«Ordizia kirol aldetik oso aberatsa da, Goierri mailan biltzeko tokia izan delako»
Kirola du pasio eta bizibide. Hamahiru urterekin hasi zen Jon Ander Gorospe (Itsasondo, 1966) errugbian. Jokalari eta entrenatzaile ibili izan da, baina azken urteetan kirola beste ikuspuntu batetik bizitzea tokatu izan zaio; kirol kazetari lanetan dabil ETBn. Itsasondon jaio eta Araman bizi bada ere, ordiziartzat du bere burua, bertan bizi eta hazi baitzen. Ordiziarra, kirolzalea eta kazetaria. Nola ari zara biziten Ampo Ordiziaren denboraldia? Oso denboraldi berezia izan da, baina nik azken urteetako ibilbidea aipatuko nuke. Aurtengoak pena eman dit, baina etorriko dira beste aukera batzuk. Aldiz, poza ematen didana, kluba bera nola dagoen ikustea da, oinarri sendoa duelako. Nik barrutik ezagutzeko aukera izan nuen, jokalari eta entrenatzaile ibili nintzen eta. Badira 10 bat urte klubaren barruko lan horiek utzi nituela eta geroztik, bazkide eta zale moduan jarraitu izan dut. Azken urteetan, ETB3n egindako erretransmisioekin eta, beste era batera bizitzea tokatu zait. Nolabait ere kanpotik, nahiz eta behin barrukoa ezagututa, ezinezkoa den erabat kanpotik bizitzea. Egungo egoera urte askotako lanaren emaitza dela aipatzen da. Bai, baina ez taldearen jokoari dagokionean bakarrik, baita klub bezala ere. Goranzko bide horretan klubak jakin du jendez inguratzen, lanerako, jokatzeko… eta baita zaleak eta babesleak ere. Gustoa ematen du kluba nola dagoen ikusteak. Tituluak, kopak [...]
Kirola du pasio eta bizibide. Hamahiru urterekin hasi zen Jon Ander Gorospe (Itsasondo, 1966) errugbian. Jokalari eta entrenatzaile ibili izan da, baina azken urteetan kirola beste ikuspuntu batetik bizitzea tokatu izan zaio; kirol kazetari lanetan dabil ETBn. Itsasondon jaio eta Araman bizi bada ere, ordiziartzat du bere burua, bertan bizi eta hazi baitzen.
Ordiziarra, kirolzalea eta kazetaria. Nola ari zara biziten Ampo Ordiziaren denboraldia?
Oso denboraldi berezia izan da, baina nik azken urteetako ibilbidea aipatuko nuke. Aurtengoak pena eman dit, baina etorriko dira beste aukera batzuk. Aldiz, poza ematen didana, kluba bera nola dagoen ikustea da, oinarri sendoa duelako. Nik barrutik ezagutzeko aukera izan nuen, jokalari eta entrenatzaile ibili nintzen eta. Badira 10 bat urte klubaren barruko lan horiek utzi nituela eta geroztik, bazkide eta zale moduan jarraitu izan dut. Azken urteetan, ETB3n egindako erretransmisioekin eta, beste era batera bizitzea tokatu zait. Nolabait ere kanpotik, nahiz eta behin barrukoa ezagututa, ezinezkoa den erabat kanpotik bizitzea.
Egungo egoera urte askotako lanaren emaitza dela aipatzen da.
Bai, baina ez taldearen jokoari dagokionean bakarrik, baita klub bezala ere. Goranzko bide horretan klubak jakin du jendez inguratzen, lanerako, jokatzeko… eta baita zaleak eta babesleak ere. Gustoa ematen du kluba nola dagoen ikusteak. Tituluak, kopak eta garaipenak etorriko dira. Dena ez da tituluak lortzea. Kluba barrutik ezagutu duenarentzat, taldea oinarri sendoekin ikustea da inportanteena. Hori bera ere garaipen bat da, are gehiago ikusita Ordizia urte askoan nola ibili den. Eta ez naiz kirol arloaz ari. Kluba bera abandonatuta egon da jende eta erakunde askoren partetik. Urte horietan guztietan irautea bera ere meritu handia izan da.
Titulua jokoan egon ala ez, martxoaren 5ekoa egun berezia izango da Ordizian, ezta?
Dudarik gabe. Festa antolatu zutenek amets egingo zuten tituluarekin, baina hala ere, urte on bat ospatzeko ekitaldia izango da, eta bigarren eginda ere festa ez da txikiagoa izango. Kontuan izan behar da talde batek denboraldi hasieran helburu bat izaten duela. Nik uste Ordiziarena, aurreko urteetako sufrimendurik ez izatea eta taldea sendotzen joatea izango zela. Gero, denboraldia aurrera zihoan heinean, titulua lortzeko aukera zegoela ikusi eta horretan saiatu dira. Baina gero izaten dira beste helburu batzuk eta aurten Ordiziak lortu duena, etxean nagusi izatea da. Buruz ari naiz, baina kopako partida bat kenduta, ez dute neurketa bakar bat galdu etxean, eta horrek berak ere indarra ematen dio taldeari.
Errugbiko denboraldi bikainari, beste kirol batzuetako lorpenak gehitu behar zaizkio. Axio Arañarekin batera, gaurko antolatu duten mahai-inguruan izango da Pedro Garcia ere.
Emaneurre peñakoak etorri zitzaizkidan, ea mahai-inguru horretan gai jartzaile lana egingo ote nukeen galdezka. Ni berez ez naiz oso hiztuna, baina ikusita mahaian zein jende egongo den, animatu egin nintzen. Axio eta Pedro biak ditut ezagunak eta oso gertukoak. Axiorekin urte askoan aritu naiz, eta Pedroren azken urteetako ibilbidea ere jarraitu dut, eta asko poztu nintzen azken igoera lortu zuenean.
Jose Luis Korta ere etortzekoa da.
Bai. Ez dut pertsonalki ezagutzen, gainontzeko gehienek bezala, telebistatik-eta ezagutzen dut. Nahiz eta gure medioan asko ateratzen den, behin ere ez zait berarekin egotea tokatu. Bakoitza berean baina denak ere karakter handiko pertsonak dira eta izango dute zer kontatua. Gaia bera ere, kirolaren motibazioa izango da eta une honetan, interesgarria izango da alde psikologiko hori ere aztertzea.
Errugbia eta mendizaletasuna aipatu ditugu, baina Ordizia kirol aldetik mugimendu handiko herria izan da beti.
Bai baina gauza asko, instalakuntzen baitan etortzen dira. Nik beti Ordizian jokatu izan dut eta gogoan dut gaztetatik, Beasain eta Ordiziaren artean beti egoten zela halako pike bat, Ordiziako talde erdia beasaindarrak zirelako. Eta gaur ere, Ordizia izena edukiagatik, nik Goierriko talde bezala ikusten dut. Klubean ere ikuspegi hori badagoela esango nuke; badaude zaldibiarrak, zegamarrak… Goierrin hedatzen ari da eta ez dakit izena aldatzeak zentzu handirik duen, baina izaera aldetik Goierri mailako taldea izan behar luke. Klubaren aldetik ere jarrera irekia ikusten dut zentzu horretan. Eta ez errugbian bakarrik. Ordizia kirol aldetik oso aberatsa da, ikusi besterik ez dago zenbat talde eta zenbat kirolari atera den. Baina lehen esan bezala, fenomeno hori Goierrirekin gehiago lotuko nuke Ordiziarekin berarekin baino. Azken finean hemen daude atletismo pistak eta gainontzeko instalazio bat, eta Goierri mailan biltzeko tokia izan da hau.
Kirol ezberdinak aipatu ditugu eta zuek ere, askotan ahaztuta gelditzen diren kirolei tokia egiten saiatzen zarete ‘Zu kirolari’ saioan.
Bai, hala eskatu ziguten. Aurten zuzendaritza berria izan dugu, baita kiroletan ere eta zenbait gauza aldatu nahi izan dituzte. Futbola, pilota eta saskibaloiaz gain, beste kirol pila bat gelditzen zen eta enkargu horixe eman ziguten guri. Berez, saioa astelehen gauetan ematen dute, baina gero astean zehar ere errepikatu egiten dute kate ezberdinetan. Horregatik, gaiak lantzerakoan ere kontuan izaten dugu hori eta erreportajeak-eta, nahiko atenporalak egiten saiatzen gara. Eta zorionez, ez dago gai faltarik. Euskal Herria kirol aldetik hain aberatsa izanda, gure kezka askotan hori izaten da, denei tokia ezin egina, denbora eta baliabide handirik ez dugulako. Egia esan futbolaren orbita horretatik kanpo dabilen kirolari asko dago. Eta horretan ari gara.
Beraz, ez da asteburuko kirolaren laburpen soila.
Ez, gainera, gure saioa ematen dutenerako, normalean jendeak badakizki emaitzak. Gehiago da zer kontatzen dugun eta nola. Talde eta aurrekontu xumea dugu, baina astean zehar saiatzen gara hemengo gai baten edo kirolarien inguruan erreportajeren bat egiten. Ordizian bertan, Joanesen [Aierbe] gaiarekin erreportaje bat egin genuen, eta bere harrera izan du interneten-eta. Azken finean ez duzu audientzia bakarrik begiratzen, merezi duten istorioak ez daitezela hor geratu, jendeak ezagutu gabe. Gainontzean, lortzen ditugun irudietatik bizi gara. Telebistan irudirik ez badago ezin da istorio bat kontatu; mendizaleekin gertatu izan zaigu hori askotan.
Futbolaren orbita eta audientzia aipatu dituzu. Futbolak ez al ditu beste kirol horiek guztiak jaten?
Egia da, bai. Baina nik, kirolari bezala, une honetan futbola kirola baino beste zerbait gehiago dela esango nuke. Ez da normala Anoeta batean jokatzen duten bakoitzean hogei mila lagunetik gora biltzea. Futbola eta kirola baino gehiago da hori. Gure saio xume horretan, futbola baino gehiago, kirola edo kirolariak tratatzen ditugu.