Gai organikoaren edukiontzi guztiak txartelekin jarriko dituzte Lazkaon
Etxeko hondakin organikoak biltzeko edukiontzien sistemari aldaketa egingo diote datorren astean Lazkaon. Herriko ontzi marroi guztiak txartel magnetikoarekin irekitzekoak izango dira, eta horretarako txartel bana banatuko dute etxeetara. Froga modura Elosegi kaleko bilketa puntuan bakarrik egon da orain arte txartel bidez irekitzeko sistema, gainontzekoetan giltzarekin. Txartelaren bitartez erabiltzaile bakoitzak hondakina zenbatero botatzen duen erregistra daiteke informatikoki. Etorkizunean birziklatzen duenarentzat zergetan abantailak aplikatzeko pentsatuz ezarri zuten. Lehen frogarako izena eman zuten Elosegi kaleko etxeetan adinez nagusi den bizilagun bakoitzak txartel pertsonalizatua jaso zuen. Jasotako datuek erakutsi dutenez normalean etxe bakoitzean pertsona bat arduratzen da zaborra botatzeaz, eta ez duke zentzurik etxeko guztiei txartel bana egiteak. Hala, etxeko txartel magnetiko bakarra emango dute. Subjektua pertsona izan beharrean etxebizitza izango da horrela. Edukiontziak ere birmoldatuko dituzte, antzeman diren zenbait arazo tekniko saihesteko. Presiozko pistolekin urez garbitzerakoan, adibidez, txartel irakurgailua hondatu izan da. Tresna iragazkaitzagoak jarriko dizkiete ontzi marroiei. Poltsak jasotzeko makina Hondakin organikoa edukiontzira botatzeko behar diren poltsa bereziak –patata pastaz egindako zakuto biodegradagarriak– makina automatikotik jaso ahalko dira Lazkaon, udaletxeko beheko solairuan. Txartel magnetiko bera jarrita eskuratu ahalko dira. Eskaera erregistratuta geratuko da, doan banatzen dituzten zorroei izendatutako erabileraz aparte besterik emateko asmoa dutenen kontsumoa neurtzeko. Gastatutakoan Sasietara deitu edo udaletxean jaso [...]
Etxeko hondakin organikoak biltzeko edukiontzien sistemari aldaketa egingo diote datorren astean Lazkaon. Herriko ontzi marroi guztiak txartel magnetikoarekin irekitzekoak izango dira, eta horretarako txartel bana banatuko dute etxeetara.
Froga modura Elosegi kaleko bilketa puntuan bakarrik egon da orain arte txartel bidez irekitzeko sistema, gainontzekoetan giltzarekin. Txartelaren bitartez erabiltzaile bakoitzak hondakina zenbatero botatzen duen erregistra daiteke informatikoki. Etorkizunean birziklatzen duenarentzat zergetan abantailak aplikatzeko pentsatuz ezarri zuten.
Lehen frogarako izena eman zuten Elosegi kaleko etxeetan adinez nagusi den bizilagun bakoitzak txartel pertsonalizatua jaso zuen. Jasotako datuek erakutsi dutenez normalean etxe bakoitzean pertsona bat arduratzen da zaborra botatzeaz, eta ez duke zentzurik etxeko guztiei txartel bana egiteak. Hala, etxeko txartel magnetiko bakarra emango dute. Subjektua pertsona izan beharrean etxebizitza izango da horrela.
Edukiontziak ere birmoldatuko dituzte, antzeman diren zenbait arazo tekniko saihesteko. Presiozko pistolekin urez garbitzerakoan, adibidez, txartel irakurgailua hondatu izan da. Tresna iragazkaitzagoak jarriko dizkiete ontzi marroiei.
Poltsak jasotzeko makina
Hondakin organikoa edukiontzira botatzeko behar diren poltsa bereziak –patata pastaz egindako zakuto biodegradagarriak– makina automatikotik jaso ahalko dira Lazkaon, udaletxeko beheko solairuan. Txartel magnetiko bera jarrita eskuratu ahalko dira.
Eskaera erregistratuta geratuko da, doan banatzen dituzten zorroei izendatutako erabileraz aparte besterik emateko asmoa dutenen kontsumoa neurtzeko. Gastatutakoan Sasietara deitu edo udaletxean jaso behar izan dira ordezkoak orain arte.