Ander Vilariñok Gabirian bitik bi
Nagusitasun erabatekoarekin Ander Vilariño gidari donostiarrak irabazi zuen atzo Gabiriako XIII. Rallysprinta, Irune Zubiaurre gidari-ondokoa lagun eta Subaru WRC ahaltsuarekin hutsik egin gabe. Lasterketako hiru erlojupekoetan haiek izan ziren onenak, 4:28.30, 4:27.60 eta 4:28.30 denborekin. Pasaera bakoitzean prezisio osoz doitu zituen denborak Vilariño-Zubiaurre taldeak. Bide-zatiko denbora errekorra hobetu zuten hiruretan, Santi Artetxek 2003an jarri zuen 4:38koa hautsiz.
Sailkapen orokor osoa ikusteko, klikatu hemen.
Lehen zatia bukatu orduko erakutsi zuen Vilariñok Gabiriako bigarren parte-hartzean ere irabaztera etorria zela. 11 segundo atera zizkion aurreneko tramoan Xabier Lujuari, ia 18 gehiago bigarrenean. Azkenean, sailkapen orokorrean ia minutuko aldea ateratzea lortu zuen Vilariñok Labakarekiko. Lujuak ez zuen amaitu.
Denborek iragartzen duten nagusitasuna ez zuen horren erraza ikusiAnder Vilariñok probaren bukaeran. “Oso zaila izan da, batez ere errepidea azkenerako oso zikina eta konplikatua jarri delako”. Bidea asko zikindu zen bigarren pasaerarako, ertzetik harrotutako harri-kozkorrekin eta lokatzarekin. Hutsik ez zuen egin, pasaera bakoitzeko denborek erakusten duten bezala. Zikintasuna ere ez zen eragozpen izan aurreneko zatiko kronometro berbera errepikatzeko.
Euri-lanbroa geratu gabe egin zuen eguerditik proba bukatu ondorenera arte. Hala ere, milaka ikuslek jarraitu zuten 6,65 kilometroko zirkuituan barrena XIII. rallysprintaren garapena. Euskal Herriko automobilismo denboraldiko lehen proba zen.
Joxe Labaka-Aitor Otaegi azpeitiarrak izan ziren eguneko beste protagonista. Bigarren egin zuten orokorrean, azken zati bikaina osatuta. Urtero aurrean ibili ohi da Labaka, eta aurten podiumera igotzea lortu du. Pozik zen bukaeran, “sinistu ezinik oraindik”. Hirugarren Joseba Zapirain-Estibaliz Armendariz sailkatu ziren, 1:08 minutura.
Partaidetza aldetik inoizko kopuru handiena zegoen izena emanda, 75 talde. Lasterketa 68k hasi zuten. Lasterketa osoa 56 taldek bukatu zuten (sailkapen ofizialean sartzeko eskubidea 51k zuten). Lehen erlojupekoan podiumerako faborito ziren Mikel Urkiola eta Samuel Benitez kanpora geratu ziren. Eta Lujuak azken zatia ezin izan zuen hasi, nahiz sailkapen orokorrean bigarren zegoen.
Goierritarren artetik aipagarria izan zen oso eguneko lana. Igor Izagirre-Raquel Cacho urretxuarrak (Saxo VTS) 7. sailkatu ziren, Iñaki Sarasola-Aritz Usabiaga ordiziarrak (Clio Sport) 10., Iñigo Izuzkitza-Jon Agirre mutiloarrak (Saxo VTS) 11., Ibon Arregi-Borja Gereñu beasaindar-segurarrak (gasdun Saxo VTSa), Egoitz Mujika-Xiker Aiertza zumarragar-urretxuarrak (UGLE lanbide eskolan prestatutako Peugeot 309 GTIarekin) 18., Jon Etxeberria-Maitane Andueza legazpiarrak (Clio Sport) 19, lehen hogeien artean sartutakoak aipatzearren.
Ikuskizun aldetik entretenigarria izan zen proba. Gidariek, iaz ez bezala, ez zuten zalantzarik egin beharrik izan gurpil motak aukeratzeko. Euriak agindu zuen hori. Zeharkatze eta tronpo ugari ikusi ahal izan zen, batik bat ikuskizun bikaina eskaini zuten BMW autoen partetik. Txus Jaio, Jokin Aiertza edo Ramon Irigoien horren lekuko.
Iñaki Alberdi-Jorge del Cid azpeitiarrak ere (Ford Escort MK-II) gozatzera irten ziren, eta ikusleria gozarazi zuten. Bitxikeria modura, azkeneko zatia atzeraka bukatu zuten; helmugatik 150 bat metrora tronpoa egin, eta buelta eman beharrean atzeranzko martxan joan ziren marraraino.
Ibon Arregik gasdun kotxea erabili zuen, lasterketa ofizial batean aurreneko aldia.
Istripu larririk ez zen gertatu, eta lasterketaren joana geldiune handirik gabe burutu ahal izan zen. 15:00etan hasi zen lasterketa, eta 19:00ak pasatxoan, ilunpean, bukatu.
Sailkapena:
- Ander Vilariño-Irune Zubiaurre (Subaru WRC). 13:24.200
- Joxe Labaka-Aitor Otaegi (Mitsubishi Lancer Evo V). 14:22.500
- Joseba Zapirain-Estibaliz Armendariz (Peugeot 206 WRC). 14:33.100
- Angela Vilariño-Ainhoa Sarasua (Subaru Impreza GT). 14:33.300
- Aingeru Castro-Angel Castro (BMW M3). 14:40.300
- Iban Tarsicio-Iñigo Peña (Ford Escort Cosworth). 14:40.900
- Igor Izagirre-Raquel Cacho (Citroen Saxo VTS). 14:54.800
- Roldan Holke-Alain Martinez (Seat Leon Cupra). 14:55.700
- (sailkapenik gabe) Txus Jaio-Jesus Urkidi (BMW 325i). 14:56.500
- (sailkapenik gabe) Mikel Saez-Yago Fuentes (Peugeot 205 Rallye). 14:57.500
- Mike