Goierriko udalek iaz jasotako 300.000 euro itzuli beharko dizkiote Foru Aldundiari
Goierriko 22 udalerriek guztira lehen jasotakotik 293.227 euro itzuli beharko dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Ogasunak aurreikusi baino sarrera txikiagoak izan zituen iaz ere, eta udalek urtean zehar lau ordainketatan zatituta jaso zuten dirua baino gutxiago zegokiela ebatzi du UFFF Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren 2010eko likidazioak. Diputatuen Kontseiluak likidazioko txostenari oniritzia ostegunean eman zion, eta ostiral honetan aplikatuko diete herrietako erakundeei dagokien deskontua. Gipuzkoa kontuan hartuta denera 3 milioi euro pasatxo berreskuratuko ditu Aldundiak. Hortik %99,85 udalek ordainduko dute, eta gainontzeko %0,15 Eudelek. Iazko urtearen hasieran 38.148.4121 euro izendatu zituen Aldundiak Goierriko 22 udalen artean banatzeko. Biztanle kopuruaren eta bestelako aldagai fiskalen arabera kalkulatzen da herri bakoitzari dagokiona. Udalek hiruhileroko lau alditan kobratu zuten izendatutako kopurua. Urrian ordu arteko itxiera aurreikuspenek ez zutela ezer itzuli beharrik izango aurreratu zuten. Baina abenduaren 31 arteko balantzea osatzerakoan azken hiruhilekoak sarrera-garapenean uzkurdura eragin zuen. Hala, Goierriko udalek denera jasotakoa baino 293.229 euro gutxiago dagozkiela ondorioztatu du behin betiko likidazioak. Hirugarren urtea itzulketekin Krisi ekonomiko-finantzarioa 2008ko erdialdean lehertu zenetik urtero itzuli behar izan dute udalek jasotako foru ekarpenaren zati bat. Iazko UFFFri dagokion itzulketa bataz beste kopuru apalekoa da, %0,77 urritu baita aurreikuspenetik likidaziorako diferentzia Goierri mailan. 2008an, eta batik bat 2009an, gainbehera handiagoak gertatu [...]
Goierriko 22 udalerriek guztira lehen jasotakotik 293.227 euro itzuli beharko dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Ogasunak aurreikusi baino sarrera txikiagoak izan zituen iaz ere, eta udalek urtean zehar lau ordainketatan zatituta jaso zuten dirua baino gutxiago zegokiela ebatzi du UFFF Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren 2010eko likidazioak.
Diputatuen Kontseiluak likidazioko txostenari oniritzia ostegunean eman zion, eta ostiral honetan aplikatuko diete herrietako erakundeei dagokien deskontua.
Gipuzkoa kontuan hartuta denera 3 milioi euro pasatxo berreskuratuko ditu Aldundiak. Hortik %99,85 udalek ordainduko dute, eta gainontzeko %0,15 Eudelek.
Iazko urtearen hasieran 38.148.4121 euro izendatu zituen Aldundiak Goierriko 22 udalen artean banatzeko. Biztanle kopuruaren eta bestelako aldagai fiskalen arabera kalkulatzen da herri bakoitzari dagokiona. Udalek hiruhileroko lau alditan kobratu zuten izendatutako kopurua.
Urrian ordu arteko itxiera aurreikuspenek ez zutela ezer itzuli beharrik izango aurreratu zuten. Baina abenduaren 31 arteko balantzea osatzerakoan azken hiruhilekoak sarrera-garapenean uzkurdura eragin zuen. Hala, Goierriko udalek denera jasotakoa baino 293.229 euro gutxiago dagozkiela ondorioztatu du behin betiko likidazioak.
Hirugarren urtea itzulketekin
Krisi ekonomiko-finantzarioa 2008ko erdialdean lehertu zenetik urtero itzuli behar izan dute udalek jasotako foru ekarpenaren zati bat. Iazko UFFFri dagokion itzulketa bataz beste kopuru apalekoa da, %0,77 urritu baita aurreikuspenetik likidaziorako diferentzia Goierri mailan.
2008an, eta batik bat 2009an, gainbehera handiagoak gertatu ziren zerga bilketan eta bestelako sarreretan. Duela bi urteko diru itzulketak egiten, adibidez, aurten hasiko dira udalak, 2012an jarraitu eta 2013an kitatzeko. 2008ko ekitaldiari dagokiona ordaintzen ari dira udalak dagoeneko, zortzi kuotatan banatuta.
Udalentzat aurrekontuen sarreretarako ekarpen finko garrantzitsuena da foru funtsa. 2009an %23,96ko gainbehera izan zuen likidatzeko kopuruak. Horrela, urte hartako foru ekarpenaren ia laurdena itzuli beharko dute udalek hiru urteotan, interesik gabe. Foru Aldundiak 106,8 milioi euro berreskuratu behar ditu, 2009an UFFFetik banatu zuena 444 milioi euro izan zenean.
Bestetik, urtarrilean zehaztu zituen Aldundiak 2011rako aurrekontuak. Goierriko udalek guztira 39.234.422 euro jasoko dituzte, iazko aurreikuspena baino %2,8 gehiago. Gipuzkoa osorako denera 406,8 milioi euroko aurrekontua dago. Biztanleko bataz bestekoa eginda (2009ko biztanleria datuak oinarri hartuta), goierritar bakoitzeko 567 euro dira, eta gipuzkoar bakoitzeko 577 euro.