Osoko bilkurako une bat, atzo.
Gai zerrenda ikusita atzoko osoko bilkurak ez zuela askorako emango zirudien. Eman zuen, ordea; bai behintzat denborari dagokionean. Azkenaldian, Zumarraga komunikabideetan hizpide izan da, kutsadura datu kezkagarriak tarteko. Gaiak zeresana eman zuen osoko bilkuran ere; batetik, EAJk hala eskatuta eta bestetik, Ezker Abertzaleak galdera eta erantzunen txandan berriz ere gaia atera zuelako. Appalurreko kideek, euren aldetik, aurrejubilatuen inguruko mozioa eraman zuten bilkurara.
Aurreneko puntuan, Zumarragako Udala Udalsarea 21era atxikitzea onartu zuten. «Herriko jasangarritasuna sustatu asmoz», Mikel Serrano alkatearen arabera. Juanjo Sagarna EAJko bozeramaileak hitza hartu zuen, «kutsaduraren gaiari beldurrik gabe heltzeko ordua da. Guztion artean irtenbide bat aurkitu behar dugulakoan gaude, herritarrak kezkatzen dituen gaia delako».
Gaia atera orduko baztertu zuten eta Appalur elkarteko kideen mozioa irakurtzeari ekin zioten. Jose Mari Azkarate Appalurreko kideak berriz, euren egoera azaldu zuen. «80. hamarkadako krisiaren ondorioa gara gu. Behar baina lehenago jubilatu gintuzten eta pentsioaren %60 jasotzen dugu, koefiziente murriztaileen aplikazioaren kontra gaude. 65 urtetik gorakoak gara eta 35 urte baino gehiagotan kotizatu dugu».
Abstentzioak
Ezker Batuako Rakel Roperok bere alderdiaren babesa agertu zuen eta Appalurreko mozioaren alde egingo zuela adierazi ere. Roperok «Appalurrekoen egoera hondamendia» dela esan zuen. «Ongizate estatua ahultzen ari dira, badaude aldaketak egiteko beste modu batzuk baina ez dago borondate politikorik. Mikel [Serrano], zure mahaitik gauzak ondo ikus daitezke baina kalean egoera bestelakoa da».
Appalurreko mozioaren harian, Juanjo Sagarnak bere alderdiaren abstentzioa iragarri zuen eta onartu zuen, «alderdiaren erabakia» zela. «Prest gaude alderdiaren zuzendaritzarekin bilera bat lotzeko gai hau behar den tokira eraman dezazuen, Udaletik ezer gutxi egin dezakegulako».
Fariñasek ere abstentzioa arrazoitu zuen, «gu beti gaude gehien behar duenaren ondoan eta Zumarragan egiten ari garen guztia horren isla da. Gizarte hitzarmenaren helburua etorkizuneko pentsioak bermatzea da eta Sagarnarekin bat nator Toledoko Hitzarmenera jo behar duzue».
Appalurreko moziotik urrun
EAko Ikerne Badiola eta PPko Valeriano Martinez ez zeuden osoko bilkuran eta alderdi guztiek Appalurreko mozioaren inguruko hitzak esanda, eztabaida aldez aurretik jubilatutakoek dituzten arazoetatik urrundu zen eta maila pertsonalera jo zuten.
Mikel Serrano alkateak hitza hartu zuen Rakel Roperori erantzuteko. «Nire mahaitik dena ondo ikusten dela esaten duenak ez du alkatetzaren lana ezagutzen. Egunero egoera tamalgarriak ikusten ditut eta ezer gutxi egiteko aukera izatea gogorra da. Nik bai eramaten ditut arazoak etxera, nire eginbeharra delako».
Azkaratek mikrofonoa martxan jarri eta aurrejubilazioen gaia berreskuratu zuen. «Gu aldeko botoa eskatzera etorri gara. Gu ez ginen nahi genuelako aldez aurretik jubilatu, guk krisia pairatu dugu eta gogoratu nahi dizuegu Gerra Zibilaren ondoko belaunaldia garela eta guk eraiki dugula herrialde hau, baina gazteek berriz izozten dizkiguzue pentsioak. 1.020 euro hilean, gutako gehienak hortik behetik gaude. Zumarragan pobrezia asko dago, berogailua pizteko dirurik ez duten alargunak daude, jubilatuen egoitzan arratsaldea eman behar dutenak. Eta zuek, abstenitu egingo zarete».
Alkateak berriz hartu zuen hitza Azkarateri erantzuteko. «Zumarragan pobrezia dagoela esatea ez dakit hitzak ondo erabiltzea den. Egungo egoera beste udalerri guztietan ere gertatzen da. Beharrak gizarte zerbitzuen bitartez bideratzen ditugu, agian egin beharko genukeen guztia ez dugu egiten baina legeak baldintzatzen gaitu. Alderdi sozialista abstenitu egingo da eta horrela mozioa ateratzeko bidea irekiko dizuegu». Azkaratek, «dirudienez gure mozioa irakurri ere ez» zutela egin erantzun zion alkateari. Izan ere, «Toledoko hitzarmenera bidaltzeko bideak irekitzea eskatzen dizuegu eta zuek abstenitu egin zarete».
Roperoren eta Serranoren arteko ika-mikak jarraitu zuen. Serranok, Ropero zenbat batzordeetan izan den azaldu zuen; «norbaitek paperak galdu baditu, hori zu zara» esan zion Roperok. Azkaratek eman zion amaiera eztabaidari, «gurekin zerikusirik ez duten gai pertsonaletan sartu zarete. Eskerrik asko gu hartu izanagatik».
Kutsadura mahai gainera
Aitor Garmendia Ezker Abertzaleko kideak kutsaduraren gaia berreskuratu zuen galdera eta erantzunen tartean. Udal gobernuari eskakizun konkretuak egin zizkion «elkarlana ezinbestekoa» dela azpimarratu eta gero. «Haizeetako arrosa egitea eskatzen dizuegu, kutsadurak gaina jotzen duenean jakiteko haizeak nondik datozen. PM10a zertaz osatuta dagoen jakin behar dugu, neurketak egiten ari dira eta emaitzek nonbait egon behar dute; udalaren utzikeria somatzen dugu, ez dituelako datu horiek behar den tokian eskatzen. Partikulen osagaien txostena publiko egin behar da, bestela gaizki pentsatzea oso erraza baita. Datuak direnak direla lanean hasi behar dugu».
Osasuna eta kutsaduraren inguruko txostena «eginda» dagoela esan zuen Garmendiak eta udalari datu horiek lortzeko eskatu zion. «Ingurugiroaren egoeraren azterketa orokorra behar dugu ekintza planak egiteko. Ematen du arazo horri aurre egiteko beldurra dagoela». Berak ez duela «inoiz erantzunkizuna alboratu» erantzun zion alkateak. «Eskuduntza Eusko Jaurlaritzarena da, baina bilerak eta deiak egin ditut eta alarma piztu dezakeen ezer ez dagoela esaten didate. Haran itxia osatzen dugu eta horrek faktore guztien indarra areagotzen du: lanak, zirkulazioa… Arcelor ez da kutsatzen duen bakarra, batzutan gehien kutsatzen duena ere ez da eta ez al da berdina Urretxuko airea? Han presiorik egiten duzuenik ez dut ikusten».
Garmendiak ez zuen «ezer berririk» ikusi alkatearen erantzunean eta udalaren aldetik «utzikeria» dagoela berretsi zuen. «Zenbat aldiz hitz egin da gai honi buruz ingurugiro batzordean?». Fariñasek «eskualdearen garapenaren aldeko apustua» egiten dutela erantzun zuen.