Trialsin txapelketako proba egingo dute Santa Barbaran
Etzi goizean Gipuzkoako trialsin txapelketako azken aurreko proba ospatuko dute Urretuko Santa Barbarako gainean. Bertan bi herritarrek hartuko dute parte: Beñat Agirre alebinak eta Iker Esnal seniorrak.
10:30ean hasiko dira lasterketak etzi. Hiru maila desberdinetan banatuko dituzte parte hartzaileak: junior-seniorrak (15 urtetik aurrerakoak), infantilak (13-14 urtetakoak) eta alebinak (11-12 urtetakoak). Adin hauetatik beherakoak ere lasteretan aritu ahalko dira, nahiz eta hauen kasuan, ez dagoen ez sailkapenik eta ezta irabazlerik ere.
Txapelketa honen helburua kirol hau herritarrengana gerturatzea ere bada, eta horregatik, bizikletarik ez duenari bat utziko diote. Segurtasun baliabideak ere banatuko dituzte, hala nola, kasko bat edota zango-babesak. Hala, interesa dutenek trialsinean euren lehen saiakera egin dezakete igande honetan Urretxun.
Bost probek osatzen dute trialsin txapelketako zirkuitua eta Urretxukoa laugarrena izango da. Lehenago Hernanin, Pasai-Donibanen eta Aretxabaletan ere egin dituzte lasterketak. Azkena martxoaren 27an Oñatin, Arantzazun ospatuko da. Beste batzuen artean, Benito Ros abarzuzarra, elite mailako egungo munduko txapelduna dena, eta Ion Areitio hondarribiarra, 2010. urtean junior mailako munduko txapeldun izan zena, izango dira etzi Santa Barbaran.