Hirurehun lagunetik gora Ordiziako Gaztetxearen ‘lipdub’-ean
Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurreneko ekimenen barruan, ‘lipdub’ edo bideo musikal bat grabatu dute gaur eguerdian, herriko kaleetan. Gaztetxetik egindako deiari erantzunez, jendetza bildu da, eta hirurehundik gora ordiziarrek parte hart...
Ordiziako Gaztetxearen 25. urteurreneko ekimenen barruan, ‘lipdub’ edo bideo musikal bat grabatu dute gaur eguerdian, herriko kaleetan. Gaztetxetik egindako deiari erantzunez, jendetza bildu da, eta hirurehundik gora ordiziarrek parte hartu dute grabazioan. Aurrez, Ordiziako hainbat talde eta elkartetako kideekin harremanetan jarriak ziren Gazte Asanbladakoak, eta ondo erantzun dute denek.
Grabazioa goizeko 11:30ean hastekoak baziren ere, eguerdira arte luzatu da hasteko ordua, azken orduko prestaketak tarteko. Izan ere, grabazioa bapatean egiten da ‘lipdub’-etan, baina aurrez antolaketa lan handia eskatzen du. 12:05ean, aurreneko euri tantekin batera hasi dute azkenean grabazioa. Barrena jauregitik abiatu dira, Izar Gorri gaztetxeko panpina buru zela. Besteak beste, Burrunbazale txarangak, 25. urteurreneko kanta egin duen Laket taldeak, Jakintza eta Urdaneta dantza taldeek, Ordiziako buruhandi eta erraldoiek, Oiangu Bizirik plataformak, errugbi taldeko jokalariek, pilotariek, AEK-k, Etxeratek edota Ordiziako Errondailak parte hartu dute. Grabazioa, Gaztetxeko balkoitik bukatu dute, atarian jendetza zegoela eta festa giroan.