Amiantoaren mapa bat egin eta berau eraikinetatik kentzeko laguntzak aztertzea onartu du udalbatzak
Espero baino gehiago luzatu da gaur goizeko udalbatzaren osoko bilkura. Puntu asko aurrez adostu gabe eraman dituzte alderdiek, eta baten eta bestearen arteko eztabaidak eta tira-birak sortu dira azken unean. Aho batez onartu dituzten neurrien artean, etxebizitzetan irisgarritasuna bermatzeko laguntzak emateko ordenantza, amiantoaren inguruko mozioa edota eraikuntza eta obren zergen gaineko hobariak daude. Bilkurako aurreneko puntua, amiantoaren ingurukoa izan da. Udalbatzak aho batez onartu du PSE-EEk aurkeztutako testua. Osoko bilkuran ziren ASVIAMI, amiantoak kaltetutakoen elkarteko hiru kide. Mozioan, amiantoak eragiten dituen kalteak aipatzeaz gainera, udalari hainbat konpromiso hartzeko eskatzen zaio. Hala, herriko eraikinetan “amiantoa dagoen edo ez dagoen egiaztatzeko” eskatzen zaio udalari, eta horrekin batera, amiantoa agertzen den kasuetan, berau “manipulatu, tratatu eta kentzeko arauak sartzeko” udal ordenantzetan. Bestetik, udalerrian amiantoa duten instalazioen mapa bat egiteko eta eraikin horietan bizi diren herritarrei informazioa emateko konpromisoa hartu dute. Azkenik, amiantoa kentzeko obrak egin behar dituzten herritarrei diru-laguntzak emateko programa bat diseinatzeko prest agertu dira. Eraikin eta etxebizitzetan irisgarritasun obrak egiteko diru-laguntzen ordenantza ere aho batez onartu dute alderdi guztiek. Santamaria alkateak azaldu duenez, “udal gobernuaren helburuetako bat izan da irisgarritasuna bermatzea eraikin publikoetan. Baina eraikin pribatuetan ere hutsune bat zegoela ikusi dugu eta ordenantza honen bidez, bizilagun komunitateak izango dira laguntza [...]
Espero baino gehiago luzatu da gaur goizeko udalbatzaren osoko bilkura. Puntu asko aurrez adostu gabe eraman dituzte alderdiek, eta baten eta bestearen arteko eztabaidak eta tira-birak sortu dira azken unean. Aho batez onartu dituzten neurrien artean, etxebizitzetan irisgarritasuna bermatzeko laguntzak emateko ordenantza, amiantoaren inguruko mozioa edota eraikuntza eta obren zergen gaineko hobariak daude.
Bilkurako aurreneko puntua, amiantoaren ingurukoa izan da. Udalbatzak aho batez onartu du PSE-EEk aurkeztutako testua. Osoko bilkuran ziren ASVIAMI, amiantoak kaltetutakoen elkarteko hiru kide. Mozioan, amiantoak eragiten dituen kalteak aipatzeaz gainera, udalari hainbat konpromiso hartzeko eskatzen zaio. Hala, herriko eraikinetan “amiantoa dagoen edo ez dagoen egiaztatzeko” eskatzen zaio udalari, eta horrekin batera, amiantoa agertzen den kasuetan, berau “manipulatu, tratatu eta kentzeko arauak sartzeko” udal ordenantzetan. Bestetik, udalerrian amiantoa duten instalazioen mapa bat egiteko eta eraikin horietan bizi diren herritarrei informazioa emateko konpromisoa hartu dute. Azkenik, amiantoa kentzeko obrak egin behar dituzten herritarrei diru-laguntzak emateko programa bat diseinatzeko prest agertu dira.
Eraikin eta etxebizitzetan irisgarritasun obrak egiteko diru-laguntzen ordenantza ere aho batez onartu dute alderdi guztiek. Santamaria alkateak azaldu duenez, “udal gobernuaren helburuetako bat izan da irisgarritasuna bermatzea eraikin publikoetan. Baina eraikin pribatuetan ere hutsune bat zegoela ikusi dugu eta ordenantza honen bidez, bizilagun komunitateak izango dira laguntza horien onuradunak”. Hala, euren etxebizitzetan irisgarritasuna bermatzeko lanak (igogailuak, arrapalak, plataforma eta eskailera-igogailuak…) egin nahi dituztenek, diru-laguntza eskatu ahal izango dute udaletxean.
Dirulaguntza horiek kalkulatzeko moduaren inguruan ere zalantzak izan dituzte zinegotzi batzuek. Santamariak azaldu duenez, “formula matematiko bat” aplikatuko da, etxebizitza kopurua eta egindako inbertsioa kontutan hartuko dituena. Laguntza horiek, gehienez ere, inbertsio osoaren %55ekoak izango dira. PSE-EEk, “etorkizunean banakako laguntzak ere aztertu” egin beharko liratekeela esan du. PP berriz gustora agertu da, “erregulatu gabe zegoen gai bat araututa” utzi dutelako. Alde guztiek aho batez onartu dute ordenantza.
Eraikuntza gaiekin jarraituz, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren (EIOZ) hobariak ere hizpide izan dituzte. Santamariak azaldu duenez, “krisiaren kontrako plana onartu genuenean, neurrien artean enrpesa eta denda berriak jartzeko hobariak” aipatu zituzten. Hala, %95era arteko hobariak aipatzen ziren, eta orain, portzentaia horiek zehaztuta utzi nahi izan dituzte. %95eko hobaria eskainiko diete denda eta enpresa berriei, beti ere zerbitzu horren gabezia dagoen sektoreetan. Gainotzeko denda berriek %75eko hobaria izango dute eta erreformaren bat egiten dutenek, %50ekoa. Gai honen inguruan, Ezker Batuko zinegotziak, ordenantza hori eurak “kontuan hartu gabe” egin dela salatu du. “Gu abstenitu egingo gara, ez gaituztelako kontuan hartu ez neurri hau eta ez krisiaren kontrako plana egiterakoan. Ez gu bakarrik, oposizio guztia baizik”. Hala, EB eta Aralarreko zinegotziak absenitu egin ziren, baina gainontzeko alderdi guztiek babestu zuten proposamena.
Bestalde, udalbatzak ELA eta LAB sindikatuek jarritako errekurtso baten berri eman du. 2010eko irailean, langile publikoen soldaten jaitsiera onartu zuen udalbatzak, eta erabaki horren kontra egin dute orain bi sindikatu horiek.
Nazioen Munduaren mozioak desadostasunak sortu ditu
Beste udaletxe batzuetan inongo tira-birarik gabe onartu bada ere, Nazioen Munduak autodeterminazioaren inguruan egin duen testuak agerian utzi ditu Ordiziako alderdi politikoen arteko desadostasunak. EAk bideratu du mozioa, baina Aralarrek beraiek kontuan izan gabe aurkeztu izana leporatu dio. Hala, azkenean testua aurkezteko modua aldatu eta bi alderdi horien izenean eramatea adostu dute. Ez da hori izan ordea eztabaida bakarra; izan ere formari dagokionean ez ezik, edukiari dagokionean ere adostasun falta izan da nagusi. Ezker Batuko zinegotziak, “nazio naturala” kontzeptua ez zuela konpartitzen esan du, eta “natural” hitza kenduz gero, ados egongo litzatekeela. Bestetik, “giza eskubide zibil eta politiko” dioen tokian, koma baten beharra ikusi du, “giza eskubideak, eskubide zibilak eta politikoak” behar zuela, alegia. Horrek berak ere eztabaida sortu du, testua Nazioen Munduak aurkeztutakoa baitzen, eta ez alderdi batena. Hala, testu horri aldaketak egiteko zilegitasunik ba ote duten galdetu dute EAko eta Aralarreko zinegotziek. EAJk, bere aldetik, indarkeriaren inguruko zehaztasun gehiago eskatu du eta “edozein eskubide defendatu daiteke biolentziarik erabili gabe” esaldia sartzea proposatu du. Blokeo egoeraren aurrean, mozioa azken punturako uztea erabaki dute.
Osoko bilkurako etenaldi bat aprobetxatu dute EAJ, EA, Ezker Batua eta Aralar alderdiek elkarren artean bildu eta adostasunera iristeko. Azkenean, mozioa bere horretan EAk eta Aralarrek bakarrik babestu dute, eta EAJ eta Ezker Batua abstenitu egin dira. Horren ordez, lau alderdien artean adostutako beste mozio bat aurkeztu dute, ia testu berberarekin, baina Ezker Batuak proposatutako bi aldaketak jasota. Azkenean, testu hori izan da lau alderdi horiek onartu dutena. Bertan, besteak beste, “Euskal Herria nazioa” dela eta “bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea” duela aipatzen da. Aldatu duten esaldiari dagokionean, “giza eskubideak, eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuz” dioena jaso dute azkenean.
PP eta PSE-EE alderdietako zinegotziek harriduraz jarraitu dute eztabaida, eta ezezko botoa eman badute ere, “honelako garrantzia duen gai baten aurrean, testu hori babesten duzuen alderdi politikoek beste ordezkaritza bat” izan behar luketeela esan du, batez ere EAJri erreferentzia eginez. Izan ere, EAJko bi kidek (alkatea eta zinegotzi bat) parte hartu dute gaurko osoko bilkuran, baina bozketa horren garaian, alkatea bakarrik zegoen.
Iparra-Hegoa laguntza programa
Iparra-Hegoa kooperazio proiektuetarako diru-laguntza ere eztabaidagai bihurtu zuten alderdiek. 90.000 euroko partida zegoen aurreikusita, eta aurrez, “ahalik eta proiektu gehien” laguntzeko metodologia adostu zuten. Aurkeztutako 21 proiektuetako 15 lagundu dituzte. Kontua ordea, dirua banatzerako garaian, “soberan” gelditutako 2.000 euroak nola banatu diren izan da. Udal taldearen irizpidea, bi mila euro horiek aukeratutako proiektuen artean banatzea izan da. Ezker Batuko zinegotziaren ustez ordea, hori adostutakoaren kontra doa eta logikak “kopuru hori hamaseigarren proiektuari ematea” agintzen zuen, bere ustez. Azkenean, aho batez onartu dute puntu hori.
Oiangureneko kontzesioa, urgentziazko mozioan
Osoko bilkura amaitzear zela, urgentziazko mozio bat tramitera onartu dute alderdiek. Oiangureneko kontzesioaren inguruko mozioa izan da; akats bat dela medio, GAG jaunak egindako izapidea ez zen behar zen garaian kontuan hartu, eta orain, pertsona horri “entzunaldi-izapidea bideratzeko aukera” ematea onartu dute. Aipatutako pertsona horrek, 2010eko irailean eskaera bat egin zuen, eta 2010eko urriaren 7ko egiaztagirian jasota gelditu zen titular horrek ez zuela entzunaldi-izapidea gauzatzeko aukerarik izan. Erregistroan jasota bazegoen ere, ohar hori ez zitzaion udal idazkariari jakinarazi, harik eta astearte honetan (hilak 22) egiaztagiria jaso duten arte. Egoera horren aurrean, GAG jaunari entzunaldi-izapidea bideratzeko aukera ematea onartu du udalak, eta alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea ematea. Alegaziorik egingo ez balu, administrazio kontzesioaren ebazpeneko 2010eko azaroaren 16ko erabakia ontzat hartuko dute, behin akatsak zuzenduta.