Lurreko itsasargiaren misterioa
Kizkitzako gainean dagoen itsasargiak ipuin eta istorio ugari sortzeko parada eman du Goierrin. Marinelek itsasotik ikusten duten lehen argia dela, itsasontzietarako egurra Kizkitza inguruko basoetatik hartzen zutela, Kizkitzan kostaldean egiten duen eguraldi bera egiten duela, jendea Donostiako su artifizialak ikustera Kizkitzara igotzen dela… oraindik ere inguruetako sukaldeetan entzuten edo interneten irakurtzen diren kontuak dira.
Istorio horiek sostengatzen dituzten seinaleak badira: Itsaso herri izena, ermitaren itsasontzi itxura eta berau janzten duten apaingarriak, ermitako amabirjina txalupa baten barruan egotea edota oraindik ere Kizkitzako Ama izeneko itsasontzi bat edo beste aurkitzea, adibidez. 1767an Kizkitzako Ama kofradia ere sortu zuen Olaberriko Juan Bautista Ignacio de Insaustik. Hala ere, itsasargiaren istorioa ez da hain zaharra, eta ezta hain misteriotsua ere, nahiz eta, oraindik orain, omen edota diotenez hitzak ezinbestekoak izan Kizkitzaz idazterakoan.
Istorio bat kontatzerako orduan, badaude erantzutea komeni den galdera batzuk. Zer? galdera argi dago; lurreko itsasargi baten historia. Non? zehazteko ere ez dago arazorik; Kizkitzan, Ezkio-Itsasoko gainean. Noiz? ikertzeko denboran atzera egin behar da, ermita berreraiki eta ireki zuten 1964 urtera, eta Nork? ere garai hartan topatuko dugu; orduan apaiz zegoen Joxe Zabaleta zegamarrak. Zergatik? erantzutean hasten da kontakizuna.
Argiaren jatorria
Kizkitzako ermita 1622an eraiki zuten, baina orduan ez zuen itsasargirik. 1959an gertaturiko sute baten ondorioz erre egin zen ermita, eta egun ikus daitekeena orduko berreraikuntza da. 1964ko irailaren 8an, ermita berriz ireki zuten egunean, Kizkitzan ez zegoen itsasargirik. Hilabete gutxira ekarri zuten, Madrildik (Espainia). «Trenean Zumarragara ekarri eta hiru idi pareren artean igo zuten Kizkitzara 12 metroko faroa», azaldu zuen orduan Zabaleta apaizaren laguntzaile eta Alegiko apaiz Pello Aranburuk.
Josetxo Zufiaurrek Beasaingo Mugak liburuan Tarifatik ekarritako postea zela ere gaineratzen du. «Egundoko gestioak egin zituen Zabaletak itsasargia ekartzeko eta orduan Kizkitzan argirik ez zegoenez, eginahalak egin zituen horretarako. Baita lortu ere», dio Aranburuk.
Itsasoko Itze baserriko Joseba Arzelusek ondo oroitzen du ermita erre zeneko hil kanpaien hotsa eta devocion mariana delakoaren sorrera. «Ni prailekumea nintzen orduan, egun 62 urte ditut» kokatzen du. Berak dioenez, «Joxe Zabaleta apaizak sortu zuen devocion mariana delakoaren istorio hori. Erre ondorenean, berreraikitzeko dirua behar, eta istori hori asmatu zuen. Bat asmatu behar eta hori polita zen». Itsasargia, beraz, istorioa borobiltzeko ekarri zuten Kizkitzara.
Honi laguntzeko, «koru baztarrean zegoen amabirjinaren irudi bat txalupa baten barruan sartu zuten» azaldu du Arzelusek. Irudia «Manuel Lekuona arte kontuetan adituak ikusi, eta baliozkoa zela aitortu zuen», Aranbururen esanetan. Itsasontzia Lazkaoko Eusebio beneditarrak egin zuen bere komentuan. Itsasoko «Goikoetxeko osaba Joxek» izan zuen ere zerikusirik eliza janzten duten apaingarri eta zurezko lan horiek egiterakoan. «Bere lana da aitortu beharko litzatekeena», dio Arzelusek, «autodidakta izanagatik ere oso lan onak egiten zituen».
Egiazko oinarria
Hala ere, ipuinak bazuen egiatik zerbait, antza, Aranburuk azaltzen duenez. «Oso dokumentatuta dago ohituraz marinelak arraunak egiteko egur bila Kizkitzako basoetara etortzen zirela. Debozio edo ohitura horri forma eman zion Zabaletak, itsasargia ekarriz». Dokumentazioa Itsasoko artxibategian aurki daiteke, eta Boletin de Amigos del Pais aldizkariko 1964. urteko zenbakian ere egiten zaio erreferentzia, Joxe Ignacio Telletxeak idazten duen artikulu batean. «Bere iritziz, Kizkitzako faroa, faro espirituala zen. Nonbait Kizkitzak itsasoarekin harreman espirituala zuen Zabaletarentzat. Horrela, egur bila zihoazen marinelen kontuak entzunda, ahozko tradizioari, ideiari eta ohiturari, errealitate fisiko bat eman zion, faroarekin».
Gerora, itsasargia dagoen ermita eta Kizkitzako amabirjina eskaintzak jasotzen ere hasi ziren, oilaskoak edota oilandak, kasu. Garai hartan idazle askok idatzi zituzten ere Kizkitzari buruzko artikuluak, «Busca Isusik, Linazasorok…». Hala, itsasargiak «fundamentu pixka bat bazuela» aitortzen du, baina «nolabait, gehiegikeria bat» izan zela.
Ermita auzolanean eraiki zuten, eta itsasargiaren kontuarekin, «Iberdueroko kontratua ere doan lortu zuen apaizak» azaltzen du Arzelusek. Marketin elizkoia, beraz, eta ona gainera. Hala ere, Arzelusek Kizkitzako argiak marinelak gidatzen ez dituela dio. «Mandubitik justu-justu ikusten da eta!». Aranburuk gauza bera dio. «Nola erabiliko dute arrantzaleek? Badirudi urteko egun argi-argienetariko batzuetan, baldiniza onak badira, itsasotik, Zumaia aldetik, ikus daitekeela, baina edozein laino nahikoa da ez ikusteko». Getariko arrantzale kofradiara galdetuta, bertan ez dute lurreko itsasargi horren berririk. Argigarria suerta liteken erantzuna da hau.
Josetxo Zufiaurrek, Beasaingo Mugak liburuan bestelako informazioa ematen du ordea. «Kostalde honetakoak ez ziren arrantzontziei nahasmena sortzen omen zien, mapetan jaso gabe zegoelako eta kostaldeko zuzendaritzari kexua aurkeztu ondoren, gehiago ez pizteko agindua eman zuten. Gure arrantzaleek gestioak bideratu zituzten itsaso-gutunetan barne hartua izan zedin, eta orain zenbait urtez geroztik berriz ere argi egiten du», dio Zufiaurrek.
Istorioak fikziotik errealitatetik baino gehiago izan arren, «Kizkitzak badu bere goxotasuna», dio Arzelusek, «oraindik ere leku majikoa da», borobiltzen du. Aranburuk ere gauza bera dio: «Toki polita da eta istorio hau berezia da». Egia izan edo ez, istorioak, misterioak eta mitoak beharrezkoak dira gizarte guztietan; umeei amets egiten laguntzen diete, errealitatera erori aurretik. Eta baita ondoren ere, ume izateari uzten diotenean. Hortaz,… nik ere ikusi omen dut itsasotik Kizkitzako argia. Diotenez, beti ere.