‘Potato’ nagusi Martxoan Bertsoko lehen kanporaketa «azkar eta bizian»
Pasa den ostiralean hasi zuten Legazpin Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoia. Potato taldea izan zen lehen kanporaketan nagusi eta ohiko moduan, jendetza bildu zen Legazpiko Arranoan.
Urte batuk badira Martxoan Bertsoa txapelketa Urretxutik eta Zumarragatik inguruko herrietara zabaldu zela. Legazpi hauetako herri bat da. Pasa den ostiralean hiru talde aritu ziren bertan kantuan, bi legazpiarrez osatuta eta hirugarrenean arabarrak ere lagun. Azken honek, Potato taldeak (Otamendi, Rikardo, Serapio) lortu zituen puntu gehien, 174; Etamok-ek (Asier Iriondo, Julenargi, Iñurri) egin zuen bigarren, 173 punturekin; eta OK taldeak (Eneko iriondo, Azpe, Sotil) hirugarren amaitu zuen, 163.5 punturekin. Nekane Gonzalezek jarri zituen gaiak eta Nerea Elustondo eta Nagore Maiza aritu ziren epaile gisa.
Urretxuko eta Zumarragako bertso eskolak antolatzen du txapelketa. Euren webean (zubertsotan.net) jaso dutenez, Legazpiko saioa «azkarra» eta «bizia» izan zen. Atzerapenarekin hasi zen, baina behin hasita, bizkor joan ziren gaiak, «eta konturatu orduko amaitu ziren bertso puntuagarriak». Antolatzaileen esanetan, «denek utzi zuten gogoratzeko moduko aleren bat».
Umorea eta maila ona
Agurrak, beti bezala, umoretsuak izan ziren. Potatokoek doinu arabiarrak aukeratu zituzten, OK taldekoek Tengo un tractor amarillo kanta ezaguna eta Etamokekoek azkenik, Shakiraren Waka-Waka abestia. «Barre algararik ez zen falta izan».
Behin lan serioetan, bertsolariek maila «ona» eman zuten ariketa guztietan, «horrelakoetan ohikoak diren gorabeherekin».
Arabarrak euren herrialdeko txapelketa jokatzen ari dira asteotan, «eta sasoiko daudela erakutsi zuten lehenengo bertsotik». Legazpiko bi taldeek ere maila «oso ona» eman zuten. Antolatzaileek bederatzi bertsolariek kantatzen hasteko hartu zuten «denbora tarte eskasa» nabarmendu dute. Hurrengo kanporaketa martxoaren 4an izango da, Urretxuko Motx tabernan, 23:00etan. Oraindik ere guztiz zehazteko dago nork kantatuko duen hemen.