituzte denbora horretan: igogailua sototik ganbararaino eraiki dute, presako irteerako eskailera etxe atzerantz, sukalde modernoa estreinatzeko, harri bolkanikodun parrilla eta biltegia. Horrez gain, koskan jasoago oholtza moduko eremua ipini dute hondoan, hitzaldi, antzerki eta kultur emanaldiekin pentsatuta.
Egutegiaren bitxitasuna, atzera otsailaren 12an izango da bertan afaltzeko aukera, barrikotea antolatu baitute biharko. Herriko beste elkarte batzuetan, Domardan eta Esparrun, egin dituzte dagoeneko. Gerrikon «garaiz» iritsi dira euren txandara. Txartel guztiak salduta daude; bilgune berrituan lehenbiziko betekada berehala etorriko da. 130 jatunentzat tokia du soziedadeak.
Irekiera ekitaldia gaur egingo dute, 20:30ean. Bazkideentzat lunch-a prestatuko dute. Ikusi nahi duenarentzat atea irekita egongo da.
Soziedadea baino gehiago
Duela bospasei urte arte «lokal mistoa» izan zen Gerriko, publiko guztiari irekitako tabernarekin eta ondoan soziedadea zuena. Taberna itxi zenean dena bazkideen erabilerarako geratu zela gogoratu du Joxemari Ormazabalek.
Txokoa «berezia» da. «Ez da jan-edanerako bakarrik. Euskal kulturgintzaren bultzatzaile da. Bazkideentzat, herritarrentzat eta ingurukoentzat txoko funtzioa du», dio Joxepa Madariagak.
Ekimen finkoak badituzte, Mintzalagunaz gain literaturari eskainitako Liluratura, idazleekin solasaldiak egiteko; gaikako hizketaldiak adituekin; Gerriko ikerlan bekaren ingurukoak, Kanta Kantari… 2009tik politikari lotutako hitzaldiak antolatu izan dituzte, jendearen erantzun «oso ona» jaso dutenak. Horiei jarraipena emateko asmoa dute, otsailaren 22an Joan Jose Ibarretxerekin adibidez.
Lanengatik elkartea itxita egon den urtebetean «ondo» moldatu dira ekimenak garatzeko. «Ikastolaren, Udalaren edo Maizpideren aretoetan batetik bestera. Baina lehen ere hemen zentratzen genituen gure ekitaldiak, eta aurrerantzean hala izango da», zehaztu du Madariagak.
Bazkide kopurua 150era mugatu dute, eta ia betea dago. «Lehen bazkide gehiago genituen, 174, baina asko ziren txokoa sekula erabili ez zutenak. Goierriko Euskal Eskola sortu zenean, euskalduntze alfabetatzea koordinatzeko, Goierri osoko jendea zegoen. 70 batek utziko zuten elkartea, baina berritu ditugunak beste 50 dira. Muga 150ean jarri dugu oraingoz. Kulturgintzak sekula ez du mugarik eduki behar, baina txokoan behintzat jarri beharra daukagu», dio Ormazabalek.
Euskalgintza eta kulturgintza sendotzeko herrian bezala eskualdean «elkarlana» sustatzen segiko du Gerrikok. «Hemen ibiliko gara, baina sarea egiteko mugak hautsita kanpora ere bai».
Gastronomiaren eta kulturaren lehendiko platerek mahai berria dute aurrerantzean, Gerriko.