Stock Azoka gaur, Ederrena pilotalekuan
Ederrena pilotalekua jendez bete da gaur goizean, Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak antolatu duen Stock azoka dela eta. Hogei bat dendek, euren produktuak merkealdietako prezioekin jarri dituzte salgai, frontoian antolatutako postuetan. Dendarik gehienak bi herri horietakoak badira ere, izan da Ordiziatik, Legazpitik eta Eibartik etorritako dendaririk ere.
Aitziber Santa Kruz, Urola Garaiko merkataritza dinamizatzeko bulegoko teknikariak egunotan azaldu duenez, “bezeroak eta dendariak elkarrengandik gertuago egotea” da azokaren helburua. Eta bide batez, “dendariei pasatako denboraldietan saldu ez dituzten eta biltegian dituzten produktuak ateratzeko” aukera ematen diete. Bezeroek berriz, “produktu horiek prezio baxuagoetan” eros ditzakete.
Gaur arratsaldean (17:00etatik 21:00etara) eta bihar goizez (11:00-14:30) eta arratsaldez (17:00-20:00) ere izango da azoka bisitatzeko aukera. Sarrera doakoa da eta umeentzako gune berezi bat ere prestatu dute, helduek erosketak egiten dituzten bitartean umeak jolasean eta tailerretan aritzeko.