Zumarragako geltoki intermodala inauguratu dute
Zumarragako geltoki intermodala inauguratu dute gaur eguerdian. Geltokiak hartzen dituen azpiegiturei bisita egin diete erakundeetako ordezkari politikoek lehenengo eta behin. Gonbidatuen artean, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio, Etxebizitza eta Herrilanetako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Mikel Cabieces Espainiako gobernuko ordezkaria.
Ordezkarietako batzuk autobusez iritsi dira, Udalak antolatutako zerbitzua tarteko. Beste batzuk zain zeuden geltokian. Guztiak elkartu direnean bisita egin eta ordezkari bakoitzak hitza hartu du. Serranok “Zumarraga gurutzebidea” dela gogoratu du eta garai batean hiru trenbide egon zirela: Nortekoa, Maltzagarako bidea egiten zuen Euskaltrena eta Zumaiaraino zihoan Urola trena. “Trenak herria aldatu zuen eta industrializazioa suspertu”. Ordezkari bakoitzak “kultura aldatu behar” dela esan du, “usadioak eta ohiturak aldatu behar” direla garraio publikoa sustatze aldera. Paradoxikoa bada ere, ordezkari politiko batzuk ekitaldia amaituta, bakoitza bere auto ofizialean atera da geltokitik.
Lur azpiko aparkalekuko garajeak
Mikel Serrano alkateari galdetuta, “dagoeneko saldutako garajeen kopurua ez ” zekiela erantzun zuen aurreko asteazkenean. Izan ere, “Zumarraga Lantzen udal enpresaren kudeaketa da garajeen salmenta”. Gaur, Zumarraga Lantzeneko kudeatzaile Txema Altolagirreri garajeen salmenta nola doan galdetuta, ondokoa erantzun du: “ez dakit”.
Zirkulazio plana martxan
Inaugurazioak utzi duen aldaketarik nabarmenena, herritarrei zuzenean eragingo dien norabideen aldaketa da. Zirkulazio planak ezarritakoari jarraiki, gaur bertan geltokitik Sekundino Esnaola kalerako irteera Urretxurantz norabide bakarrekoa da. Bi errail ditu, baina biak Urretxura doaz. Zumarragara sartzeko aurrerantzean geltokitik sartu beharko da Legazpitik etorrita. Urretxuk ere martxan jarri ditu zirkulazio neurri berriak eta Ipeñarrieta kalea gaurtik, norabide bakarrekoa da, Legazpirako norabidean doana hain zuzen ere.
Gutxitu fisikoen eskaera
Ekitaldira gonbidatutako ordezkariak iritsi direnean, Eiluzeko kide Maite Berasategik gutun bana eman die Cabiecesi eta Olanori. Gutun horretan geltokiaren eraikuntzan irisgarritasunari dagokionez “akats larriak” daudela diote. Berasategiren arabera, “autobusetara iristeko modurik ez dugu”. Serrano alkatea arazo hauen “jakitun” dela esan du Berasategik. Nolanahi ere, alkateak bere diskurtsoan, “Txindokiko plazan irisgarritasunari dagozkion arazoak konpondu” dituztela adierazi du.