Ordiziako ezker abertzaleak herri programa udalera eramateko konpromisoa agertu du
Ordiziako ezker abertzaleak 2011ko udal hauteskundeetarako herri programa aurkeztu du gaur, Barrena jauregian.Batetik, herri programa osatzeko herritarrekin eta herriko taldeekin bilerak eta inkesta bat egingo dituztela jakinarazi dute. Bestetik, azken lau urteotako udalaren kudeaketaren inguruko “balorazio negatiboa” egin dute, euren ustez, “demokrazia eta parte hartze eza” izan baitira udal taldearen ezaugarri nagusiak. Datozen hauteskundeei begira ordea, udalean egoteko “ahalegin guztiak” egingo dituztela iragarri dute, “Ordiziak alkate ezkerreko eta abertzalea izan dezan”. Jone Etxeberriak azaldu duenez, “hemen bildu garen ordiziarrok ezkertiar eta abertzaletzat dugu geure burua. Sektore oso zabala eta nagusienetakoa osatzen dugu Ordizian”. Euskal Herrian bezala, Ordizian ere “aro politiko berriari bultzada” eman nahi diote eta horretarako, “gure helburuen artean dugu maiatzeko Hauteskundeetan eta hurrengo lau urteetan udalean izatea”. Izan ere, Ordizian “herritar eta talde askok eta askok pentsatzen dute beharrezkoa dela Udalean ere aldaketa sakonak” ematea. Segidan, Julen Agirrek hartu zuen hitza, udalaren azken lau urteotako kudeaketaren balantzea egiteko. Zentzu horretan, “oso kritiko” agertu dira eta legegintzaldiaren gaineko “balorazio negatiboa” egin dute. Hiru arrazoi nagusi azaldu ditu Agirrek horretarako. Batetik, “bestelako itxura ematen saiatu diren arren, demokrazia eta parte hartze eza izan da Udal kudeaketaren bereizgarri nagusienetakoa”. Hala, azken udal hauteskundeetan boto gehien jaso zuen alderdia (EAE-ANV, 1.100 botorekin), [...]
Ordiziako ezker abertzaleak 2011ko udal hauteskundeetarako herri programa aurkeztu du gaur, Barrena jauregian.Batetik, herri programa osatzeko herritarrekin eta herriko taldeekin bilerak eta inkesta bat egingo dituztela jakinarazi dute. Bestetik, azken lau urteotako udalaren kudeaketaren inguruko “balorazio negatiboa” egin dute, euren ustez, “demokrazia eta parte hartze eza” izan baitira udal taldearen ezaugarri nagusiak. Datozen hauteskundeei begira ordea, udalean egoteko “ahalegin guztiak” egingo dituztela iragarri dute, “Ordiziak alkate ezkerreko eta abertzalea izan dezan”.
Jone Etxeberriak azaldu duenez, “hemen bildu garen ordiziarrok ezkertiar eta abertzaletzat dugu geure burua. Sektore oso zabala eta nagusienetakoa osatzen dugu Ordizian”. Euskal Herrian bezala, Ordizian ere “aro politiko berriari bultzada” eman nahi diote eta horretarako, “gure helburuen artean dugu maiatzeko Hauteskundeetan eta hurrengo lau urteetan udalean izatea”. Izan ere, Ordizian “herritar eta talde askok eta askok pentsatzen dute beharrezkoa dela Udalean ere aldaketa sakonak” ematea.
Segidan, Julen Agirrek hartu zuen hitza, udalaren azken lau urteotako kudeaketaren balantzea egiteko. Zentzu horretan, “oso kritiko” agertu dira eta legegintzaldiaren gaineko “balorazio negatiboa” egin dute. Hiru arrazoi nagusi azaldu ditu Agirrek horretarako. Batetik, “bestelako itxura ematen saiatu diren arren, demokrazia eta parte hartze eza izan da Udal kudeaketaren bereizgarri nagusienetakoa”. Hala, azken udal hauteskundeetan boto gehien jaso zuen alderdia (EAE-ANV, 1.100 botorekin), ordezkaritza politikorik gabe izan dela gogorarazi zuen, alderdien legea dela medio. “Gainera, beste alderdiak horretaz baliatu dira ez dagokien gehiengoaz jabetzeko”.
Horrez gain ordea, “Udalaren funtzionamendua ez da izan batere demokratikoa eta ez du benetan aintzakotzat hartu herritarren parte hartzea”. Agirreren hitzetan, “batzordeak desagertu” egin dira eta “erabaki garrantzitsuak Gobernu Batzordean” hartzen dira, “oposizioaren kontrolik gabe eta kontrol sozialik gabe”. Ezker abertzalearen ustez, EAJk eta PSE-EEk, “hori guztia ezkutatzeko propaganda estrategia zabala” jarri dute martxan. Hala, “udalaren gardentasun eza” salatu eta hori konpontzeko “udalaren funtzionamendua demokratizatu” egin behar dela azaldu du Agirrek, eta horrek, “kudeaketa ereduan aldaketa sakonak” eskatzen dituela.
Azkenik, “udalaren efizientzia eza” ere aipatu dute gaurko ekitaldian. “Efikazia egiteko ahalmena bada, efizientzia da egiterakoan erabili diren baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzeko ahalmena. Eta horretan Udalak oso nota eskasa ateratzen du”. Hainbat adibide aipatu ditu salaketa hori arrazoitzeko, hala nola, Oianguko proiektua, San Joango garapena, Skate parkea edota kirol instalazioek eskatzen dituzten mantenu gastuak. Aurrekontuak ere “zorroztasunik gabe” egin dituztela dio Agirrek.
Azkenik, Agirrek salatu duenez, “udalak ez du herriaren ikuspegi estrategiko eta osorik”. Alkateak, bere kudeaketan, “pertsonalismoa, inposizioa eta talde lanean jarduteko ezintasuna” erakutsi dituela dio eta ez dela egon “behar bezalako talde lanik, ez arloetako zinegotzi eta teknikarien artean, ezta horien eta herritarren artean ere”. Lehentasunezko hainbat arlotan ez direla “behar bezalako politikak bultzatu” ere esan du Agirrek, batez ere, politika sozialei eta euskara eta kulturaren arloari erreferentzia eginez.
Aurrera begira, pauso gehiago
Agerraldia bukatzeko, behin diagnosia osatuta, datozen asteetan herritarrekin eta herriko taldeekin konpartitzeko asmoa dutela iragarri du Jone Etxeberriak. “Zure ahotsa, gure hitza, ez da lelo hutsa. Herritarren iritziak jasoko ditugu Herri Programan, eta programa horrekin Udalera joango gara”. Bide horretan, “Herri Programa hori udalera eramango duen herritar taldea osatzea” izango da hurrengo lana, eta behin udalean egonda, “udala demokratizatzea eta herritarren benetako parte hartzea bermatzea”. Horretarako, “ahalegin guztiak” egingo dituzte Ordiziak “alkate ezkerreko eta abertzalea izan dezan. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez, esaten dugu Ordizian badugula nahikoa behar, ilusio eta indar aldaketa hori gauzatzeko”.