Hogeita hiru tonako edukiontzia bidaliko dute bihar Beninera
Urtebete igaro da azken edukiontzia Beninera (Afrika) bidali zutenetik. Orduan ere 23 tona material besterik ezin izan zituzten bidali, eta orain ere hala izango da. «Ez bidaltzeko gehiago ez dugulako, bidaltzen uzten ez digutelako baizik», diote Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeko eta Donostiako Elizbarrutiko Misio Ordezkaritzako kideek. Bihar bidaliko dute Beninera Gipuzkoa osan bildutako materialarekin betetako edukiontzia. Hilabeteak daramatzate han eta hemen, Gipuzkoa osoan zehar, materiala biltzen. Biltegietan gorde dute jasotako guztia eta edukiontzian zer sartu eta zer ez erabakitzen aritu dira. Produktuen izenekin osatutako zerrenda luze bat dute eskuartean bi erakundeetako ordezkariek: arropa, teilatuak egiteko zink zakuak, lurra lantzeko makinak, botikak, elikagaiak, margo poteak, ilar haziak, garbiketa produktuak, jostailuak, eskola materiala… Boluntarioek emandako produktuak dira guztiak. «Azken urteetan sortutako lankidetza harremanaren emaitza dira gauza horiek guztiak. Jendeak badaki zer egiten dugun eta erabili daitezkeen gauzak zaborretara bota ordez, guri ematea erabakitzen dute», azaldu du Leire Atxegak, Misio Ordezkaritzakoak. Hiru kasu nabarmendu dituzte, baina gehiago ere badaude. Lazkaoko San Benito ikastolakoa da bat: «Ikasgeletako arbelak aldatu egin behar zituztela eta deitu ziguten, ea nahi genituen. Ahalik eta azkarren furgoneta hartu eta han geunden arbelak jasotzeko». Montte enpresarekin ere antzekoa gertatu zaie. Bulegoetako mahaiak aldatu egin dituzte eta gehiago erabili [...]
Urtebete igaro da azken edukiontzia Beninera (Afrika) bidali zutenetik. Orduan ere 23 tona material besterik ezin izan zituzten bidali, eta orain ere hala izango da. «Ez bidaltzeko gehiago ez dugulako, bidaltzen uzten ez digutelako baizik», diote Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeko eta Donostiako Elizbarrutiko Misio Ordezkaritzako kideek. Bihar bidaliko dute Beninera Gipuzkoa osan bildutako materialarekin betetako edukiontzia.
Hilabeteak daramatzate han eta hemen, Gipuzkoa osoan zehar, materiala biltzen. Biltegietan gorde dute jasotako guztia eta edukiontzian zer sartu eta zer ez erabakitzen aritu dira. Produktuen izenekin osatutako zerrenda luze bat dute eskuartean bi erakundeetako ordezkariek: arropa, teilatuak egiteko zink zakuak, lurra lantzeko makinak, botikak, elikagaiak, margo poteak, ilar haziak, garbiketa produktuak, jostailuak, eskola materiala…
Boluntarioek emandako produktuak dira guztiak. «Azken urteetan sortutako lankidetza harremanaren emaitza dira gauza horiek guztiak. Jendeak badaki zer egiten dugun eta erabili daitezkeen gauzak zaborretara bota ordez, guri ematea erabakitzen dute», azaldu du Leire Atxegak, Misio Ordezkaritzakoak.
Hiru kasu nabarmendu dituzte, baina gehiago ere badaude. Lazkaoko San Benito ikastolakoa da bat: «Ikasgeletako arbelak aldatu egin behar zituztela eta deitu ziguten, ea nahi genituen. Ahalik eta azkarren furgoneta hartu eta han geunden arbelak jasotzeko». Montte enpresarekin ere antzekoa gertatu zaie. Bulegoetako mahaiak aldatu egin dituzte eta gehiago erabili behar ez dituztenak eman egin dizkiete. Haurrentzako laurogei bizikleta ere modu horretan eskuratu dituzte. «Donostiako Udalak jasota zituen eta Gureak enpresako langileek konpondu egin dituzte Beninera bidaltzeko».
Goierriko hainbat ikastetxetan ekimen bereziak ere egin dituzte. Beasaingo La Salle ikastetxean janari bilketa egin zuten eta Alkartasuna Lizeoak antolatutako merkatu txikian lortutako diruarekin eguzki lanparak erosi dituzte Herriak Elkarlanean erakundeko kideek. «Eskolara joan ezin duten haurrek etxean ikasi dezakete gauez, eguzkitan betetzen diren lanparen bateriek hiru orduko autonomia baitute».
Lau mila euroko kostua
Edukiontziak bihar hasiko du Afrikarako bidaia, baina hilabete inguru igaroko da iristerako. Itsasontziz helduko da Beninera, Cotonuko portura, eta handik Natitingu hirira bidali beharko dute. Bi aste eta 3000 euro behar dira edukiontzia Cotonura bidaltzeko. «Behin portura heldutakoan burokraziaren erritmoa nagusitzen da: paperak, ordain-agiriak, dirua… dira nagusi orduan». Agintariek jarritako langak igarota beste hiru aste igaroko dira materiala Natitingu hirira iristerako. Cotonuko portutik Natitingurako azken zati hori egiteak mila euroko kostua du.
«Material guztia Natitingura iristen denan, elizbarrutiak han duen biltegi handi batean gordetzen da dena eta apaizak arduratzen dira banaketa egiteaz», azaldu du Herman Bagara apaizak. Gehien behar duenari ematen zaio gehien.
Amerikako iparraldean eta Europan apenas baliorik duten materialak Beninen, eta Afrikan orokorrean, benetako altxorrak direla dio Bagarak, eta gipuzkoarrek egiten duten ahalegina eskertu du: «Jasotzen den guztia da erabilgarri; hemen egiten den lanari esker familia asko ateratzen dira han aurrera».
HERMAN BAGARA APAIZARI ELKARRIZKETA
«Zerbait falta denean, katea apurtu egiten da»
Lau urteren ondoren, uda honetan joango da bisitan jaioterrira Herman Bagara. Parakun jaio zen (Benin, Afrika), 1980an, eta filosofia ikasi zuen. Santanderren (Kantabria, Espainia) eta Bilbon teologiako ikasketak egin zituen eta iazko abuztuan apaiz izendatu zuten. Orain, Donostian Gizarte Lana ari da ikasten, eta azken asteetan baita Beninera bidaltzeko materiala antolatzen ere.
Zein dira Beninen dituzten behar nagusiak?
Gabezia garrantzitsuenak elikagaiak, osasuna eta arropak dira. Bizitzeko oinarrizko gauzak dira, horiek gabe ezin baita bizi. Gizakiak osasuntsu bizitzeko jarraitu behar dion katea osatzen dute, eta zerbait falta denean, katea apurtu egiten da.
Egoerak ez al du onera egin azken urteetan?
Nik baietz esango nuke, jendea gehiago jabetzen delako. Hasi dira ikusten hemendik lehengaiak bidalita han lan egin daitekeela, lurrak dituztela eta horiek lantzeko beharrezko gailuekin aurrera egin daitekeela. Kontzientzia hori piztea oso garrantzitsua zen, eta oraindik ere oinarrizko materialekin lan egiten badute ere pauso garrantzitsua eman da.
Nork behar du laguntza gehien?
Beste behin ere emakumeek eta haurrek dute gutxien. Alde horretan ere hasi dira gauzak aldatzen, emakumea kooperatibetan elkartzen hasi delako eta mikro-kredituen laguntzekin aurrera ateratzea lortu duelako. Orain dela urte batzuk, hori ezinezkoa zen, baina Elizak lan handia egin du.
Haurren egoera hobetu al da?
Familia askotan, haurrak eskolatzeko ahalegin handia egiten dute, eta hori ere aurrerapausoa da. Baina lanera ere joan behar izaten dute haurrek, eta bi gauzak ezin dituzte batera egin. Halakoetan, normalean, lana egitea aukeratzen dute gehienek.