Hunkituta jaso zuten Xera saria atzo Orbegozoko ”matxerek”
Atzo eguerdian Urretxuko udaletxean
egin zen ekitaldiarekin hasiera eman zitzaion, martxoaren 8aren
bueltan egingo diren ekintzei.
Urola Garaian, XX. mendearen bigarren erdian, produkzio arloan metala lantzen zuten lantegiek zuten nagusitasuna. Lantegi hauetan emakumeen presentzia oso eskasa zen, eta zeudenak, “emakumeei zegozkien” lanetan ziharduten. Baina bazeuden beste industria arlo batzuk, non emakumeek berebiziko garrantzia izan zuten. Beste horien artean, Orbegozon lan egindako emakumeak aurkitzen ditugu. Emakume hauek lan egiten zuten sekzioari “matxerak” deitzen zitzaien. “Matxeretan” moldeak egiten zituzten hondar itxura zuen material batekin. Ondoren, molde hauek egosi egiten ziren eta fundizioan erabiltzen ziren.
Emakume hauek lan baldintza gogorretan egiten zuten lan. Gainera, emakume izateagatik soilik gizonezkoek baino gutxiago kobratzen zuten, eta zenbaitetan hauen isekak ere jasan behar izaten zituzten. 1975ean, matxeren sekzioa Agurainera (Araba) eraman zuten. Zumarraga eta Urretxuko emakume langile hauek kalean geratu ziren, inolako indemnizaziorik jaso gabe. Dena den, ezin ditugu ahaztu bere garaian garrantzi handia izan zuten gure bailarako beste hainbat lantegitako emakumeak, hala nola, peineterak, mimbrerak, botonerak,…
Emakume hauek egindako lana eskertzeko asmoz, Urretxuko eta Zumarragako udalek aurtengo Xera saria eman die emakume hauei. Ekitaldia atzo eguerdian izan zen Urretxuko udaletxean, eta emakumeek hunkituta jaso zuten euren saria. Esker oneko hitzak izan zituzten, eta beste zenbait gauzaren arten, lan baldintza gogorren gainetik, euren artean zuten lan giro bikaina nabarmendu zuten.