Ordiziako Gaztetxeak atera duen diskoa aurkeztuko dute bihar, kontzertuekin
Gaztetxeen mugimendua eta euskal musikarena eskutik helduta ibili dira urtetan. Euskal rock erradikala sortu zenetik gaur arte, musika taldeen biltoki, plaza eta eskenatoki nagusietakoa izan dira Gaztetxeak. Harreman estu horren adibide da Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurrenaren harira atera duten disko bikoitza. Goierriko berrogeita bost talde bildu dituzte, lehengoak eta oraingoak. Aurkezpen modura, kontzertuak antolatu dituzte biharko Ordizian. Gaztetxearen 25. urteurrena zela-eta, 2010. urteko martxoan hasi ziren aurreneko bilerak egiten. Hainbat lantalde osatu zituzten eta horietako bat, diskoaren proiektuaz arduratu zen. Talde horretan aritu dira Iker Azpeitia, Beñat Otegi eta Urko Ruiz de Apodaka ordiziarrak. Azpeitiaren hitzetan, «diskoaren kontuarekin, belaunaldi ezberdinetako 8-10 bat lagun» elkartu ziren aurreneko bilera haietan. Diskoari forma ematerako garaian, garbi ikusi zuten Gaztetxearekin nolabaiteko lotura izandako taldeek parte hartu behar zutela. «Gaztetxean jo duten taldeekin egitea ere pentsatu genuen, baina ezinezkoa zen denak biltzea». Horregatik, Goierriko taldeetara mugatzea erabaki zuten. Diskoak, mende laurden honetan Gaztetxean bizitako musika mugimenduaren errepasoa egiten du. Hala, bere garaian oihartzuna izan zuten Potrotaino, Fist Fucking eta Izurri Berria bezalako taldeak, hain ezagunak ez direnak eta gaur egun hasten ari direnak ere bildu dituzte. «Diskoarekin hori islatu nahi izan dugu, gaur egun zer dagoen, baina baita orain arte zer egon den ere». Denak [...]
Gaztetxeen mugimendua eta euskal musikarena eskutik helduta ibili dira urtetan. Euskal rock erradikala sortu zenetik gaur arte, musika taldeen biltoki, plaza eta eskenatoki nagusietakoa izan dira Gaztetxeak. Harreman estu horren adibide da Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurrenaren harira atera duten disko bikoitza. Goierriko berrogeita bost talde bildu dituzte, lehengoak eta oraingoak. Aurkezpen modura, kontzertuak antolatu dituzte biharko Ordizian.
Gaztetxearen 25. urteurrena zela-eta, 2010. urteko martxoan hasi ziren aurreneko bilerak egiten. Hainbat lantalde osatu zituzten eta horietako bat, diskoaren proiektuaz arduratu zen. Talde horretan aritu dira Iker Azpeitia, Beñat Otegi eta Urko Ruiz de Apodaka ordiziarrak. Azpeitiaren hitzetan, «diskoaren kontuarekin, belaunaldi ezberdinetako 8-10 bat lagun» elkartu ziren aurreneko bilera haietan. Diskoari forma ematerako garaian, garbi ikusi zuten Gaztetxearekin nolabaiteko lotura izandako taldeek parte hartu behar zutela. «Gaztetxean jo duten taldeekin egitea ere pentsatu genuen, baina ezinezkoa zen denak biltzea». Horregatik, Goierriko taldeetara mugatzea erabaki zuten.
Diskoak, mende laurden honetan Gaztetxean bizitako musika mugimenduaren errepasoa egiten du. Hala, bere garaian oihartzuna izan zuten Potrotaino, Fist Fucking eta Izurri Berria bezalako taldeak, hain ezagunak ez direnak eta gaur egun hasten ari direnak ere bildu dituzte. «Diskoarekin hori islatu nahi izan dugu, gaur egun zer dagoen, baina baita orain arte zer egon den ere». Denak parekatuta «gauza polita» atera dela uste du Beñat Otegik.
Kasu askotan, lehendik argitaratutako diskoetako kantak utzi dizkiete taldeek. Beste hamasei talderi berriz, euren kantak grabatzeko aukera eman diete; bada espreski disko honetarako kanta berriren bat egin duenik ere. Horietako bat da Laket taldea; eurek egin dute Gaztetxearen urteurreneko kanta. Gaztetxeko kideek diotenez, «dena borondatez eta fabore bidez» egin dute. Grabaketak esaterako, Beasaingo musika taldeek dituzten lokaletan egin dituzte eta euren lagun bat aritu da teknikari lanetan. «Disko hau egiten lagundu digutenen borondatea, Gaztetxearen filosofiarekin bat dator, hau ez dugu inor aberasteko egiten» dio Azpeitiak.
Taldeentzat «aukera ona»
Euren ibilbidea hasten ari diren talde askorentzat, jotzeko lehen aukeretako bat izaten dira Gaztetxeak. Urko Ruiz de Apodakaren ustez, «Lokalean auskalo zenbat ordu sartu eta gero, emaitza hori plazaratzeko leku bat behar izaten dute taldeek, eta Gaztetxea beti izan da oso esker oneko toki bat». Uste berekoa da Beñat Otegi ere; «Goierri inguruan ez dago Kafe Antzokirik edo antzeko tokirik, eta taldeek jotzeko duten aukera bakarrak, herrietako festak edo Gaztetxeak dira».
Diskoa bera ere, «euren lana ezagutarazteko modu bat» izan da talde askorentzat. Horrela, «jendeak euren musika entzuteko eta beste kontzertu batzuk lortzeko aukera dute». Baita, panorama musikala nola dagoen ikusita, «zerbait fisikoki grabatuta» edukitzeko aukera ere.
Diskoa, «denen eskura»
Diskoa dagoeneko salgai dago, Goierriko Gaztetxeetan eta tabernetan, «gazte jendea ibiltzen den tokietan». Prezioari dagokionean, bost euroan saltzea erabaki dute. Horrela, «denen eskura» jarri nahi izan dutela dio Ruiz de Apodakak. «Gaur egun diskoek dituzten prezioak ilusita, 5 euroan, CD bikoitz bat, kasik opari bat da». Prezioarena, «hasieratik garbi» izan duten gauza da, Iker Azpeitiak dionez. «Gaztetxetik atera den proiektu bat izan da. Horrelako proiektu bat 10 euroan jarrita ere pasako zen, baina gure asmoa ez da izan dirua ateratzea».
Disketxe handiek duten politikarekin ere kritiko ageri dira Gaztetxeko kideak. «Sinde legearen inguruan-eta eztabaida egon da. Gauza bat da pirateatzearen kontra egotea, ondo, baina zein da egungo egoera? Diskoak 15-20 euroan saltzea?». Azpeitiaren ustez, proiektu honekin «gauzak beste era batera» egin daitezkeela erakutsi dute, «dirurik galdu gabe». Horretarako ordea, «merke saldu behar da, eta autogestioa da horretarako bidea».
Diskoa aurkezteko, kontzertu sorta antolatu dute biharko. Herrian barrena ibilbide moduko bat egingo dute, tabernaz taberna. Burrunbazale txarangarekin hasi eta 18:00etatik aurrera, hamar taldek joko dute, herriko bost tabernatan banatuta. 22:00etan berriz, Laket eta Gargantas Desgarradas ariko dira Gaztetxean.
EGITARAUA:
- 17:30. Burrunbazale txaranga, Gaztetxetik herrigunera.
- 18:00-20:00. Pikunk eta Kalamidaz, Herriko Tabernan.
- 18:00-20:00. Silikonay eta Burusoil, Urdin tabernan.
- 20:00-22:00. Kolapso eta Having a laugh, Tahur tabernan.
- 20:00-22:00. The Last Strength eta Herri Guda, Kirkil tabernan.
- 20:00-22:00. Milkshake eta Other Side, Sugaar tabernan.
- 22:00. Laket eta Gargantas Desgarradas, Gaztetxean.