Ainhoa Moiua: «Zeinu hizkuntzan halako gauzak egin daitezkeela ikusi da bideokliparekin»
Heziketa Bereziko ikasketak egin ondoren ikasi zuen zeinu hizkuntza Ainhoa Moiuak (Beasain, 1982). Mundu horrek liluratu egin zuela dio eta orain bideoklipak ekarritako famak utzi du liluratuta. Zeinu hizkuntzaren bidez zer egin daitekeen erakutsi nahi izan du beasaindar segurartuak, eta Zea Mays taldeari eta dagoeneko bideoa ikusi duten milaka ikusleri eskerrak ematea besterik ez zaiola geratzen dio orain. Zer sentitzen duzu bideoklipa milaka pertsonek ikusi dutela jakitean? Ez nuen uste halako oihartzunik izango zuenik. Azken egunetan hara eta hona nabil, komunikabide batetik bestera, eta sinistea ere kosta egiten da. Nolatan grabatu duzu bideklipa? Betidanik izan naiz Zea Mays taldearen jarraitzaile eta Bonberenean (Tolosa) kontzertua eman behar zutela jakin nuenean taldearen myspacean sartu eta abestia entzun nuen. Kontzertua eman behar zuten egun bera zen eta musika jarri eta etxean irudi batzuk grabatu nituen, bideoklipean ikusten direnen antzekoak. Gauean taldekideengana gerturatu nintzen eta zeinu hizkuntzako itzultzailea nintzela azaldu nien. Etxean grabatu nituen irudiak oparitu nizkien eta handik hiru egunera deitu zidaten bideoklipa grabatuko nuen galdezka. Nola hartu zenuen gonbidapena? Oso ondo eta oso pozik. Zea Maysekoak beti daude ideia berrietara irekita eta mugarik ez zidaten jarri grabatzerakoan. Sentimendu guztiak atera zitzaizkidan eta bikain geratu da. Lan oso ona egin dute irudiekin. Abestian [...]
Heziketa Bereziko ikasketak egin ondoren ikasi zuen zeinu hizkuntza Ainhoa Moiuak (Beasain, 1982). Mundu horrek liluratu egin zuela dio eta orain bideoklipak ekarritako famak utzi du liluratuta. Zeinu hizkuntzaren bidez zer egin daitekeen erakutsi nahi izan du beasaindar segurartuak, eta Zea Mays taldeari eta dagoeneko bideoa ikusi duten milaka ikusleri eskerrak ematea besterik ez zaiola geratzen dio orain.
Zer sentitzen duzu bideoklipa milaka pertsonek ikusi dutela jakitean?
Ez nuen uste halako oihartzunik izango zuenik. Azken egunetan hara eta hona nabil, komunikabide batetik bestera, eta sinistea ere kosta egiten da.
Nolatan grabatu duzu bideklipa?
Betidanik izan naiz Zea Mays taldearen jarraitzaile eta Bonberenean (Tolosa) kontzertua eman behar zutela jakin nuenean taldearen myspacean sartu eta abestia entzun nuen. Kontzertua eman behar zuten egun bera zen eta musika jarri eta etxean irudi batzuk grabatu nituen, bideoklipean ikusten direnen antzekoak. Gauean taldekideengana gerturatu nintzen eta zeinu hizkuntzako itzultzailea nintzela azaldu nien. Etxean grabatu nituen irudiak oparitu nizkien eta handik hiru egunera deitu zidaten bideoklipa grabatuko nuen galdezka.
Nola hartu zenuen gonbidapena?
Oso ondo eta oso pozik. Zea Maysekoak beti daude ideia berrietara irekita eta mugarik ez zidaten jarri grabatzerakoan. Sentimendu guztiak atera zitzaizkidan eta bikain geratu da. Lan oso ona egin dute irudiekin.
Abestian esaten dena eta esaten ez dena azaldu duzu keinuen bidez. Hori al da zeinu hizkuntzaren oinarria?
Zeinu hizkuntzan itzulpenak ez dira hitzez-hitzekoak. Esaten dena jaso behar da, ulertu eta mezua eman. Orain arte legebiltzarrean bakarrik ikusi dugu zeinu hizkuntza eta bideokliparekin halako gauzak ere egin daitezkeela ikusi da. Musika, erritmoa, sentimenduak, abestiaren esanahia… hartu behar dira kontuan eta guzti hori transmitutu gorputz guztia erabiliz.
Gizarteak ba al daki zeinu hizkuntza beste hizkuntza bat dela?
Beti mimikarekin lotu izan da, baina 1960an esan zen hizkuntza izateko irizpideak betetzen zituela zeinu hizkuntzak.
Eta hizkuntza horren beharra dagoela jakitun al da gizartea?
Pertsona gorrek behar gaituzte euren egunerokotasunean: zerbitzu publikoetan, medikutan, udaletxean, epaitegian… Zeinu hizkuntzaren erabilera ordea, askotan ez da gorra denaren esku geratzen, zerbitzu publikoen esku baizik. Orain dagoen eskaintza baino gehiago beharko litzateke, gorrak diren pertsonek nora joan erabakitzeko eskubidea izan dezaten.
Goierrin ba al dago aukerarik zeinu hizkuntza ikasteko?
Goierrin ez dago aukerarik. Gertuen Tolosan dago aukera, eta bestela hiriburuetan.
Erraza al da ikasteko?
Hizkuntza guztiak bezala, hemen ere norberaren motibazioak markatzen du erritmoa. Zeinu hizkuntza ikasteko gorputz adierazpena ikasi behar da, baina pertsona guztiek ikasi dezakete. Ikastaroak hiru maila ditu eta horiek gaindituta oinarrizko komunikazioko titulua lortzen da.
Zer da ikastea gehien kostatzen dena?
Transmitutu behar den mezua segundo gutxitan osatu behar dela, ondoren entzuten eta transmititzen jarraitzeko. Itzulpena azkar egin behar da, bestela haria galtzen da.
Bideoklipak izan duen arrakasta ikusita, zerbait aldatzeko balioko duela uste duzu?
Baliteke hemendik aurrera zeinu hizkuntza gehiago kontuan hartzea, askotan ez garelako ohartzen ondoan zer dugun eta gure egunerokotasunean ez dauden milaka gauza daudela ikustarazteko balio izan du. Horregatik Eskerrak eman behar dizikiet bideoa ikusi dutenei eta Zea Mays taldeko guztiei.