Gabiriarrek irabazi dute Martxoan Bertsoako bigarren kanporaketa
(Bideo guztiak ikusteko)
Zubertsotan.net • Martxoan Bertsoa txapelketako bigarren jardunaldiaren atzetik, Potato taldeak jarraitzen du sailkapen buru. Gabiriar gazteen Potto eta bere koadrila taldeak irabazi zuen pasa den asteburuko kanporaketa baina lortu zituen 172.7 puntuak ez ziren nahikoa izan arabarrak atzean uzteko.
Urretxuko Motx tabernan ospatu zuten bigarren kanporaketa. Potto eta bere koadrila (Aratz eta Endika Igartzabal, Mikel Asurabarrena), Trikitilariak (Eugenio Gisasola, Iñaki Larrañaga, Aitor Zabaleta) eta Beteranoak (Juanjo Aranburu, Joseba Segurola, Gorka Azkarate) taldeak igo ziren oholtzara eta ohiko moduan, taberna txiki gelditu zen hainbeste ikuslerentzat.
Inauterietako asteburua izaki, mozorroturik agertu ziren nola partehartzaileak, hala gai jartzailea. Agurrak umoretsuak izan ziren. Beteranoek Tengo una vaca lechera kantari heldu zioten, harakinez eta behiez jantzita; trikitilariek andaluziar piurak hartu eta ohiko trikiti pieza eskaintzeaz gain, bestelako koplak ere kantatu zituzten, pasodoble doinu ezagun batean. Gabiriarrak azkenik, Madalenetara doazen neskazaharrez jantzi ziren, agurra porrusalda doinuan kantatzeko. Zumarragako eta Urretxuko bertso eskolaren zubertsotan.net webgunean diotenez, azken hau izan zen «publikoaren talderik gustukoena».
Webgune berean diotenez, behin lan puntuagarriei ekinda, bertso «onak» joan ziren saio osoan zehar. Hiru taldeak «ondo» aritu ziren bertsotan, orohar. Bereziki nabarmentzen dute publikoaren bertsolari gustukoena izan zen Aitor Zabaleta zumarragarra. «Bertso oso ederrak kantatu zituen, oso modu seguruan». Irabazi zuen Gabiriako taldetik aldiz, «hiru bertsolariek egin zuten nabarmentzeko saioa. Maila handiko bertsolarien kabi da Gabiria, gogoz entrenatu dute, eta aurten zeresana emango dute Martxoan Bertsoako txapelketan» idatzi dute. Azkenik, beteranoek ere «ez zuten lan txarra egin». kanporaketan «ale ederrak entzun ziren eta saioa bizia izan zen».
Hala, bertso txapelketa herrikoiak asteburu honetan jarraituko du. Atzoko saioaren ostean oraindik ere hiru kanporaketa falta dira eta aste honetan bi egingo dituzte. Ostiralean Aldiri tabernan egingo dute lehena, 23:00etan, eta zapatu arratsaldean aldiz, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-museoan bigarrena. Igartubeitira joateko autobus zerbitzua izango da saioa hasi baino orduerdi lehenago eta atzetik, mokadu goxoa banatuko dute, bertako kupeletatik sagardoa edateko aukera irekitzearekin batera. Guztia trikitilariek giroturik. 19:00etan hasiko dute saio hau. Bukatzeko, Fox tabernan ospatuko da azken kanporaketa, martxoaren 18an. Sailkapen orokorrean lehen hiru postuetan amaitzen duten taldeek gaztetxeko finalean kantatuko dute, martxoaren 25ean.
Hau guztiari lotuta, martxoaren 19an gorputz espresioa, mugimendua eta antzerkia lantzeko tailerra egingo dute Zelai Arizti kultur etxean. Egun berean bertso afari musikatua egingo da Florida tabernan. Martxoaren 28an bertso antzerkia egingo dute Labeaga aretoan eta apirilaren 2an azkenik, bertso musikatuak eskainiko dituzte gaztetxean.













