Herrien garapen urbanistikoa oztopatzen duela leporatu diote hainbat alkatek Jaurlaritzari
Gipuzkoako hamalau alkatek, tartean Goierriko bost herrietakoek, Eusko Jaurlaritzak egin duen Babes Bereziko Guneen (BBG) banaketa berria salatu dute, herrien garapen urbanistikoa eta industriala oztopatzen dituelako. Gainera, Lakuak herritarrei eta udalei “bizkarra emanda” jokatu duela diote, lur horietako asko, jabetza pribatukoak direlako. Agiria sinatu dutenen artean daude Ataun, Idiazabal, Lazkao, Beasain eta Segurako alkateak.
BBGen banaketa berria ikusita, “harrituta eta kezkatuta” agertu dira hamalau alkate horiek. Proiektua behin-behinean onartuta dago, Europako erakundeen onespenaren zain. Hala, hamalau alkate horien izenean, proiektua gelditzeko eskatu zuen atzo Jon Redondo Orioko alkateak. Bere ustez, “udalen borondatea gutxietxi” egin du Eusko Jaurlaritzak, eta horrela, “udalen autonomiaren kontra” egin du.
Bide horretatik, hamalau alkateek, proiektua gelditzeko eta “elkarlanaren eta erakundeen arteko akordioaren bidea” hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari, denen artean plangintza “errealista” bat egin dezaten, “natura modu jasangarri eta eraginkorrean” zaindu ahal izateko.