Dantzariak eta agintariak, inaugurazio ekitaldian.
Zumarragako Izazpi auzoko jolastokiaren estalkia gaur eguerdian inauguratu dute Mikel Serrano alkateak eta Pedro Luis Rio Oiarbide Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Tartean ziren baita Zumarragako hainbat zinegotzi, Erga eta Uzturpe enpresa eraikitzaileetako ordezkariak eta dozenaka auzotar. Irrintzi dantza taldeko bi dantzari aurreskua dantzatu, xingola moztu, eta berehala, mokadutxo bat egiteko tartean hartu dute, auzoko txikienak puzgarrietan zebiltzan bitartean. Inaugurazio borobiltzeko auzoko mutilek osatutako bi taldek elkarren aurka partida jokatu dute areto futbolean.
Mikel Serrano alkateak nabarmendu du eguraldi euritsua egin duenerako babesa badutela jada Izazpiko bizilagunek, eta eremu berriarekin gozatzeko deia egin zien auzotarrei. Rio Oiarbidek, berriz, herritarrengana gerturatzeko izan duen aukerarengatik eskerrak eman zizkien, eta partida jokatzear zeuden mutilei kirolaren baloreak partekatzeko eskatu zien.
Lanak bi fasetan egin dituzte. Batetik, kantxari estalkia jartzea eta bestetik, kantxaren zuroa leuntzea. Lan horiek 300.000 euro inguruko aurrekontua izango dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 75.000 euroko diru-laguntza eman du, eta gainontzekoa Espainiako Gobernuaren E-Planeko diruarekin finantzatu dute.