Hirugarren ‘aukeren azoka’ egingo dute asteburuan Urretxuko Ederrenan
Asteburu honetan Stock azoka egingo dute Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Hirugarren urtez, herritarrek ohiko produktuak prezio baxuagoetan erosi ahal izango dituzte aukeren azoka gisa izendatu duten gunean.
Bi-Tartean, Urretxuko eta Zumarragako merkatarien elkarteak antolatzen du azoka, bi herriotako udalen laguntzaz. 20 dendek hartuko dute aurten parte. Argigintza eta oparietarako dendak, haurren, helduen eta taila handietako moda lantzen dutenak, mertzeriak, kirol dendak, liburu eta paper dendak, oinetakoak saltzen dituztenak edo optikak izango dira pilotalekua beteko duten postuak jarriko dituztenak. Komertzio gehienak bi herriotakoak dira, baina Ordiziatik, Legazpitik eta Eibartik ere etorriko dira saltzaileak, besteak beste.
Azoka honen helburua, «bezeroak eta dendariak gertuago egotea» da, Urola Garaiko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoko teknikari den Aitziber Santa Kruzek dioenez. «Dendariei pasatako denboraldietan saldu ez dituzten eta biltegian dituzten produktuak ateratzeko balio die, eta bezeroei produktu hauek prezio baxuagoetan erosteko». Dendak ezagutara emateko aukera ere badela dio Santa Kruzek eta hirugarren urtea izanik, azoka jada «egonkortuta» dagoen zita dela. «Dendariak gustura gelditzen dira saldutakoarekin eta behin etortzen denak errepikatu egin ohi du. Eurentzako lan bat da hau dana prestatu eta asteburuan pilotalekuan egotea, baina konpentsatu egiten die».
Azoka larunbatean eta igandean egongo da zabalik. Zapatuan 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Igandean berriz, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Azokara sarrera doakoa izango da eta txikienentzako gune berezi bat ere prestatuko dute, helduak erosketak egiten ari diren bitartean haurrak ez daitezen aspertu. Aurpegiak margotzeko eta marrazkiak egiteko tailerrak eta jolasak egingo dituzte, Urola Garaiako Zerki kirol zerbitzuek dinamizatuta.