Txapeldunen pare bukatu du liga Ampo Ordiziak
Ampo Ordiziak bikain borobildu utzi zuen atzo denboraldia. Ligaren irabazle La Vila taldea hankapean hartu zuen Altamiran (44-10), eta puntu eskas batera geratu da sailkapenean, Espainiako Ohorezko Maila sekula egin duen denboraldi onena eginez. Zelaian festa handia izan zen, baita ondorenean ere. Taldearen zaleek bazkari erraldoi bat prestatu zuten (mila lagunetik elkartu ziren), eta jokalariei harrera eta omenaldi txiki bat ere egin zieten. Hortik aurrerakoa Ordiziako kale eta tabernatan ospatu zuten. Ordizia 0 eta 10 galtzen hasi zen, baina Simpsonen eta Mungiaren entsegu banak aurretik jarri zioten goierritarrak (12-10). Hala bukatu zen lehen zatia. Bigarren zatia hasi bezain pronto, Fishek lortu zuen entsegua (19-10), Goiak hurrena 65. minutuan (29-10), eta partida erabakita zegoenean zelaian jaun eta jabe zen Ampo Ordizia. Axier Alvarez de Eulatek bi entsegurekin itxi zuen markagailua, zaleen gozamenerako. Partidaren bukaeran ohorezko pasiloa egin zieten Ampo Ordiziako jokalariak La Vilako txapeldunei, eta ondoren, iazko jokalari atzerritar onenaren saria jaso zuen La Vilako Rian Le Rouxek, eta gazte onenarena Julen Goia idiazabaldarrarentzat izan zen.












