Euskarak jantziriko lagun taldeak
Zazpi urte badira Goierri Garaian Mintzalaguna egitasmoa lantzen hasi zirenetik. Udalek eta udal uuskaltegiek sustatuta, euskaraz egiteko lagunarteek 100 pertsona biltzen dituzte egun. Egitasmo honen baitan, bizilagun talde txikiak batu eta euskaraz hitz egitea da helburua. Hiru lau laguneko taldeak osatzen dituzte, euskaldun zahar bat eta hainbat euskaldun berrirekin, eta astean ordubetez, euskaraz hitz egiteko gelditu ohi dira horiek, talde bakoitzak aukeratutako gunean; tabernan, euskaltegian, bidegorrian… Mintzalaguneko erabiltzailearen profila emakumezkoa, 40 urte ingurukoa eta kultura maila altu xamarrekoa da, iaz Aztikerrek egin zuen ikerketa baten arabera. Erabiltzaileek egitasmoari egiten dioten balorazioa aldiz, 8,5 puntukoa da, hamarretik. «Pozik», «baliagarria» eta «bikaina» dira eurek emandako balorazio eta adjektibo batzuk. Egitasmoaren jatorria duela 18 urte aurki dezakegu Donostian eta 2010. urtean osotara 3.600 pertson izan ziren Hego Euskal Herrian ekimenean parte hartu zutenak; horietatik 50ek Urretxukoan eta Zumarragakoan eta beste hainbestek Legazpin. Iaz, gainera, merkatariak ere hasi ziren egitasmoan parte hartzen. Hitz egiteko lanak Jose Manuel Piris, Violeta Novo, Raquel Casas eta Estanis Agirre Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen ari dira. Lehen hirurak euskaldun berriak dira. Laugarrena aldiz, euskaldun zaharra. Novok hiru urte daramatza egitasmoan, euskaltegiko ikasle zela eskaini zioten parte hartzea. «Hasieran beldur pixka bat eman zidan. Besteek ni baino maila altuagoa zuten, [...]
Zazpi urte badira Goierri Garaian Mintzalaguna egitasmoa lantzen hasi zirenetik. Udalek eta udal uuskaltegiek sustatuta, euskaraz egiteko lagunarteek 100 pertsona biltzen dituzte egun.
Egitasmo honen baitan, bizilagun talde txikiak batu eta euskaraz hitz egitea da helburua. Hiru lau laguneko taldeak osatzen dituzte, euskaldun zahar bat eta hainbat euskaldun berrirekin, eta astean ordubetez, euskaraz hitz egiteko gelditu ohi dira horiek, talde bakoitzak aukeratutako gunean; tabernan, euskaltegian, bidegorrian…
Mintzalaguneko erabiltzailearen profila emakumezkoa, 40 urte ingurukoa eta kultura maila altu xamarrekoa da, iaz Aztikerrek egin zuen ikerketa baten arabera. Erabiltzaileek egitasmoari egiten dioten balorazioa aldiz, 8,5 puntukoa da, hamarretik. «Pozik», «baliagarria» eta «bikaina» dira eurek emandako balorazio eta adjektibo batzuk.
Egitasmoaren jatorria duela 18 urte aurki dezakegu Donostian eta 2010. urtean osotara 3.600 pertson izan ziren Hego Euskal Herrian ekimenean parte hartu zutenak; horietatik 50ek Urretxukoan eta Zumarragakoan eta beste hainbestek Legazpin. Iaz, gainera, merkatariak ere hasi ziren egitasmoan parte hartzen.
Hitz egiteko lanak
Jose Manuel Piris, Violeta Novo, Raquel Casas eta Estanis Agirre Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen ari dira. Lehen hirurak euskaldun berriak dira. Laugarrena aldiz, euskaldun zaharra.
Novok hiru urte daramatza egitasmoan, euskaltegiko ikasle zela eskaini zioten parte hartzea. «Hasieran beldur pixka bat eman zidan. Besteek ni baino maila altuagoa zuten, eta hasieran guztia ez nuen ulertzen, baina poliki-poliki beldurra eta lotsak kenduz joan naiz» dio.
Casasek hilabete darama egitasmoan. «Kasualitatez sartu nintzen. Klasetik ateratzean, ikaskide bat arduradun batekin hitz egiten ikusi nuen, Mintzalagunari buruz. Nire arazoa euskaraz hitz egitea da, eta bat-batean nire izena emanda zegoen».
Casas Agirrerekin dago taldean. «Ni euskaldun zaharra naiz, h-ak eta hitz asko arrotzak zaizkit», dio irribarre batekin. «Euskara zaharra eta batua uztartzeko lanean nabil». Mintzalagunean duela bi urte inguru sartu zen, «jubilatuta nago eta astia dut, eta badakit hauek ahozko azterketa ere badutela, eta euskaldun zaharrek zerbait egin dezakegu hor, laguntza hori eman badezakegu, gustura». Pirisek lau hilabete daramatza. «Gelako jendearekin nago eta gustura nabil», dio.
Mintzalagunak leku desberdinetan egiten dituzte. Novok kalean, taberna batean edo pasieran hitz egin ohi du taldekideekin euskaraz. «Ordubetez-edo biltzen gara, gaiaren arabera agian gehiago», dio barrez. Gainontzekoak euskaltegian biltzen dira, bi talde desberdinetan.
Egitasmoak «lotsak kentzeko» balio die euskaldun berriei. «Edozein gairi buruz hitz egiten dugu, oso giro ona dugu eta lagunak bihurtzen gara». Kaleko hizkuntza hartzen laguntzen die ikasleei, «ez ibiltzeko beti batuarekin bueltaka», dio Casasek. Lanerako euskararen beharra ere ikusten dute, eta jardun hori trebatu asmoz biltzen dira batzuk astero.
Saiatzearen balioa
Aritu denak ondo daki euskara ez dela ikasten errazena den hizkuntza. «Euskara ikastea oso zaila egin zait, baina poliki-poliki ikasiz gero, gero eta gehiago gustatzen zaizu. Oso hizkuntza interesgarria da», dio Novok. Egindako lanaren atzetik, orain bere buruaz harro hitz egiten du, euskaraz, fluxutasun handiz gainera.
Euskaraz aritzeko erraztasunik ez duenarentzat «zaila da» kalean euskaraz egitea. «Lotsa edo hanka sartzeko beldurra da» dio Casasek. Marijo Etxeberria irakasleak dioenez, hizkuntza bat ikasterakoan ezin dira portzentaiak izan kontutan. «Ezin da ikasketaren %50era iristerakoan hitz egiten hasi. Leherketa bat izan behar da, hizkuntza bat ikasten ari naiz, komunikatu beharra dut eta hasi egin behar naiz».
«Euskaraz dakienak pazientzia izan behar du gurekin» diote. «Euskaldunok betidanik izan dugu ohitura erdarara jotzeko gainera», jarraitzen du Agirrek. «Oraindik asko falta zaigu» diote, lanean jarraitzeko asmoz. Euskarara gerturatzen den jendea hitz egiteko gogotsu dabil, asko kostatu zaien ikasketa prozesu baten atzetik. Umetatik hizkuntza menperatzen duten askok ez dute dakitena baloratzen, eta ahaztu egiten dute, berriro ikastea zenbat kostatuko zaien pentsatu gabe.